Euskonews Gaztea

216 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXIII): Eguesibar

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Iruñetik kilometro eskasetara aurkitzen dugu Eguesibar, eta bertaratu eta ibarra osatzen duten udalerriez zertxobait gehiago ezagutzera animatu gara.

Sarriguren  
Sarrigurengo etxeak eta eliza.
Argazkia: © Archivo Sahats (3digitala)

Ez dira gutxi haran honetako herriak, hamalau baitira orotara; bertan kokatuta daude, Uztarrotz, Sarriguren, Ibiriku, Sagaseta, Erantsus, Gorraitz, Ardanatz, Azpa, Altzuza, Elia, Badoztain, Elkano, Olatz Txipia eta Egues. Bide batez, aipatzekoa da, garai batean azken bi horien artean txandakatzen zirela ibarreko udal nagusi izaera edukitzea, halere, gaur egun Egues dugu herri–gunea.

Eguesibar, historian

Eguesibar izendapen idatzia XIII. mendeko dokumentu batzuetan agertu zen aurrenekoz. Noski, horrek ez du esan nahi ordura arte tokia existitu ez zenik, ezta gutxiagorako ere. Horren erakusgarri ditugu, esate baterako, k. a. 1500. urtean datatutako aizkora bat edota erromatar garaiko hainbat zantzu topatu zituztela bailaran, zeramika kasu.

Mende batzuk aurrera egin eta, XII–XIII. mendean Eguesibarrek transformazio bat bizi izan zuela ezagutu dugu datuei begiratuta, ezen inbertsio ekonomiko handi bat egin eta 17 eraikin erlijioso altxatu baitziren sasoi hartan. Horietariko zenbaitzuek zutik jarraitzen dute, eta bertaratuz gero, bisitatzera gonbidatuta gaude. Hala, Ardanatzeko San Bizente eliza, Altzuzako San Esteban, Egueseko San Martin, Erantsuseko Salbatoreren eliza edota Olatz Txipiko San Pedro aipa genitzake, besteen artean.

  Oteiza
Jorge Oteiza museoa, Altzuzan.

Denboraren gurpilari berriz eragin, eta XIV. mendean geratuko gara. Hain zuzen ere, garai hartan Europako beste toki askotan jazo zen moduan, bailara honek ere pairatu zuen izurri beltza, eta ondorioz, orduko biztanleria kopuruaren heren bat gaixotu eta hil egin zen. XVI. mendean aldiz, —zehatzago esanda 1512an— Nafarroako Erresumako azken errege–erreginek bailaran dagoen korridorea baliatu omen zuten Gaztelako tropengandik ihes egiteko.

Baina gatozen garai modernoagoetara eta egin dezagun geldialdia 1975. urtean. Altzuzan gaude, eta gurekin dago eskulturagile gipuzkoar ezagun bat, Jorge Oteiza. Urte hartan hutsik zegoen etxe bat erosi zuen artista handiak emaztearekin batera, eta denborarekin lekua atondu eta lantoki eta etxebizitza gisa prestatzeari ekin zioten. Egun, gipuzkoarraren bizitza eta obra hobeto ezagutu gura dutenentzako museo eta ikerkuntza zentro bat da.

Ez da aukera txarra egun pasada egiteko. Bazatoz?

‹‹Orain arteko ibilaldiak››

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza