Euskonews Gaztea

213 zbk.

Gaiak

Energia nuklearra, bai?

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Martxoaren 11 aipatuz gero zer adierazi nahi dudan galdetuko du norbaitek; Japonek bizitako lurrikara eta ondorengo tsunamiaz hitz eginez gero aldiz, denoi etorriko zaizkigu burura hondamendiaren irudiak.

Zentral nuklearra  
Argazkia: CC BY — Aldo Cauchi Savona

Triskantza galanta bizi izan zuen uharteak; hildako eta desagertuen artean 23.000tik gorako zifrak bota zituzten bere garaian. Eta nola ahaztu, Fuckusima eta lurrikararen osteko alarma nuklearra. Nahiz eta lasaitasun mezuak zabaldu gura zituzten, azkenean onartu zuten bertan normala baino 400 bider handiagoa zela erradiazio maila, eta inguruko jendeari zenbait jaki kontsumitzea eta iturriko ura edatea debekatu zieten. Hobera egin omen dute gauzek, baina bost hilabete igaro direnean, oraindik tantaka albiste ez oso lasaigarriak iristen zaizkigu belarrietara.

Fuckusimako gertakari latz hark mundu osoan eduki zuen eragina, eta horietariko bat, energia nuklearraren inguruko eztabaida berpiztu izana izan zen. Txernobilgo hondamendia (1986) etorri zitzaigun guztioi burura, eta halakorik errepikatu gura ez dutenek ahotsa altxatu zuten beste behin. Esan behar da, lehen energia nuklearraren kontrako oihuak asko baldin baziren, Japonekoaren ondoren biderkatu egin zirela.

Badirudi, eta azken albisteen arabera, gugandik gertu dagoen Garoñari ixte–data ipini diotela: 2013. Diotenez, ez dauka atzera bueltarik erabaki horrek, eta halaxe izatea gustatuko litzaidake, ez oso urrutiko etorkizun batetan bestelako energia iturriak erabiliko ditugula sinetsi gura baitut.

Pentsatu zentral nuklear guztiak itxi egiten direla. Bikain! Halere, iturri garbiagoak eta seguruagoak erabiltzen hastearen ametsa egia bilakatu dadin, argi izan behar dugu egun ditugun ohiturak ez direla batere jasangarriak eta gure eguneroko usadioak aldatu beharko ditugula, hau da, beste modu batetan bizitzen ikasi beharko dugu.

Eroso bizi gara oso, eta horretatik irtetea kosta egingo zaigula ez daukat zalantzarik. Halere, esfortzu txiki batek etorkizun hobea adierazten baldin badu, zergatik ez saiatu? Ez da biharko gauza izango, baina etzidamu gure ondorengoek energia nuklearra iraganeko munstro bat moduan ikusteko aukera sortu beharko genuke, poliki bada ere.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza