Euskonews Gaztea

231 zbk.

Ione Josié
Ione Josié
(Donibane Lohizune)

Ione Josié lapurtarra 1976an jaio zen. Letren munduan barneratu eta Goi Mailako ikastekak egiterako orduan, Euskal ikasketetan eta frantses literaturan lizentziatu zen. Euskara teknikari gisa egiten du lan, besteen artean, Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluan Hizkuntza Eskubideen Behatokian, Ipar Euskal Herrian. Horrez gainera, Gatuzain argitaletxearen kidea.

Elkarrizketa

Ione Josié. (Gatuzain argitaletxea)
Euskal Herriko eta nazioarteko herri mugimenduen berri eman nahi dugu

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Ione Josiék utziak

Argitaletxe berezia da Gatuzain: Ipar Euskal Herrian kokatuta, elkarte eran antolatuta dago eta sormena bultzatzeaz gainera, besteen artean, pentsamendu librearen aldeko liburuak kaleratzen dituzte. Askotariko izenburuak, heldu eta gazteentzako. Ione mintzatu zaigu argitaletxearen historiaz, bai eta bere filosofiaz, helburuez...

Gatuzain argitaletxeak ez omen dauka beste argitaletxe batzuen funtzionamendua...

Gatuzain argitaletxea, elkarte izaera duen argitaletxea da. Bertan langile bat eta boluntario gisa ari diren beste bost bat lagun biltzen dira. Horrekin erran nahi dudana da, guztiok lan ezberdinak bideratzen ditugula, lana elkarren artean banatzen dugula, bakoitzaren gaitasunen arabera eta bakoitzak eskaini diezaiokeen denboraren arabera, izan komunikazioa, maketazio lana, liburuen hautaketa eta zuzenketa, harpidedunekiko harremanak, salmenta zuzena, kontabilitatea... Ez du bakar batek funtzio zehatzik bideratzen. Langile bakarra izanda, ahal bezain bateko laguntza eskaintzen diogu.

Gatuzain 1998an jaio zelan entzun dugu. Arrazoi zehatzik egon al zen urrats hori emateko?

Bi lagunek sortu zuten, argitalpen alorrean nabaritzen zuten hutsune bati erantzuteko asmoz. Ondoren, beste lagun batzuk sartu ginen proiektuan. Izan ere, Ipar Euskal Herrian, jorratzen dugun arloan hutsune nabarmena bazela iruditzen zitzaigun. Funtsean argitaletxearen helburuak bere filosofiak berak ezaugarritzen ditu.

Ione  
Argazkia: Ione Josiék utzia.

Hain zuzen, Euskal Herriko eta nazioarteko herri mugimenduen berri eman nahi dugu, gertakarien oroimena atxiki nahi dugu, ideiak zabaldu, sormenari eta pentsamendu libreari orriak irekiz, herri eraikuntzan parte hartuz, kezka, jakin–nahia eta plazera asetzen dituzten gaiak publikatuz. Bestalde, tokiko literatura zabaltzeko eta idazle berrien ezagutarazteko xedea dugu eta argitaratuak izateko aukera eskaini nahi diegu.

Euskal Herriari eta munduari buruzko liburu anitz atera ditugu geroztik: kultura eta historiaren oinarrizko ikerketak, mugimendu sozialen kronikak, aisialdi liburuak, haur liburuak, besteak beste.

Zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?

Helburuak, filosofiarekin bat doaz, hau da, herri mugimenduek eramaten dituzten ekintzen, borroken eta gogoeten berri ematea, idazle eta marrazkilariei argitaratuak izateko aukera eskaintzea, sorkuntza bultzatzea...

Zentzu horretan, adibidez, Txalaparta argitaletxeak argitaratzen dituen liburu ugari oso interesgarritzat jotzen ditugu, eta itzulpenen bitartez beste publiko batengana iristeko aukera eskaintzen diegu. Izan ere, berez gai hauengandik hurbil sentituko ez liratekeen irakurleei, ezjakintasunez edo interes eskasez, hauen berri ematea bilatzen dugu.

Batzuetan hastapenak gogorrak izaten dira eta denborarekin errazten omen da bidea. Zuen kasua izan al da?

Argitalpen alorra ez zen guretzako oso ezaguna, eta guztiak ginen eta gira boluntarioak. Izan ere, argitaletxea hasi zenekoan, oso behar gutti genituen, anbizioa ere xumea zen eta da oraindik. Genituen ahal eta ezagupenekin abiatu ginen, bakoitzak egitasmoari ahal zuen denbora eskainiz, guztiek beste lanbide bat genuelako.

Guk egitasmo horren zilegitasunean sinesten genuen, eta herritarrek konfiantza egin ziguten. Gogoan dut, lehen liburua argitaratu aurretik, harpidetzak lortu behar izan genituela, lehen liburuaren gastuak estaltzeko gisan. Horrekin erran nahi dut, harpidetu zirenek Gatuzain egitasmoaz aparte, zer nolako liburua eskainiko genien edota aurrera aterako ote zen ez zekitela, baina segitu gintuzten, sustengatu gintuzten, eta egitasmoak aurrera egin du.

  Durangp
Argazkia: Ione Josiék utzia.

Lehen denborak beraz ez ziren hain zailak izan, agian, argitaletxe batek eskatzen zuen lanaz ez ginelako oso kontziente; baina bai, entusiasmo asko genuen, egitasmoan sinesten genuen. Ondoren, egin ahalaz ikasi dugu, profesionalizatu egin gara, ezagun bilakatu gara eta Ipar Euskal Herriko argitaletxe erreferentziala gara. Oro har, gure egitasmoaren baitan sinetsi duten guzti horiei, arrazoia eman diegu, eta gure lekua egin dugu. 13 urtetan, 60 bat liburu argitaratu ditugu, bakarrik zein koedizioan. Beti ere gure xumetasunetik, eta azken batean, liburu batek ez badu funtzionatzen ere, gure funtzioa betetzen dugu, hau da, gertakari baten memoria idatzirik jasoa gelditzen dela, orduan, ez da benetan galera bat.

Elkarte moduan lan egiten duzue eta ondorioz, kide guztiok liburuaren proiektuan parte hartzen duzue. Azalduko diguzu zein den zuen lan egiteko modua?

Gatuzain argitaletxearen ibilmoldea kolektiboa da, kide guztiek liburuen proiektuetan eta hedapenean parte hartzen dute, eta horrek gure indarra egiten duela erran nezake. Konkretuki, hilabetean behin biltzen gira, bidean diren egitasmoen jarraipena egiteko, jasota liburu proposamenak aztertzen ditugu, edota proiektu berrietarako ideiak trukatu, proiektuak sortu, azoketarako mahaiak atxikitzeko txandak, salmenten jarraipena, liburu aurkezpenak, prentsarekiko harremanak, inprimategi edota banatzaileekiko harremanak, hitzaldi eta irakurketa publiko antolaketak, harpidedunei helarazi informazio gutunak, kontabilitatea...

Guztia elkarrekin lantzen eta lana gure artean elkar banatzen dugu, beti ere, bakoitzaren gaitasunen arabera edota eskaini diezaiokeen denboraren arabera. Urteko helburu nagusia 4 liburu argitaratzea da, harpidedunek jasotzen dituztenak; eta 4 liburu hauez gain, harpidetzatik kanpoko liburuak plazaratzen ditugu.

Baina, ez da ahantzi behar argitaletxearen inguruan laguntzaile asko dugula, jasotzen ditugun liburuak irakurtzeko, zuzenketetarako, mahaiak atxikitzeko... eta hauen ekarpenari esker ere egitasmoa aurrera atera ahal izan dela azpimarratu nahi nuke.

Argitaratu dituzuen liburuak oso ezberdinak dira, baina beraien artean komunean zerbait al daukate?

Egia da oso gai desberdinak jorratzen dituzten liburuak argitaratzen ditugula, baina guztiek argitaletxearen helburuekin bat egiten dute. Normalean, argitaletxe nagusiek aipatuko ez lituzketen gaiak dira, nahiko aldarrikatzaile eta militanteak, gure historiaren edota nazioarteko memoriaren aztarnak jasotzen dituzte, hutsune bat betetzen dute, idazle berriak eta sorkuntzak plazaratzeko aukera eskaintzen dute. Oro har, elkarren artean dutena da argitaletxearen hasierako irizpideekin bat egitea.

Krisiak gogor astindu ditu bazterrak... Nola eragiten dio horrek argitaletxe txiki bati?

Gatuzain argitaletxea xumea da, ez da errentagarritasuna, diru–irabaziak bilatzen dituen argitaletxea. Probetxuak ez gaitu interesatzen, ez bada, liburu berriak argitaratzeko eta lanpostua mantentzeko beharrekoa den oinarrizko ekarpen ekonomikoa ziurtatzea. Oro har, beti guttirekin aitzinatu gira, eta horrela segitzen dugu.

Nik uste dut, alde horretatik krisiak, argitaletxe nagusi bati konparatuz, guttiago eragin digula, inbertsio guttirekin aritu baikira beti. Hala ere, argi da, harpidedun batzuk galdu ditugula eta gastuak emendatu direla, adibidez, inprimaketari doakionez. Baina, liburuen prezioak ez emendatzea erabaki dugu, margen guttiago egiten badugu ere, irakurleak ez ditugu kaltetu nahi izan.

Garbiketan
Gatuzaineko lagunak, Udaberriko garbiketa egiten.
Argazkia: Ione Josiék utzia.

Bestalde, nola ikusten duzu Ipar Euskal Herriko euskal literaturgintzaren egoera?

Galdera korapilatsua da. Oro har, idazle gutti badela nabarmenduko nuke, eta irakurle gutti. Azken batean, euskal hiztunen kopuruari eta orokorkiago, liburuak bizi duen krisia egoerari lotzen zaion egoera da. Hala ere, liburuak proposatzen segitu behar da, aukerak eskaintzen eta globalizazioari aurre egiten. Euskarazko liburuak argitaratzea funtsezkoa da, euskaraz bizi nahi duten herritarrak badira, euskara normalizatu nahi bada euskaraz irakurtzeko aukera eskaini behar da.

Zuek ere, euskaraz eta frantsesez argitaratzen duzue, haurrentzako ere publikatzen duzue...

Ideiak zabaldu nahi badira, gertakizunen berri eman nahi bada, herri mugimendu ezberdinei oihartzuna eman nahi bazaie, bi hizkuntza hauetan argitaratzea beharrezkoa da, baina, beti berdintasunez. Horrek erran nahi du, euskarazko liburuak argitaratzea oinarrizkoa dela guretzako, normala gainera, eta bi hizkuntzetan argitaratutako liburuen kopurua berdina izaten saiatzen garela. Haurrentzako liburuei doakionez, hasiera batean, hutsune bati erantzuteko sortu zen, irakaskuntza mundutik eratorri eskaera bat izan zen. Haur sailean aldiz, irizpidea euskara da.

Bukatzeko azpimarratu nahi nuke, euskaraz bizi nahi dudan bezala, euskaraz irakurri nahi dudala ere eta horretarako eskaintzak beharrezkoak direla, nolazpait, euskaraz irakurriz bizi nahi dut.

Etorkizunera begira, nolako erronkak ditu Gatuzainek?

Gatuzainek liburuak argitaratzen segituko du, orain arte eraman duen erritmoan, alde horretatik ez dugu aldaketa esanguratsurik aurreikusten. Hala ere, denborak eta irakurketa ohiturak aldatzen doaz, eta gure eskaintza nola osatu gogoetatzen ari gira, liburu numerikoen atalean, adibidez.


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza