Euskonews Gaztea

231 zbk.

Gaiak

Drogen kontsumoa eta generoa

NAFARROAKO ASKAGINTZA

Drogen gehiegizko erabilera gizarte osoan garatuta dagoen arazoa da. Honen konplexutasun handia, jatorritik parte hartzen duten aldagai ezberdinen ondorioa da; horregatik, ezinezkoa suertatzen da auzi honen inguruan analisi bakar eta orokor bat egitea. Aldagai guzti hauen artean, orain arte sakontasunik gabe landutako bat aurkitu dezakegu: pertsonen generoa eta honek duen garrantzia sustantziak kontsumitzeko momentuan, baita hauekin sorturiko erlazioetan ere.

  Argazkia

Gaur egun, droga kontsumoari buruzko ikerketa ugari aurki daitezke, baina askotan, generoaren ikuspuntua ez da kontuan hartzen. Gainera gehienetan gai horretaz aritzen direnek emakume kontsumitzailearen arazoaren azterketan ikuspuntu pobre bat izaten dute, kontsumoek haurdunaldian edo amatasunean izan ditzaketen ondorio ezberdinak soilik aztertuz. Sustantzien kontsumoa bi elementu hauen pean jartzen baditugu, oso zaila egingo zaigu emakumeen kontsumoen berezitasunak aztertzea, osatu gabeko analisia izango baita.

Hau horrela izanda ere, azken urteotan ikuspegi hauek pixkanaka aldatzen joan dira, kontsumoaren problematikaren inguruan beste perspektiba berriak barneratuz. Aldaketarik handiena sustantziek duten garrantziari lotuta dago, perspektiba berriak agertu diren heinean ikuspegi hau indargabetzen joan da eta. Drogen kontsumoaren azterketan, sustantziak ez dira hain garrantzitsuak, kontsumitzailearen harremanak eta bere ingurunea ordea, bai. Kulturak bera, pentsamendu horretara bideratzen gaitu, kultura bakoitza ingurunea aztertzeko ikuspuntu ezberdinak baititu. Kultura bakoitzean drogak esanahi sinboliko bat izan dute betidanik, drogen inguruan ibiltzen diren motibazioak, jarrerak, drogez espero dena, portaerak... desberdinak izanik gizarte bakoitzean. Beraz, logikoa da pentsatzea bakoitzak drogekin ditugun harremanak edo portaerak desberdinak izango direla. Gainera, kontuan eduki behar dugu, kultura ezberdin horren pean pertsona bakoitzak rol ezberdinak eraman ditzakeela, drogekin sortzen diren harremanak baldintzatuz.

Gizartean, generoak eginkizun zehatz batzuk ezartzen ditu, pertsonen jokaeretan eraginez. Ikuspuntu hau harturik, logikoena genero bakoitzaren arabera kontsumoetan desberdintasunak egongo direla pentsatzea izango litzateke. Genero batean onartzen diren jokabideak bestean ez dira ongi ikusten, eta drogen kontsumoak ez dira dinamika hauetatik askatzen.

Gure kulturan, emakumeen kontsumoa gizonena baino askoz ere moralizaturik dago, hau da, begi okerrekin ikusten dira haien kontsumoak. Honenbestez, gizarte–zigorrak eta epaiketak gogorragoak dira emakume kontsumitzaileengan. Historian zehar, gizarteak ama eta etxe–zainketaren roletan ipini du emakumea, eta eginkizun horiek zapuztu ahal dituen edozein gauzagatik jasan behar duen estigma askoz gogorragoa da gizonarena baino. Hala ere, gizarte irudikaria ez du arriskutsutzat edo txartzat hartzen emakumeek medikamentuez egiten duten gehiegizko kontsumoa (psiko–farmakoak, adibidez). Kontraesan horren funtsa lehen aipaturiko roletan aurki dezakegu: emakumea ahultzat eta babesgabe bezala kontsideratzen da, beraz normaltzat hartzen da emakumeak sustantzia hauek hartzea, nahiz eta askotan kontsumoak gehiegizkoak izan. Ukaezina da generoaren arabera erabilera desberdinak direla zenbait puntutan, baina sustantzien gehiegizko kontsumoetatik ondorioztatzen diren arazoei benetan aurre egin nahi badiegu, ezinbestekoa izango da gai hauetan gehiago sakontzea ikuspuntua hankamotz ez gelditzeko eta aldagai guztiak era egokian kontuan izateko.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza