Euskonews Gaztea

231 zbk.

Gaiak

EGA dela eta

Maitane GARAI

Badirudi euskal agintariek plan bat maneiatzen dutela esku artean. Badirudi, 2012 ikasturtetik aurrera, D ereduan ikasi dutenek EGA titulurik ez dutela beharko, lan publikoetan aritu gura badute bederen. Eta badirudi asmo horrek bazterrak nahastu dituela jendartean.

bolaluma  
Argazkia: Eliezer Borges

Badirudi diot, askotarikoak direlako egitasmoaren gainean herritarrok ditugun iritziak; esaerak berak dio, zenbat buru, hainbat aburu.

Intentzio hutsa da oraindik ere, ez baita ezer erabaki 2011 hasi berri den honetan. Halere, gogoeta txiki baterako une bikaina da, eta gaiak proiektuaren zenbait alderdiren gainean jarduteko bidea ematen duenez gero, jarraian zenbait puntu aipatuko ditut.

Lehenik eta behin, iruditzen zait instituzioen aldetik gehien bat, euskara politizatzeari uztea ezinbestekoa dela hizkuntza beraren osasunerako. Gauza kultural moduan hartu behar dugu, euskaldunoi izana ematen digun pieza garrantzitsua baita.

Egia da euskaldun sentitzearen gaineko bertsio ugari daudela gure herrian: batzuk euskaldunak sentitzen dira bakarrik, besteak espainolak edota frantsesak ere badirela gehitzen dute, besteentzako aurrena nafar sentimendua gailentzen da... Baina gehienok dugu gutxieneko euskaldun sentimendua, eta euskara izan beharko litzateke elkartzeko bide, aberasten gaituen hori eta ez aldentzeko motibo.

Bestaldetik, hezkuntza sisteman euskararen kalitatea bermatu behar dugu. Egun, zoritxarrez, D ereduan aritze hutsak ez du esan nahi euskaraz bizitzeko gai garenik. Hala, hezkuntza–metodoa bera aldatu beharko litzatekeela iruditzen zait, segimendu serioagoa burutu eta gure hizkuntzaren kalitatea areagotu.

Gero, EGA beraren gainean ere hainbat iritzi plazaratu dira azken aldian; batzuentzat probaren erraztasuna gehiegizkoa da, eta gainditzeak ez du esan nahi azterketatik irten eta euskaraz bizitzako gai zarenik. Bestalde, badago estatistiketan egunerokoan euskaraz bizi den baina azterketa gainditzen ez duen euskal hiztun zahar kopuru bat. Iruditzen zait akaso EGA berari ere buelta pare bat eman dakiokeela.

Ondorioz, egungo ereduak balio duen ala ez zalantza eduki arren, planteatzen duten hori ere baliagarria izan daitekeen duda pizten zait. Hori bai, iruditzen zait lan handia daukagula aurretik benetako euskal gizartea eratzen joateko.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza