Euskonews Gaztea

217 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXIV): Laudio

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bagoaz beste behin Arabako lurretarantz; bertan, Bizkaiarekin mugan dagoen Laudioko herria zain dugu bere edertasunak gurekin konpartitzeko asmoz.

  Ugarte dorrea
Ugarte dorrea.
Argazkia:© Gaizka Garamendi (3digitala)

Denboran atzera–aurrera

Laudioko historiari errepasoa eginda, zenbait pasarte deigarriak egin zaizkigu. Esate baterako —eta ziurrenik toki estrategiko batetan kokatuta egoteagatik— Laudio Bizkaiaren baitan egon zen X. mende bukaerara arte, (Arabaren barruan sartu zenera arte), eta Gaztelarena ere izan zen 1332 inguruan, eta horrela jarraitu zuen 1491n Laudioko anaidia Araba izatera igaro zen arte.

Aiara ibarrean kokatutako udalerri honek aukera ugari eskaintzen dizkigu aisialdirako; inguruneak berak, naturarekin gozatzeko abagunea ematen digu; gura izanez gero, esate baterako, Gorbeia Parke Naturala ez daukagu horren urruti. Baina Laudio bestelako mendiek ere inguratzen dutenez, ihesalditxoa egin dezakegu horietariko batetara eta ikuspegiaz disfrutatu; horien artean Kamaraka (782 m), Pagolar (722 m) edota Kukutzakoatxa (721 m) daude.

Herri gunera bueltatuta, bertako arkitekturari erreparatuz jarraituko dugu osteratxoa.

  Lamuza parkea
Lamuza parkea.
Argazkia:© Gaizka Garamendi (3digitala)

Esan dugun bezala, udalerriaren kokapen estrategikoa aproposa izan da betidanik, eta ondorioz, garai batean garrantzi handiko igarobidea izan zen Nerbioi ibaiaren ondoan kokatutako herria. Horren erakusgarri dugu, Erdi Aroan hamar dorre altxatu zituztela; baina tamalez, ez diote guztiek denboraren joan–etorriari aurre egin ahal izan, eta bakarra iritsi zaigu XXI. mendera. Ugarte dorretxea da, eta XV. mendean eraiki zuten.

Gainera, XVII–XVIII. mendeko hainbat etxebizitza dotore ere badaude Laudioko kaleetan sakabanatuta. Katuxako jauregia aipagarria da, esaterako; edota Etxebarria baserri barrokoa, hain justu, 2011ko abuztuaren 29an onartu zuen herriko udalbatzak aurrealdea babesteko proiektua, ( ea egia den eta askotan gertatu bezala, gure historiako altxorretako bat ez den desagertzen!).

Lamuza Parkea, Anuntzibai edota Bitorika zubiak ere ikustera gerturatu gaitezke; azken horri dagokionez, erromatar garaikoa zela pentsatu izan zen, baina azkenean frogek XVIII. mendekoa dela erakutsi zuten uste oker hura argituz.

Amaitzeko, Euskal Gastronomia Museoa bisitatu dezakegu interesatuz gero; 1994an ireki zuten eta atzoko zein gaurko sukaldaritzaren gakoak ezagutzeko parada izango dugu Zubiko etxean. Ez da ideia txarra, gosea egin bitartean gure kuriositatea asetzea. Animatzen zara?

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza