Euskonews Gaztea

228 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XCIV): Azpeitia

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oraingo honetan Gipuzkoako mapa ireki eta gure jomuga erabakitzeko txanda iritsi zaigu. Toki ugari bisitatu ditugu lurralde honetan, baina oraindik geratzen zaizkigu ezagutzeko hainbat txoko. Azpeitia dugu horietariko bat.

Probintziaren erdian kokatuta dago gaurko txangoan protagonista izango dugun udalerria. Hain justu, 1310ko otsailean Fernando IV.aren eskutik sortu zen, zeinak Garmendia de Iraurgui izena eman zion. Urtebetera baina, Salvatierra de Iraurgui deitzea agindu zuen fundatzaileak berak.

Azpeitia
Argazkia: CC BY— amaianos

Orduan, noiz hasi zitzaion egun Azpeitia izenez ezagun dugun udalerriari horrela deitzen? Dokumentuetan idatzirik, 1397an agertu omen zen aurreneko aldiz, hain zuzen, urte hartako Getariko batzar nagusiko aktetan, eta hala, adituen ustez, izen hori ere asko erabiltzen zuten garai hartan. Denborarekin galtzen joan ziren toponimia ezberdinak, eta dirudienez, XVI. menderako Azpeitia erabiltzen zen soilik.

Garai oparoak bizi izan zituen herriak XVI eta XVII. mendeetan; burdinolak ugariak ziren sasoi hartan, eta hauek ospea eman zioten herriari. Baina iritsi zen XVIII. mendea, eta Gipuzkoa osoan bezala, matxinadak eman ziren baita Azpeitian ere, ezagunena akaso, 1766koa izanik. Merkataritza liberalizatu zen eta besteen artean, gariaren prezioak behera egin zuen, eta haserrealdiak matxinoak altxarazi zituen; Donostiatik ailegatutako militarrek 70 lagun atxilotu zituzten ondorioz.

Enparan  
Enparan jauregia, XIV. mendekoa.

Bisita proposamena

Azpeitiko lurretan askotariko lekuak ditugu bisitatzeko aukeran. Ezin dugu ahaztu Loiolako auzoan jaio zela Inazio 1491n, hau da, Jesusen Konpainiaren sortzailea; hala, jende ugari gerturatzen da bertaraino, San Inazio munduratu zen XV. mendeko dorretxe zaharra ikustera, edota XVII. mendean altxatutako Basilika barrokoa bisitatzera...

Baina udalerriak bestelako proposamenak ere eskaintzen dizkie bertaratzen direnei. Alde zaharrean, esaterako, Soreasuko San Sebastian parrokia; XVI. mendekoa da, eta diotenez, orduko tenplarioek sortua izan zen; gainera, XIII. mendeko Olatzeko ermita bisitatzera joan gaitezke.

Azpeitian sakabanatuta, bestelako eraikuntza dotoreak aurkituko ditugu, esate baterako, XIV. mendeko Basozabal etxea; XIV. mendeko Enparan Jauregia; XVI. mendeko Atxieta Etxea; XVIII. mendeko udaletxea; XX. mendeko musika kioskoa... Edota museo ezberdinak, dela Trenbidearen Euskal Museoa edota Ingurugiro Etxea.

Ederra historiaz betetako herria. Kalean gora eta behera denboraren joan etorrien aztarnak deskubritzera gonbidatzen zaitugu, animatu!

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza