Euskonews Gaztea

231 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik: Tarazonicaren Natur Bidean zehar

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroa hegoalderaino gerturatuko gara gaurko proposamenean, zehatzago esanda, Erriberara, eta natur bide bat eta udalerri bi ezagutzeko aprobetxatuko dugu.

 
Murchanteren ikuspegia. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Murchante eta Cascante izango dira gertutik bisitatuko ditugun lekuak, baina aurrena, Tuteran abiatu eta Zaragozako Tarazona udalerrian amaitzen den Tarazonicaren Natur Bideari buruzko zertzeladak eskainiko ditugu. Historiaz beteriko ibilbidea da, 1885etik 1972ra bi udalerriak lotzen zituen trenaren bidea jarraitzen duena; garraio hura oso motela izateagatik nabarmendu zen, gainera.

Hogeita bi kilometro ditu eta erraza da oinez zein mendiko bizikletaz joan gura duenarentzako, aldapa gutxiko tokia baitugu. Guk, lehenengo 10 kilometroak ibiliko ditugu gaur, Tuteran irten eta Murchanten geratuz, eta Cascanten amaituz txangoa.

Bide lauan aurrera

Murchantera iristeko Erriberako hiriburuan, Tuteran emango diogu hasiera gure txangoari, hain zuzen bertako tren geltokian; aurretik 6 kilometro inguru edukiko ditugu egiteko.

  Argazkia
Cascanteko Erromeroaren Basilika. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Murchanteko historiak datu ugari eskaintzen dizkigu. Esate baterako, erromatar garaiko txanpon batzuk aurkitu zituzten indusketa batzuetan. Erdi Aroan harresiz inguratu zuten udalerria eta garai hartan, denbora luzez, kristautasuna eta islama bizikide izan ziren; XVI. mendera arte iraun zuen egoerak. Tuteraren menpean egon ostean, azkenean udalerriak 1820an banatzeko aukera eduki eta bide propioa egiten hasi zen.

Zer ikusi izango dugu Murchanten. Alde batetik, Jasokundeko Amaren Eliza dago, eta nahiz eta XX. mendekoa izan egungo eraikina, barnealdean XVIII. mendeko erretaula ikusiko dugu. Bestaldetik, Cardete urmaelean askotariko fauna eta floraz disfrutatuko dugu; edota ardoak gustuko duenak, upategi ezberdinak aurkituko ditu, lur hauetan, ardoaren ekoizpenak garrantzia baitauka.

Baina Cascante dugunez helmuga gaurkoan, aurrera egingo dugu bidean, eta lau kilometroko azken txanparekin amaiera emango diogu proposamenari. Antzina, Kaiskat izenez ezaguna zena, ondoren, erromatar udalerri izatera igaro eta Cascantum moduan izendatu zuten. Eta Murchanten bezala, Cascanten ere musulmanen presentzia handia izan zen XV. mende ingurura arte, eta gaur egun ere, ureztatze–hizkuntzan bizirik jarraitzen dute arabiar jatorriko ele ugarik.

Bisitatzeko tokiei dagokienez, XVI. mendeko Garaipenaren Eliza gotiko errenazentista, garai bereko Jasokunderen eliza edota XVII. mende amaierako Erromeroaren Basilika ditugu. Eta horrez gainera, herriko plazan dagoen XVI. mendeko udaletxera ere gerturatu gaitezke.

Tarazonicaren Natur Bidean aurrera egin genezake nahi izanez gero, Zaragozako lurretan sartuz. Geuk hementxe emango diogu amaiera, naturez gozatu eta aldi berean, toki berezi hauek ezagutu ondoren.

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza