Euskonews Gaztea

220 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXVII): Tafalla

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oraingo honetan Tafallako lurretarantz bidaiatzea erabaki dugu, eta jarraian burutuko dugun txango laburrarekin, tokia bertatik beratara ezagutzera animatuko zarela espero dugu. Has gaitezen!

Tafalla  
Argazkia: CC BY — Mimentza

Aspaldi agertu zen Erriberriko txoko honen aurreneko aipamen idatzia; hain zuzen ere, daturik zaharrenak X. mendeko agiri batzuetan jaso zituzten. Orduan, Ab Al Ramhan III.aren tropak Nafarroan barrena sartu eta bertatik igaro ziren, euren arrastoa utziz. Mende bat geroago eskuratu zituen Tafallak aurreneko foruak Antso V.ak eta geroztik, errege ezberdinek berretsiak izan ziren.

Bisitaldiari ekin aurretik, historiako beste datu gutxi batzuk ezagutuko ditugu. Esaterako, Erdi Aroan gaztelua zeukan udalerriak, Santa Luzia deituriko pinudietan; bertan egon zen atxilo, esate baterako, Vianako Printzea 1452an. Gaztelaren konkista eman zenean gainera, Nafarroa defendatzeko baliatutako gotorleku asko eta asko eraitsi egin ziren; haatik, Tafallakoa berreraikia izan zen, etorkizuneko beste eraso posibleei aurre egiteko ideiarekin.

Biztanle gehienek lurra lantzetik ateratzen zuten bizimodua salbuespenak salbuespen, baina XV. mendean, bertako herritar xumeen maila soziala Hiribildu–on izendapena jaso ostean aldatu egin zen, eta “franko eta kaletar” izatera igaro ziren, dokumentuetan bederen. Horrek, nolabaiteko pribilegioz hornitu zituen orduko tafallarrak, esaterako, Gorteetan botoa edukitzeko eskubidea.

Denboraren joan etorrian

Galtzada–harriak zapalduz, erlojuari eraginda denboran atzera egiteko aukera paregabea ematen digu gaurko helmugak. Bertaratuz gero, ohartuko gara Erdi Aroko kutsua edukitzen jarraitzen duela herriak neurri batean, kontserbatu diren harrizko eraikin eta karriken osaerengatik, esaterako.

Komentua  
Errekoletoen Komentua
Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Baditu Tafallak nahikotxo eraikin erlijioso, zenbaitzuk gainera, mende ugariko bizitza dute. Hala, guztietatik zaharrena bisitatuz has gaitezke; San Pedro eliza da, eta XII. mendean altxatu zuten eta XV.ean berreraiki. Horrez gainera, XIII. mendeko Santa Maria eliza erromanikoa edota XVIII. mendeko Eskolapioen eliza edota XVII. mendeko Errekoletoen Komentuaren arkitektura begiztatzeko abagunea daukagu, hala gura izanez gero.

Baina aldiz, gure arreta eraikin zibiletan ipintzea nahiago badugu, non aukeratu izango dugu. Aipatu behar dugu, erdialdeko etxebizitza ugari XVI. mendekoak direla, eta aro hartako aztarnaren batzuk kontserbatzen dituzte, nahiz eta berreraikiak izan diren. Eta gainera, euren garaian handitasun osoz altxatutako bestelako etxeei ere errepara diezaiekegu, lorategi ederra duen XVII. mendeko Mencoen etxea edota XVIII. mendean estilo neoklasikoan eraiki zuten Feriako Markesaren jauregia, esate baterako.

Ederra, eta askorentzat ezezaguna; gertura gaitezen Tafallako harribitxiak deskubritzera!

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza