Euskonews Gaztea

217 zbk.

June Fern?ndez
June Fernández
(Bilbo, 1984)

Ikasketez kazetaria da June Fernandez. El País egunkarian hasi zen lanean, eta denborarekin, genero gaietan espezializatzen hasi zen eta gai hori tratatuz hainbat aldizkaritan aritu da. Pikara Magazine aldizkari feministako zuzendaria ere bada eta Kazetarion Berdinsarea elkarteko sortzaileetariko bat. Bestalde, genero eta komunikazio gaiei lotuta, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu. 2011n gainera, komunikazio arduradun moduan dihardu Beldur Barik lehiaketan.

Elkarrizketa

June Fernández. (Beldur Barik)
Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Genero gaietan espezializatzen joan da urteekin June Fernandez gaztea, eta horren inguruko lan asko egin du, dela kazetari moduan edo era aktiboago batetan. Emakunderekin kolaboratzen du, SOS Arrazakeriarekin, eta gainera, Berdinsareak abiatutako Beldur Barik lehiaketan ere topatu dugu, komunikazio arduradun moduan. Feminismoak izan beharko lukeen garrantziaz eta gazteengan oraindik ere, matxismoa gogor errotuta dagoenaren kezkaz mintzatu zaigu bizkaitar gaztea.

Beldur Barik lehiaketaren bigarren edizioa martxan dago dagoeneko.

Ekimen hau Berdinsareak sortua da —Eudel barruan berdintasunaren alde diharduten berdintasun teknikarien koordinazioa eta elkarlana sustatzeko sorturiko sarea. Jakingo duzuen moduan, azaroaren 25a Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Berdinsareak urtero kanpaina bat bultzatzen zuen gaia lantzeko; gizonen inplikazioa bilatzeko kanpaina burutu zuen urte batetan, bestean gazteriari zuzendutakoa izan zen...

Hain justu konturatu ziren gazteekin lan egitea lehentasun nagusia zela, bi arrazoiengatik. Alde batetik, prebentzioa ezinbestekoa delako, eta bestetik, ditugun datuei erreparatuta, salaketen %36a 30 urte azpikoek ipintzen dituztela ikus baitaiteke. Beraz, prebentzioa bultzatzen dugu baina ahaztu gabe indarkeria sexista errealitate bat dela gazteen artean.

Beldur Barik  
Argazkia handitzeko, klikatu gainean.

Kezkagarria da, ezta?

Bai noski! Gainera, gazteek indarkeria sexistaren gaineko irudi estereotipatu bat daukatela argi dago; adibide bat ipintzearren, normalean gai honi buruz hitz eginda, emakume nagusi bat etortzen zaie burura, eta indarkeria soilik tratu txar fisikoekin lotzen dute.

Garrantzitsua da gaur eguneko indarkeriak zer–nolakoak diren identifikatzeko gai izatea. Esate baterako, bikotea zure Tuentin sartzen bada norekin hitz egiten duzun ikusteko, edo telefono mezuak kuxkuseatzen badizkizu, horiek kontrol estrategiak dira, eta noski, indarkeria mota bat dela argi eduki behar dugu. Guzti horregatik ikusi zen garrantzitsua zela gazteekin lan egitea.

Funtsezkotzat hartzen zen halaber, gazteak eurak izatea protagonista, helduak balira, ziur aski mezuak ez lukeelako eragin bera izango; modu horretan, beraiek izan daitezela hausnarketa burutzen dutenak eta hori hedatzen dutenak.

Gazteei zuzendutako lehiaketa da, baina zertan datza?

Bi kategoria daude; 12–17 urteko neska–mutilentzat bata eta 18–26 urte artekoentzat bestea. Kategoria bakoitzean aurkeztutako lan onenari 1000 euroko saria emango zaio. Zein da lanik hoberena? Beldur Barik jarrera hoberen transmititzen duena. Hau da, eguneroko bizitzan diskriminazioari eta erasoei aurre egiten dieten nesken jarrera: mugak eta beldurra gainditzen dituztenak, bakarrik gauzak egitera ausartzen direnak, beste neskekin elkartasuna indartzen dutenak... Baita matxismoaren kontra egiten duten mutilen jarrerak. Hoiek espresatzeko edozein formatu erabili daiteke: bai artelanak, musika, dantza, performance, idatziak, bideoak, etab., zein kontzeptuak, proiektuak, egunerokoak... Garrantzitsuena edukia da, transmititzen den mezua.

Baina hori ez da guztia, berritasunekin baitator bigarren edizioa. Esaterako, webgunean zintzilikatuko dira proiektu guztiak, eta herri bozkatzea egingo da, eta boto gehien eskuratzen duenak 300 euro jasoko ditu. Beste berritasun bat, euskal instituzio ezberdinak daudela sartuta —Eusko Jaurlaritza, hiru diputazioak, EHU eta EITB— eta esaterako, EHUn, urrian zehar hiru kanpusetan jarduera ezberdinak, eta azaroan, topaketa batzuk burutuko dira, eztabaida–guneak eta tailerrak antolatuz, besteen artean.

Eta Eudelen udal–sarearen ekimena denez gero, udalerri ezberdinetan ekintzak egin ditzaten nahi dugu, eta tokian tokiko sariak egongo dira... Ez dago beraz, parte ez hartzeko aitzakiarik!

Gauza oso serio baten gainean hausnarketa egiteko modu arin eta erakargarria bilatu gura izan da, ezta?

Bai, izan ere, betiko txapa botatzea zaharkituta dagoela ikusi da. Eskoletan–eta jasotzen dute diskurtso formala, hau da, denok berdinak garela, indarkeria sexista oso larria dela eta abar. Baina sormen eta sorkuntzaren bitartez beste bide batzuetatik joan eta emaitza ezberdinak lor daitezkeela ez dugu zalantzarik.

  Matraka
Matraka taldeko neskak zuzenean.
Argazkia: © Beldur Barik.

Esaterako, iazko irabazleetariko bat Olaia Aretxabaleta izan zen, eta berak bertso–rap bat egin zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Mezu argi eta zuzenak sortu zituen (“ama, gaur ez zaitut entzungo egingo dut nahi dudan hori”, “no voy a ser ni un jarrón ni un florero”, edota “eta nahi zaitut nire alboan ze zure besoak ematen didate niri bero, baina ez naiz inoiz sentitu preso”), erakargarriagoak dira eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute.

Baina gainera, egunerokoan ditugun grinak, haserrealdi txiki edo hausnarketei aterabidea eman eta jendarteari nola bizi nahi dugun adierazteko modu bat da. Eta bide batez, dirua irabazi daiteke, ezinegon berdinak dituzten pertsonak ezagutu, eta gazteok zeresana daukagula sentitzeko aukera ematen du Beldur Barik egitasmoak.

Iazko sariketa aipatu duzula, bistan da ez zela makala izan parte hartzaileen kopurua...

Lehenengo edizioa izateko, pentsatu baino jende gehiagok hartu zuen parte; 500 pertsona inguru, eta guztira, 100 bat proposamen jaso ziren, imajinatu! Gainera, azpimarragarria da, sare sozialen bitartez horietariko asko kontaktuan daudela, eta gai honen gainean lanean jarraitzen dutela.

Beste irabazleetariko bat Matraka talde feminista izan zen; Gure artean izeneko dokumental bat aurkeztu zuten, baina gainera, oso talde aktiboa da urte guztian zehar, futbol eta rock talde bat daukate... Hauek ere aurten hor daude, dokumentala beste gazte batzuei erakutsi, eta eztabaidak pizten... Oso garrantzitsua da beraien ekarpena.

Indarkeria sexistaren gainean gaur egun informazioa egon badago, baina lehen aipatu duzun bezala, oraindik askok ez dute identifikatzen. Non egon daiteke arazoa?

Niretzako oraino, ez da egin benetako hausnarketa sakonik. Indarkeria gaia erailketa matxistarekin lotuta soilik landu izan dela iruditzen zait. Hala, genero indarkeriaz hitz egiten denean, asko ez dira ohartzen oinarrian indarkeria sistematiko eta estruktural bat dagoenik, eta sufritzen dutenak, emakume izateagatik soilik pairatzen dutela egoera hori. Eta komunikabideetan ere, kazetariek ez dute hori ulertzen eta sarri bestelako azalpenak ematen saiatzen dira, gizona oso estresatua zegoela zorrak zituelako, adibidez.

  Murala
Argazkia: © Beldur Barik.

Nire ustez, erailketak izebergen puntak bakarrik dira. Historian zehar eraiki diren harreman eta botere erlazioak daude oinarrian eta noski, horrek zuzenean eragiten du ditugun maitasun ereduetan. Adibide bat ipintzearren, jeloskorra izatea amodioaren sintomatzat hartzen dute askok; nahiz eta ideia hori pixka bat atzerakoia iruditzen zaigun, gazteen artean dagoen ustea da.

Zure buruari egoera aldatuko ote den galdetuko bazenio, baikorra zarela esango zenuke?

Izan beharko! Halere, berdintasun formal horretan hezi gaituztenez, uste dugu dena lortuta dagoela, eta arazo bat dagoela identifikatzen ez dugun bitartean askoz zailagoa da aurrera egitea. Gazteekin hitz eginda ikusten dut hori, eta ohartzen naiz oraindik lan asko daukagula egiteko.

Askoz errazagoa zen feministen borroka 70ko hamarkadan ulertzera ematea, frankismo garaian eskubiderik ez zutela argi eta garbi ikusten baitzuten. Baina egungo gazteek ez dituzte bazterkeria motak antzematen, zantzuak ez direlako horren bortitzak, noski. Askotan lan mundura sartzerakoan errealitatearekin aurkitzen dira: gizonezko lankideak baino soldata baxuagoa daukatela ikustean, edota haurdun geratzeagatik baztertuak izaten direnean...

Baina baikor begiratzen diot etorkizunari bai. Zergatik? Geroz eta gehiago garelako borroka honetan gaudenak, eta Olaia Aretxabaleta edo Matraka taldeko moduko neskak ezagutzen dituzunean, errelebo bat badatorrela ohartzen zara; hauexek dira beste gazte batzuei errealitatearen berri eman eta bestelako egoera eraikitzen joatearen arduradunak.

Zuk zeuk genero gaietan aditu moduan, esparru ezberdinetako egoera ezagutzen duzu.

Hala da. Askotan ez da ulertzen gizarteko sektore ezberdinei eragiten dien arazoa dela. Har dezagun indarkeria matxista, esaterako. Gizon batzuk matxistak dira eta tratu txarrak eragiten dituzte; baina matxismoa oraindik ere gutxi batzuen gaixotasun moduan ikusten da, eta ez gizarte oso baten gaitz moduan.

Ikastetxe batetako patiora joatea besterik ez dugu egin behar matxismoaz ohartzeko. Han ikusiko ditugu neskak jolastokiko albo batean, toki txiki batetan jolasten; eta mutilak aldiz, futbolean dabiltza ia toki osoa okupatuz. Panpinekin batzuk eta gerretara jolasten besteak...

Toki guztietan dago desberdintasuna eta sexismoa: lanean, harremanetan, familian, gorputzari lotutako presioan... Gainera, edozein gizarte taldeetan emakume izateak bazterkeria faktore bat gehitzen du: emakume etorkina, zaharra, landatarra, homosexuala...

Egun, garai batean horren baloratua egon zen feminismoaren irudi distortsionatu bat dagoela iruditzen zaizu?

Beno, feminismoa beti mesfidantzaz begiratu izan da, baina emakumeen eskubideen aldeko neurriak lortu diren heinean, erresistentzia matxista sendotu egin da. Nik uste dut badagoela guzti honen atzean feminismoa desprestigiatzeko nolabaiteko kanpaina ez–formal bat. Post–matxismo deitzen dugun korronte bat existitzen da, eta hauek berdintasunaren alde daudela esaten dute, ez direla matxistak; oro har, mezuak geroz eta konplexuagoak dira, eta geroz eta makilatuagoak daude. Genero politikei iseka egiten diete, egun gizonak direla baztertuak esaten dute, feminazi kontzeptua erabiltzen dute gure kontra egiteko, gizonek ere tratu txarrak pairatzen dituztela azpimarratzen dute eta emakumeek askotan dirua irabazteko edo gizona izorratzeko salaketa faltsuak ipintzen dituztela sinestarazten dute...

Horregatik, garrantzitsutzat ikusten dut feminismoaren historia berreskuratu eta horren aldeko aldarria egitea, inolako mozorrorik gabe. Eta ezin dugu ahaztu feminismoa oso mugimendu iraultzailea bai, baina betidanik izan dela giza eskubideen aldekoa eta bakezalea. Feminista izateaz arro agertu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde gaudela esan behar dugu, eta bide batez, askok pentsatzen dutenaren kontra, argi utzi behar dugu emakumeak ez garela gizonezkoak baino gehiago sentitzen.

Azken finean guztion hoberako da, emakumeentzako bai, baina gizonezkoek ere onura bat aterako baitute berdintasun egoera batetara iritsiz gero. Matxismoak, azken finean, muga batzuk ipintzen dizkigu denoi, rol batzuk banatuz eta nahi duguna egiteko oztopo bilakatuz.

Denon eskuetan dago aldaketarako bidea orduan!

Zalantzarik gabe. Beldur Barik lehiaketara bueltatuz, gainera, mutilek ere parte hartzeko aukera daukate, eta Beldur Barik jarreraren gainean hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu gizonezkoek ere aurreiritzi asko apurtu behar dituztela oraindik. Besteen artean, ezin dituztela euren sentimenduak azaleratu, edo zer den edo zer ez gizonezkoen gauza, homofobiaren itzala ere hor dago...

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak, eta hori argi izan behar dugu.


Parte hartzeko:
jarrera@beldurbarik.org
Epea: 2011ko azaroak 11
Sare Sozialetan: Facebook, Twitter eta Tuentin


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza