Euskonews Gaztea

219 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXVI): Bardoze eta Bidaxune

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Jarraian irakurriko dituzun lerroen bidez Ipar Euskal Herriko leku bitara bidaiatuko duzu, zauden tokian egonda. Animatuz gero, gurekin etortzera gonbidatzen zaitugu!

Bardoze  
Salha gaztelua eta Jasokunderen eliz, Bardozen.
Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)

Sei kilometro eskasengatik banatuta daude gaurko proposamenean aipatuko ditugun bi udalerriak, bata Lapurdin eta bestea Nafarroa Beherean. Halere, historian zehar eduki dituzte, noski, amankomunean zenbait pasarte, gertutasun zioengatik, ziurrenik.

Euskal Herri osoan gertatu bezalaxe, paraje haietan ere besteengandik bereizten ziren leinuak nabarmentzen ziren garai batetan. Hala, derrigor aipatu behar Agramondarren familia eta honek Erdi Aroan edukitako botere handia; XIII eta XIV. mendeetan Nafarroako erregeari leialtasuna aitortu zioten behin baino gehiagotan, esaterako. Eta indar horren presentzia gaur egunera arte iritsi da, aurrerago ikusiko dugun moduan, euren izenak oraindik bizirik jarraitzen baitu.

Ikustekoak

Bardozen hasiko dugu gure osteratxoa, eta bertako karrikak zapaltzeaz batera ohartuko gara denborak atzera egiten duela gure begien aurrean; arkitekturari buruz ari gara, kasu! Esaterako, Salha gazteluraino gertura gaitezke; XVII–XVIII. mendeko eraikin dotorea, gaur egun besteen artean, udaletxe eginkizuna betetzen duena. Haren alboan kokatuta aldiz, Jasokunderen eliza dago, egoera txarrean zegoela eta, bota eta 1865 urtean estilo neogotikoan berreraikia; halere, XIII. mendeko ataria mantentzen du.

Bidaxune  
Gramont gazteluaren aztarnak, Bidaxunen.
Argazkia: © Kepa Etchandy (3digitala)

Bestelako eraikin interesgarriak ere baditu Bardozek, direla XVI, XVII edota XVIII. mendeko baserri batzuk edota Butte de Miremonteko behatokia —bertatik Landetako zein Pirinioetako ikuspegi ederraz goza daiteke.

Aipatu bezala, Bidaxunen emango diogu amaiera gure osteratxoari, eta haraino gerturatuz gero, bisita ditzakegun eraikinen lagin bat osotuko dugu jarraian. Arestian komentatu dugun moduan, Agramondarrek inguru hauetan izan zuten garrantzia dela eta, berreraikitze fasean dagoen haien gaztelua ikustera joan gintezke; XII. mendean dauka jatorria, bide batez. Familia horren izen bera darama baita ere XVII. mendeko zubi batek. Halere, aipatzeko moduko bestelako tokiak ditugu udalerri baxenafar honetan, esate baterako, XVII. mendeko sinagoga zaharra, hilerri judutarra...

Nahiz eta denon esku–eskura egon, askorentzako ezezagun izaten jarraitzen du Ipar Euskal Herriak; hala, eman ditugun zertzelada hauekin lurralde haiek gertuxeago sentitzeko xedea bete izana espero dugu. Paraje zoragarriaz inguratuta, ibilaldi honekin gozatzeko, bertaratzea da onena, zatoz!

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza