Euskonews Gaztea

231 zbk.

Gaiak

AMBAR elkartea: itsasoko fauna ikertzen

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Kaxalotea agertu zen 2011ko abuztuaren 26an Zarautzeko hondartzan hilik eta halakoren bat gertatzen denean, AMBAR — itsasoko fauna ikertu eta kontserbaziorako elkartea— bertara gerturatzen da. Euskonews Gaztean haiengana jo dugu, beraien egitekoa hobeto ezagutzeko.

  Argazkia
2011ko abuztuaren 26an Zarautzen agertutako kaxalotea.
Argazkia: © AMBAR elkartea

Enrique Franco San Sebastianek hartu digu telefonoa; beste hamarnaka lagunekin batera boluntario moduan dihardu AMBARren, eta ongi ezagutzen ditu bai erakundea bera, bai eta itsasoko animaliak ere. “Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait biologoren ekimenez sortu zen elkartea 1996an eta ondoren poliki–poliki bestelako boluntarioak gehitzen joan ginen,” aipatu digu. “Bizkaia eta Gipuzkoako itsasertzetara iristen diren uretako animalien berri ematen digute, bertaratu eta lanean hasten gara. Noski, ez dugu beti berdin jarduten; animalia bizirik badago laguntzen saiatzen gara, eta hilik agertuz gero aldiz, zergatik izan den argitzen dugu nekropsia eginez”.

Baina Enriquek azaldu digunez, ez da hor amaitzen beraien egitekoa. “Inplikatutako organismo publikoak koordinatzen saiatzen gara, eta hori, animalia agertu den tokiaren arabera ezberdina izaten da. Uretan hilik agertu bada eta itsasontzientzat arriskutsua izan daitekeenez, itsas salbamenduarekin jartzen gara harremanetan. Aldiz, arroketan agertuta, kostako salbamenduaren ardura da animalia hortik ateratzea.” Zarautzeko kaxalotea baina, hondartzan agertu zen, eta beraz, zer egin? “Kasu horretan, hondartzaren garbiketaren ardura duen enpresarekin jarri ginen kontaktuan.”

Hilero kasuren bat

Enriquek adierazi digunez, urtero 10 eta 30 itsas animalia artean lehorreratzen dira gure kostaldean. “Bizirik ere agertu arren, oso gutxi izaten dira kasuak. Normalean gaixotasunen batengatik hildakoak dira, ” azaldu digu.

Nekropsia ere egiten dietela aipatu digu aurretik, eta zenbait zertzelada eman dizkigu horren karira bizkaitarrak. “Freskotasunaren arabera gauza gehiago edo gutxiago egin dezakegu gorpuarekin. Ustela badago, zein animalia den jakiteko nahikoa izaten dugu nekropsia. Baina bestetan, organo ezberdinak jasotzen dira, eta heriotza zerk eragin duen ikertzen dugu.”

 
Argazkia: © AMBAR elkartea

Kutsadura, errudun argia

Heriotzak ikertzeko lan horretan, AMBAR elkarteko adituek animalien koipeak hartzen dituzte eta esate baterako, metal astun kantitateari begiratzen diote. “Izan ere, kutsadura arrastoak askotan ikusi ditugu animalia hauen heriotza arrazoietan. Eta bestalde, kezkagarria da nolako eragina duten uretan aurkitzen diren plastikoek”. Adibide bat ere ipini digu Enriquek. “Nahiz eta ez zen gure ardurapean egon, gogoan dut Kantabriako kostaldean agertu zen balea bat ireki zutenean, 50 kilotako plastiko bola aurkitu ziotela adituek, eta ondorioz, ezin zen elikatu eta hori izan zen heriotza kausa.”

Baina bestelako kasuak ere ikusi izan dituztela aitortu digu. “Aurtengo neguan, arpoiaz jotako izurde bat iritsi zen gure kostara. Solomoak moztuta zituen; hau da, norbaitek jateko egin zuela. Horrek gaur egunean oraindik kultura hori existitzen dela adierazten du. Eta bi gauza dakartza berarekin; alde batetik, etika falta —ezin baitugu ahaztu babestuta daudela. Eta bigarrenik arriskua; ugaztunak direnez gero ez da arrain bat bezalakoa, eta inork ez du haragi hori gaixorik ote dagoen ikertu”.

Nola ahaztu arrantza sareetan eroritakoak! Baina horren ezberdinak dira kasuak, jarraitu beharreko bideak ere asko direla. “Animalia txikia bada, ez du erretiratua izateko arazorik; aldiz, kaxalotearekin gertatu moduan, 25 tona zituela kontuan harturik, konplikatu egiten da egoera.”

Iluntasunaren artean, argia

AMBARreko kideak ehunka istorioren testigu dira, tristeak gehienetan, baina pozgarriak batzuetan. “Duela bi urte inguru, esaterako, izurde bat agertu zen Bilboko ibaian gora eta bere kaxa buelta emanda joan zen berriz. Baina ez da normalena.”

 
Argazkia: © AMBAR elkartea

Gainera, eta Enriquek dioen bezala, euren egitekoa ez da aipatutakoetara mugatzen. “Ingurumen heziketa ere lantzen dugu. Madariaga Dorretxearekin, hau da, Urdaibaiko biodibertsitate zentroarekin irteerak antolatzen ditugu barkuetan eta gu haiekin joaten gara, datuak hartu eta bisitariei zergatik joan garen toki horretara eta zer ari garen ikusten azaltzen diegu. Gainera, hidrofono bat daramagu gurekin eta hala, itsasontzian datozenek animaliak ikusi bakarrik ez, entzun ere egiten dituzte, guk informazioa hartzen dugun bitartean”.

Bestelako datuak ere jasotzen dituzte, eta adibidez, argazki bidezko identifikazioa burutzen dute. “Bizirik zein hilik agertzen diren izurde, zetazeo eta abarren bizkar zein isats hegatsei argazkiak ateratzen dizkiegu. Hauek beraien NANa bezalakoak dira. Hala, gure artxiboekin edota Europa mailako beste batzuekin konpara dezakegu argazkia eta animalia hori nondik nora ibili diren jakin. GPSa erabiliko genuke, baina ez daukagu dirurik, beraz, bide hori baliatzen dugu.”

AMBAR elkarteak burutzen duen lana funtsezkoa da euskal kostaldean dauden animaliak hobeto ezagutzeko, eta ahalik eta modu eraginkorrenean laguntzeko.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza