Euskonews Gaztea

218 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXV): Arrasate

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak

Debagoiena ibarreko udalerririk handiena bisitatzera abiatuko gara oraingo honetan; Arrasateko iragan eta orainaz apur bat gehiago ezagutzera gonbidatzen zaitugu.

  Portaloia
Portaloiko atea.

Ezaguna den Lezetxiki aztarnategia Garagartza auzoko lurretan aurkituko dugu; Joxe Miel Barandiaran etnografo ataundarra izan zen indusketak egiten lehenengoa, 1956 eta 1968 bitartean. Oraindik ere, urtero zer edo zer aurkitzen dute arkeologoek, tokiaren aberastasuna agerian utziz; duela 150.000 urte baino gehiagoko zantzuak, lehoi edota hartzaren arrastoak...

Kobatik irten eta atzean utzita, herri–gunera joanda emango diogu hasiera gure bisitaldiari. Udalatx mendiaren

magalean, aurkitzen dugu Mondragoe, garaietara egokituz joan den herria. Alfonso X.ak XIII. mendean emaniko hiri–gutuna jaso zuenetik, gorabehera ugari bizi izan dituzte arrasatearrek; batzuetan urte oparoen testigu, bestetan sarraskiena... historia aberatsa duen udalerria, ezbairik gabe.

  Udaletxea
Herriko plazan dago udaletxea.

Erdi Aroan ezagunak izan ziren Euskal Herri osoan ahaide nagusien arteko borrokak, eta Arrasate ere oñaztar eta ganboatarren arteko hika–mika horien bizipenen testigu izan zen denbora luzez. Gertaera garrantzitsuenetarikoa, akaso, 1448. urtean jazo zena izan zen; hain zuzen ere, ekainaren 23an, herria erre eta ia osorik kiskalita geratu zen.

Baina herritarren jardunari esker errautsetatik birsortu zen Arrasate. Hala, burdingintzak garrantzia hartu zuen denborarekin —batez ere XVI–XVIII mendeetan—, eta besteen artean, armak egiteko baliatzen zuten oletan ekoiztutako materiala. Gainera esan bezala, garai bakoitzera egokituz, udalerriak bestelako jarduera ekonomikoetara egokitzen joan zen, sarrailagintzaren indarrak eta ondorengo kooperatibismoaren sorrerak argi erakusten duten moduan.

Galtzada–harriak zapalduz

Herritik buelta bat ematera animatuz gero, eta alde zaharrera gerturatuta, harresi barruan zeuden Erdi Aroko kaleetatik ibiltzeko abagunea eskaintzen zaigu.

Parrokia  
Arrasateko parrokia.

Harresi hark zituen ateetatik hiruk jarraitzen dute zutik —Portaloia, Zurgin kantoi eta Kanpantorpe—, eta haietariko batetik sartuko gara Arrasate zaharrean. Maala kalearen amaieran topatuko dugu lehenengo sarrera, Portaloia. Hiru kale begiztatuko ditugu: parean nagusia, Erdiko Kale; ezkerrean aldiz, Iturriotz, eta eskuinaldean Ferrerias. Edozeinetatik abiatuta, garai zaharretako etxebizitzak topatuko ditugu, hau da, egitura estu eta luzeak dituztenak.

Eraikin dotoreak daude alde zaharrean. Esaterako, herriko plazaraino gerturatua, horietariko zenbait bertan daudela ikusiko dugu. Udaletxea, XVIII. mendeko eraikin liraina da; parean dauka XIII–XIV. mendeko Juan Bataiatzailearen parrokia; eta bi eraikinen artean dago besteen artean, XVII. mendeko Andikano–Loiola jauregi ederra.

Baina Arrasateko beste toki batzuk ere bisita ditzakegu, erdi aldetik kanpora. Ohartuko gara, arkitektura nahasiko herria dela eta garai bateko etxebizitza blokeek modernoagokoekin talka egiten dutela. Bisita ditzakegun tokietako batzuk, Maala kalea (etxe oso ederrekin, Okendo Jauregia kasu); Monterron jauregia eta parke zabala; Santa Barbara parkea —burdinazko dragoiak zaintzen du herria bertatik.

Eta herritik kanpora joanez gero, Bedoña edota Udala auzoetara gerturatzea aukera polita izan daiteke, landa giroaz disfrutatzeko eta osteratxo bat emateko. Animatzen zara?

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza