Euskonews Gaztea

226 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XCII): Bernedoko bazterrak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Kanpezuko koadrilatik barna ibiltzeko aukera edukiko dugu oraingo honetan. Izkiko natura parkearen eremu zabalena hartzen du Bernedok, eta toki hura bisitatuko dugu.

  Argazkia
Zutik dirauen harresiaren ate bat.
Argazkia: CC BY — Assar

Herri izaera noiz hartu zuen jakiteko, XII. mendera arte bidaiatu eta Antso Jakitunaren eskutik 1182an titulua eta foruak eskuratu zituela jakin dugu agirien bidez. Gaurko helmuga, Nafarroako Erreinuaren parte izan zen XV. mendera arte, edo zehazkiago esanda, 1476an Gaztelako Koroarena izatera igaro zen arte.

Beti izan da toki estrategikoa, eta horrek eragin zitzakeen arazo eta oro har, erasoetatik babesteko asmoz, Erdi Aroko beste udalerri asko moduan, Bernedo ere harresiz inguratuta zegoen. Eta ez hori bakarrik, udalerriaren hegoaldeko muino batetan garaieratik guztia kontrolatzen zuen gaztelua ere bazegoen, eta badirudi, herritarrek mendeetan zehar ederto zaindu zituztela bai bata eta bai bestea. Halere, gaztelua XVI. mendean abandonatuta geratu zen; egun dena–den, izan zenaren aztarna batzuk ikus daitezke.

Hedatuz joan den udalerria

Bernedo bakarra izatetik, herri ezberdinek osatutako udalerria izatera igaro da denborarekin. Navarrete izan zen bat egiten aurrenekoa, XVI. mendean; gerora, Kinta, Angostina, Villafría, Durruma Kanpezu, Urturi, Markinez, Urarte, Berroz, Arluzea, Irartza eta Okinak eman zuten urratsa.

eliza  
Okongo baseliza.
Argazkia: CC BY — Assar

Gurekin bidaiatu eta ingurune horiek bisitatzera animatuz gero, ikus dezakegunaren erradiografia txiki bat egingo dugu segidan. Bernedo erdialdean, Erdi Aroko kutsua duten kaleetatik joan gaitezke nahi izanez gero; ohartuko gara oraindik ere etxebizitza batzuek aspaldiko egitura mantentzen jarraitzen dutela, estilo gotiko errenazentistan eraikiak baitaude.

Plaza Nagusian, XIII. mendeko ataria duen Ama Birjinaren Natibitatearen eliza, eta honen alboan Gamiztarren Jauregia aurkituko ditugu esate baterako, azken hau XVII. mendean eraikia izan zen. Kintan, Sortzez Garbiaren baseliza aurkituko dugu, 1608koa; Navarreteko alde zaharrean, berriz, armarriak dituzten etxebizitza ugari begiztatuko ditugu; badaude etxe dotoreak ere Urarteko kaleetan...

Hasieran komentatu bezala, baina, Izki natura parkean kokatuta dago Bernedo, eta ez da aukera txarra oinez zein bizikletaz itzuli bat egin, mendira igo — San Tirso (1134 m) edo Peña Alta (1249 m)— edota beste edozein eratara naturarekin disfrutatzeko. Guk, hurrengo baterako utziko dugu aukera polit hau.

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza