Euskonews Gaztea

231 zbk.

Gaiak

Julene Azpeitia

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Irakasle eta euskaltzale handia izan zen gipuzkoar honek, batez ere umeengan euskararekiko maitasuna sustraitzeko lan gogor egin zuen bere bizitzan zehar.

Julene Azpeitia

Zumaian jaio zen 1888ko urtarrilaren 8an Julene Azpeitia Gómez. Bokaziozkoa zuen irakaskuntza, eta argi eta garbi izan zuen gaztetatik maistra izan gura zuela; hala, aurrena Donostian estudiatu zuen eta Bilbon ondoren. Hemeretzi urterekin hasi zen lanean eta lehendabizikoz Aizarnazabalen jardutea egokitu zitzaion. Garai hartan, gaixo ipini zen apendizitisak jota, eta hilzorian egon zen; bizipen hark utzitako sentsazioaren ondorioz, herri hartan ez jarraitzeko hautaketa egitera eraman zuen Julene gaztea.

Abadiño izan zuen hurrengo geltoki, eta segidan, 1908 eta 1911 urteen artean, Bilbo eta Zumaian aritu zen irakasle moduan.; urte hartan (1911) Valladolideko oposaketetan aurreneko postuan geratu zen. Bilboko ikastoletan hasi zen arlo pedagogikoa lantzen harik eta 1916an ezkondu eta Mexiko aldera abiatu zen arte; lau urtetako egonaldia egin zuen itsasoz bestaldean. Idazteari ekin zion han zegoenean, eta bertako euskaldunek urtean behin kaleratzen zuten aldizkari batetan argitaratu zituen aurreneko lantxoak.

Baina etapa hura amaituta, Euskal Herrira itzuli eta berriro ere gozamena ematen zion irakaskuntzari heldu zion, baina gerra zibila iritsita bere jarduna nahitaez eten behar izan zuen hamaika urtez. Berriro ere hezkuntza arloari atxiki zitzaion Bizkaiko Gorliz herrian zegoen umeentzako ospitalean lanean hasi zenean, eta handik berriz, Burgos aldera bidali zuten sei urtetarako. Orduan, Mexikon gertatu zitzaion moduan, euskaltzale hari herriminak hartu zion bihotza. Halere, 1955ean Markinara lekualdatu eta bertan aritu zen irakasle 1958ra arte, jubilatu zen arte hain zuzen.

Juleneren ardura, haurrengan euskararekiko maitasuna nola sortu izan zen, eta irakaskuntzatik ahalegin du zen egiteko horretan, baina baita idazle alorra landuz ere. Bere lanak zenbait lehiaketatan aurkeztu zituen, eta batzuk irabazi zituen gainera. Bizkaiko Diputazioaren pedagogia lehiaketan Irakurri matte aurkeztu eta irabazi egin zuen, 1925epan; Euli baten edestia lanarekin Kirikiño saria eskuratu zuen 1933an; Osasuna, merketza ta yanaritza–gatik saritu zuten 1935ean; Biarritzeko umeentzako ipuin lehiaketan bigarren izan zen Goizeko izarra kontakizunarekin 1959an eta Auntza Baratzan ipuinarekin lehenengo gertu zen; Amandriaren altzoan ipuin–bilduma kaleratu zuen 1961an.

Baina gainera, bestelako agerkaritan ere ikusi zituen argitaratuta bere idazlanak zumaiarrak, hala nola, Euzkadi, Karmel, Yakintza, Egan zein Zeruko Argian. Ehundik gora izan ziren artikuluak eta Arritokieta ezizena baliatuz sinatu zituen asko. Bestalde, ohikoa izaten zen Azpeitiaren kolaborazioa Loiola Herri Irratian eta baita Arrate Irratian ere.

Berak esana da, Erriak, euzkeraz itz giten duan erri guztiak, euzkeraz irakurten eta idazten jakiñ bar du Euzkera biziko bada. Horren aldeko gogor lan egin zuen eduki zuen bizitza luzean Julene Azpeitiak; 92 urterekin hil zen Bilbon 1980ko otsailaren 5ean.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza