Euskonews Gaztea

220 zbk.

Irati Jimenez
Irati Jimenez Uriarte
(Mundaka, 1977)

Irati Jimenez bizkaitarrak Ikus–entzunezko komunikazioa ikasi zuen Leioan. Ikasten zebilela, ETBko Hau komeria! —edo Desde el gallinero, gaztelaniaz— saioan hasi zen lanean; erredakzio laguntzaile moduan hasieran, zer edo zer aurkeztuz gero, baita gidoilari gisa ere... Handik, Euskadi Irratira pasatu eta albistegietan aritu zen, batez ere. Ondoren, Eroskitik deitu zuten, Consumer aldizkariaren euskarazko edizioa egiteko eta koordinazio lanetan dihardu. Mondragon Taldearentzako euskarazko aholkulari moduan aritu da, eta orain Nabarra aldizkariaren zuzendaria da. Idazle moduan, Malcom X (2002); Bat, bi, Manchester (2006); Laranja azalaren negarra (2008); Nora ez dakizula (2009) eta Zatitu arte (2010), eta Atsekabe zaitut (2010) argitaratu ditu.

Elkarrizketa

Irati Jimenez. (Idazlea)
Nor naizen eta nor izatera irits naitekeen ezagutzeko baliagarria izan zait idaztea

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Irati Jimenezek utziak

Kazetari moduan ezagutzen dute batzuek; bere liburuak irakurtzeagatik besteek. Bata ala bestea egin, bere saltsan murgilduta dagoela nabaritzen zaio bizkaitar honi; hau da, hitzekin jolastea, haiekin gura duena egitea atsegingarri suertatzen zaio. Hizketaldi honetan esandakoarekin, nabari zaio bai, egiten duena maite duela. Ahotan hartu ditugu irabazitako —eta ez irabazitako— sariak, kritiken gainean mintzatu gara, irakurleei buruz...

Zure bi fazeta ezagutzen ditugu; kazetaria eta idazlea zara.

Hala da, bai. Kazetari moduan, telebista eta irratian egin dut lan, Hau komeria! saioan hasi nintzen ETBn eta ondoren irratiko albistegietara egin nuen salto. Garai hartan, Txalaparta argitaletxeak eskatuta, haurrei zuzendutako Malcom X–en biografia idatzi nuen. Idazten jarraitu nuen, baina batez ere niretzako gauzak edota lehiaketatara aurkeztuz, ezer argitaratu gabe.

Eta egun batean, 2006an Ondarroako Udalak antolatutako Agustin Zubikarai sariketa irabazi nuen Bat, bi Manchester nobela laburrarekin; urtebetera Igartza Sariaren accesita eman zidaten eta Nora ez dakizun hori argitaratzeko aukera eduki nuen. Eta beste batzuk etorri dira gerora.

Sariak beraz, garrantzia eduki dute zure ibilbidean!

Bai, nola ez! Nire kasuan oso garrantzitsua izan da, irabazteak nire lanak argitaratzeko aukera eman baitit eta arlo honetarako ateak ireki baitizkit.

Gainera, idazten hasteko nahiko modu segurua da sariketetara aurkeztea. Hau da, lehiaketa batetara testu bat bidaltzen duzu, eta ez baduzu irabazten hortxe geratzen da anonimatuan, eta ariketa bat izan da zuretzako. Aldiz, saria irabazita, besarkada bat emango balizute moduan da, eta aurrera egiteko behar duzun bultzada jasotzen duzu; zerbaitetan asmatu duzula esan nahi du.

  Irati Jimenez
Irati, Bilbon.
Argazkia: © Imanol Egido

Bestalde, 2009an Beterriko Liburua saria eskuratzea oso berezia izan zen niretzako. Ez da ez dirutan, ez argitaratzeko aukera; irakurleek emandako saria da, eta oso polita da.

Oro har esango nuke, inork ez duela idazten sari bat eskuratzeko ideiarekin bestela pikutara plazera! Baina egia da euskal literaturak idazteko aspalditik daukan ohitura dela, erabilgarria eta gure literaturari asko ekarri diona.

Genero ezberdinak landu dituzu, lan egiteko moduak ere ezberdinak al dira?

Baietz esango nuke, azken finean ez daukatelako zerikusirik euren artean. Eta gainera, idazten duzun momentu bakoitzean ere pertsona ezberdina zara, eta ondorioz, emaitza bestelakoa izaten da.

Hau da, lanean ipintzerakoan, —nobela bat idazten, adibidez— barruko ahots bati aterabidea ematen diot, eta aldi berean, ditudan beste hainbat nolabait alboratuta geratzen dira lan horretarako. Atsekabe zaitut edo Nora ez dakizun hori idatzi dituen Irati, noski, bat bakarra da, baina momentu bakoitzean tonu bat erabili nuen, kontatzea interesatzen zitzaidan horretara bideratuz.

Eta gainera, kazetari lanak sortzen ditudanean ere bestelako jarrera hartzen dut —teknika aldetik ere oso ezberdina baita literaturarekin alderatuz. Oro har, oso presente izan behar duzu buruan zein eratako irakurlearentzako ari zaren batean eta bestean.

Irakurlea kontuan hartzen duzu beraz, idazterakoan.

Bai. Baina hasiera–hasieran barrura begira egiten dudan prozesu bat dago, hau da, zer kontatu nahi dudan pentsatu eta hori jakinda, modu batean edo bestean lan egiten dut. Ez baita berdina zuretzako zerbait idaztea edota hasieratik publikatzeko zerbaitetan lanean ipintzea.

Aurreneko kasuari dagokionez, nire buruarentzako soilik idatziko banu, word dokumentu batetan edota eskuz libreta batetan idatzi eta kaxoi batetan gordeta utziko nuke testua; ariketa moduan askotan egiten dudan zerbait da. Baina argitaratzea pentsatuz gero, elkarrizketa bat bilatzen dut;, ez forma, ez aurpegi, ezta izenik ez duen askotariko irakurle ezezagun eta akaso existituko ez den batekin eginiko hizketaldi bitxia, hain zuzen.

Azken finean komunikatzeko ahalegin bat da idaztea, zure burua ulertzea, iragana ulertu eta birkontatze bat egitea, fikzio bidez aldatzea... Nahiz eta zure buruarekin egiten duzun elkarrizketa hori, beti ari zara pentsatzen besteengan, eta haiei zuzenduz eratzen duzu lana.

Irati Jimenez  
Argazkia: © Mikel Soto

Eta nahiz eta tiraderan gordetzeko izan, barneak husteko bikaina izango da idaztea, ezta?

Bai, bai! Niretzako sendagarria da idaztea, nahiz eta horrek ez duen esan nahi horrekin soilik norbera sendatzen denik, edo iraganeko kontuak kitatzeko balio duenik...

Baina beste batzuei plater arteko sorkuntzak, edo eskulanek, edo dantzaren bidezko mugimenduek laguntzen dien moduan, niri idazlanak on egiten dit. Barruan daukadana entzuten lagundu, eta nor naizen eta nor izatera irits naitekeen ezagutzeko baliogarria izan zait. Asko poztu nau idazteak, eta zalantzarik gabe, poza da beti sendagairik onena!

Kazetaritza eta literatura ezberdinak izan arren, batak bestean sakontzen lagundu al dizu?

Esango nuke kazetari lana bokaziozkoa baino, halabeharrezkoa dela. Lanbide bat da niretzako, egia esan oso polita, eta nola ez, ikasbide bat. Hau da, uneoro dakidan zerbait egiten badut, aspertu egiten naiz azkenean, eta kazetaritzan beti dago ikasteko zer edo zer, ez zaizkit amaitu barneratu beharrekoak.

Bestalde, idazteko oso eskola polita izan da kazetagintza. Idaztea —nire kasuan behintzat— ez da berez gertatzen den zerbait. Eta kirolariak entrenatu behar diren moduan, hizkuntzarekin berarekin trebatzeko eta hitzak dantzan ipintzeko ere funtsezkoa da ariketa asko egitea, eta niretzako kazetaritza literatura sortzeko berotze ariketa polita izan da.

Asko idazten duzula zalantzarik ez... baina asko irakurtzen al duzu?

Bai, eta niretzako lanbide honetarako funtsezkoa da. Halere, hor ere denetarik egongo da, apenas trebatzea behar duen musikariak moduan, idazle batzuek ere berezkoa izango dute abilezia hori.

Gainera nik uste dut idaztea bezain garrantzitsua dela irakurtzea. Eta horrez aparte, iruditzen zait normalean irakurzaletasunetik datorrela idazteko zaletasuna. Ez nuke jakingo ongi idazten, aurrez nire bizitzan garrantzitsuak izan diren liburuak irakurri ez banitu. Azken finean idazten duzun hori, bizitza osoan irakurritakoaren digestio bat modukoa dela esango nuke, zerbait pertsonala; eta geroz eta gehiago sakondu horretan, are eta aberatsagoa izango da, leku askotatik etorriko da zure estiloa.

Konturatu naiz norberaren irudimenaren ateak botatzeko gaitasuna duten idazle asko dagoela eta errealitatea beste modu batetan begiratzera behartzen gaitu horrek. Eta zenbat eta buelta gehiago eman eurekin, zenbat eta bidaia luzeagoak egin, eta gehiagotan ikuspuntuz aldatu eta gela berberera ikuspegi desberdinarekin itzuli, are eta idazle aberatsagoak izango gara, eta ausartagoak beharbada, eta azkarragoak...

Ezbairik gabe, etxean ikusitakoak gure bizitzan eragiten du, eta zurean ere hitzenganako afizioa hortik datorkizu neurri batean...

Aita kazetaria eta idazlea da, eta sortzaile jardun hori egunerokotu egin izan du beti. Eta ondorioz, txikia nintzela hor neukan eskura idazle lanbidea, askorentzat akaso urrutiko gauza bat izan zitekeen bitartean.

Halere, gehiago lagundu dit idazle izaterako orduan bai aitaren baina baita amaren irakurzaletasunak ere, eta etxean betidanik edukitako liburu kopuru handiak. Azken finean haiek irakurtzen , ondoren komentatzen, barrezka, kritika egiten aritzea, beste liburu bat bilatzen ikustea... Horrek izugarrizko eragina izan du ni ere mundu honetara gerturatzeko orduan.

   Irati Jimenez
Argazkia:© Imanol Egido

Gaur egun etxeetan liburu gutxi edo bat ere ez edukitzea kritikatzen dute askok.

Ez dakit hori kritikatu behar ote den, baina bai iruditzen zait jende guztiari irakurtzeko aukera eman behar zaiola. Ziur nago jende gehienari, liburu egokiak aurkituta, irakurtzearen plazera sartuko zaiola. Horregatik, pena ematen dit ikustea, ikastetxeetan irakurtzera derrigortu dituzten liburuak gustatu ez zaielako, pertsona askok bizitzan zehar ez dutela irakurzaletasun plazer hori eskuratzen. Behin liburu batekin maiteminduta, beste baten bila abiatzen gara era naturalean. Eta horretarako moduak daude, ez ditugu derrigor etxean apalak bete–bete eginda izan behar, liburutegira joan gaitezke, edo interneten ere badaude eskura.

Bestalde, ikusten dut badaudela nahiko hipokritak diren zenbait pertsona; hau da, ?ume honek ez du irakurtzen, eta egin beharko luke? esan, eta beraiek ez irakurtzea. Irakurtzen ez duenak ez luke zertan faltan sumatu beste batek ez irakurtzea.

Hitz egin dezagun kritikei buruz. Zer moduz eramaten dituzu?

Kritikarekin bizitzen jakin behar da, orokorrean gainera, ez soilik idazten duzunean, bizitzako aspektu guztietan baizik. Ez dugu beti egiten dugunarekin asmatuko, eta ez da beharrezkoa, gainera.

Garrantzitsuena, barruan daramagun kritikoa da, eta berarekin dugun harremana zaindu behar dugu; entzun egin behar diogu bestela ez baitago modurik ganoraz idazteko. Eta bestetik, ezin diogu kritiko horri utzi gure idazteko gaitasunaren ahalmen guztia; hau da, kritikoegia, zorrotzegia baldin bada, ziurrenik ez dugu gehiago idatziko.

Horrez gainera, aipatu behar dugu idazteko bi prozesu daudela, berotan edo hotzetan. Berotan barruan daukagun eta etengabe hitz egin nahi duen ume horrek idazten du; eta hotzetan aldiz, kritikoari entzun behar diogu eta kanpotik begiratu behar diogu idazten ari garenari, eta zuzentzen joan.

Laburbilduz, kritika normala da, denok egiten dugu eta ikasbide bat izan daiteke!

Eskuartean daukazun aitortzeko moduko proiekturik?

Nabarrarekin nahiko lanpetuta ibili naiz, eta egia esan ez dut denbora askorik eduki idazteko. Ipuin liburu baterako asmoa hor dago, eta horri laster heltzea espero dut! (barre)

Batzuek esaten dute egunean 20 minutu idaztearekin aski dela, baina soilik minutu horiek badituzu libre, ez da erraza horretan ipintzea! (barre) Halere, fikzioa lantzeko gogo handiz nago; nahiz eta kazetaritza lan batzuk egiten ditudan, eta Nabarrarako ere egin ditudan zenbait lan alde sortzailea landuz.

Gainera, beste zenbait autorerekin batera — Arkaitz Cano, Katixa Agirre, Goizalde Landabaso, Xabier Mendiguren eta Koldo Almandozekin— liburu batetan hartu dut parte, ez da horrenbeste literaturarekin erlazionatuta, kazetaritza arloa gehiago jorratzen duela esango nuke. Telesailei buruzko gogoetekin eginiko saiakera bat da. Durangoko Azokarako kalean egongo dela pentsatzen dut. Nik uste emaitza oso bitxia, polita eta interesgarria geratu dela.


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza