Euskonews Gaztea

211 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Habanaren doinuekin dantzan

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak

Kubak badauka erakargarri egiten duen zerbait. Karibe itsasoa bertan edukitzeak, klimak edota herri iraultzailea izateak bultzatuko gaitu lur haiek bisitatzera, agian.

Baina Kubara joatea eta Varaderoko hotel batetan sartuta egote hutsak zigorra merezi du. Kubak askoz gehiago eskaintzen dio motxila bizkarrean hartuta abentura pixka baten bila doan bisitariari eta nire esperientziatik, bigarren honen hautua egitera gonbidatzen zaituztet. Dena den, joaten zareten moduan joanda, Habana nahitaezko geralekua duzue.

Habana
Habanaren ikuspegi bat.

Aireportutik irteteaz batera ohartzen gara hiriak usain ezberdina irradiatzen duela. Gasolina–lurrina dauka, beroarekin nahasturik dagoena, gainera. Bero, bai. Izan ere urte guztian zehar tenperatura altua egin arren, hezetasunak nabarmen egiten du gora urteko zenbait hilabetetan. Beraz, patxadaz hartu eta ur botila eskuan dugula ibiltzea gomendagarria da (eta ez ahaztu eguzkitako krema!

Horren da handia hiriburua —bi milioi pertsonatik gora bizi dira datuen arabera!— txoko ugari dauzkagula aukeran bisitatzeko; eta hiritik mugitzeko moduak ere anitzak dira. Oinez ibil gaitezke; autobusez; zaldiek tiratutako gurdietan zein bicitaxietan; guretzako automobil klasikoak eta eurentzat eguneroko ogia diren taxi ederretan; motor batek bultzatutako bi bidaiarirentzat tokia duen cocotaxietan... Eta lasai, edonon topatuko duzu aipaturiko edozein ibilgailu, eta despistatuta baldin bazoaz zure atentzioa bilatuko dute, oihu eginez edota klaxona joaz. Honen harira, esan zaratatsua ere egiten dela hiria, baina ohitu egingo gara denbora apur batekin.

Antzoki Nazionala  
Antzoki nazionala, eta cocotaxi horiak.

Kubaren noranzkoa aldatuko zuen historiaz zipriztintzeko, Iraultzaren Museora joanez has gaitezke hiriburua bisitatzen. Bertara iristeko, galdetu Lehendakariaren Jauregiagatik, hantxe baitago kokatuta. Fidel Castro buru zuen iraultzaren nondik norakoaren gainekoak ezagutuko ditugu informazio panelen, argazkien, objektu pertsonalen eta bestelakoei esker. Gainera, Che Komandanteak nazionalitate kubatarra eskuratu zuen bulegoa bera ere bisita daiteke, Fulgencio Batistaren aginduz burutzen ziren tortura moduez jabetu, Granma itsasontzia ikusi...

Museoa Habana Vieja edo alde zaharrean dago eta handik irtenda, gertu izango ditugu leku entzutetsutako asko: Bacardi eraikina, Capitolioa, Antzoki Nazionala, Hemingway idazleak ezagun egin zituen Floridita eta La Bodeguita del Medio tabernak —Nire mojitoak La Bodeguitan, eta nire daikiriak Floriditan esan zuen idazle handiak. Eta idazle estatubatuarrak sanferminekin egin bezala, hemen ere utzi zuen bere arrastoa: bi tokiak jendez lepo egoten dira eta prezioek ere goraka egiten dute zerbait hartu gura badugu...

Hainbat plaza ere baditu Habana Viejak bere baitan, eta guztiek dute berezitasunen bat, gainera. Hala, Armen plazaren bueltan, bigarren eskuko edo gehiagoko liburu, argazki kamera, postal eta abarren azoka egiten da egunero. Gainera, enparantzaren alde batetan, lurrera begiratuta aspaldiko zorua mantentzen dutela ohartuko gara, egurrezkoa izaten jarraitzen baitu!

Turistak plaza ondoan dagoen Hotel Ambos Mundosera joaten dira; Hemingway berriz ere protagonista izango dugu, hantxe hartzen baitzuen askotan ostatu Habanara iristean eta gela hura bisitatu daiteke. Gu, azken solairura iristeko igogailu zahar baina fidagarrian sartuko gara, eta botoiari sakatzea lanbide duen kubatarrak mojitoa edatera? galdetuko digu, esan bezala, turista ia guziek egiten omen duten zerbait baita. Goialdean, ikuspegiekin gozatzeko tartetxo bat hartu dezakegu, zuzeneko musikaz alaituta, gehienetan.

Handik gertu, Katedralaren plaza dago, kolore iluneko eraikuntza erlijiosoaren aurrealdeko txoko polita. Jauregiek —berriztatuak edo ez— inguratzen dute, eta zertxobait edan eta beroari aurre egiteko toki bikaina da itzala nagusi izaten baita. Plaza Viejan aldiz, kontraesaneko toki batetara iritsi garela ohartuko gara. Izan ere, eraikin dekadenteak edukitzea da Habanaren ezaugarrietako bat, eta plaza zahar horretan dena dago eraberritu eta txukunduta eta dirdira egiten dute kolore alai eta biziekin margotutako eraikinek.

Bestalde, ez dakit jakingo duzuen baina kubatarren afizioetariko bat beisbola da. Benetako pasioa sortzen die batzuei kirol honek eta aurreko eguneko partida, historiako jokalari onenak nortzuk izan diren eta abar eztabaidatzeko xedez, izkina beroa —esquina caliente— deitzen duten toki bat aurkituko dugu Antzoki Nazionalaren parean, Parke Zentralean. Han 40 bat lagun biltzen dira egunero eta atentzioa ematen du nolako zalaparta egiten duten aditzeak; beti ere errespetuan jokatuz.

  Camilo Cienfuegos
Camilo Cienfuegos, Iraultzaren Plazan.

Habana Viejatik gertu, Txinatar auzoa dago; kaleak izendatzeko gaztelania eta txinera erabiltzen da. Toki kuriosoak ditu auzuneak, eta zerbait jan gurako bagenu baditu hainbat jatetxe, Tien Tan kasu; janari sinplea baina goxoa, eta giroa ere ona. Kanpoaldean mahaiak ditu eta eraikinetik eraikinera doazen faroltxoek girotzen dute kalea.

Baina goseari aurre egiteko beste zerbaiten bila bagabiltza, bestelako jatetxeak topatuko ditugu, eta janari azkarra probatzera animatzen denak ere izango du non aukeratu. Beste plan bat, paladar izeneko tokiak dira; normalean etxebizitzen barruan kokatutako jatetxeak, merke antzean eta gehienetan goxo–goxoa. Gure txanda itxaron beharko dugu ziurrenik, baina merezi du kubatarrekin nahastutako leku batetan jateak.

Indarberrituta, aurrera egingo dugu eta noski, ezin dugu Habanako toki esanguratsuenetariko bat aipatzeke utzi: Iraultzaren Plaza. Bertatik Fidelek hitzaldi luzeak —ordutakoak!— bota izan ditu milaka pertsonen aurrean, eta parean Cheren irudia eta Hasta la victoria, siempre esaldi famatuaren begiradapean. Duela denbora batetik, beste komandante batek egiten dio konpainia Ernesto Guevarari: Camilo Cienfuegos eta haren Vas bien Fidel esapideak, hain zuzen. Plaza honetan, Kubako ikur handienetariko baten eskultura ere topatuko dugu; Jose Marti pentsalaria, filosofoa, poeta eta iraultzailea izan zen eta Kubako Alderdi Iraultzailea sortu zuen 1892an.

Arratsalde partera, itsaso bazterrera joateko aprobetxatu eta Habanako malekoira gerturatuko gara; ilunabar eder batekin disfrutatzeko parada emango digu paseatzen dugun bitartean. Beroa gutxitzen nabarituko dugu ordu horietan, eta itsasotik sartzen den aireak biziberritzen gaituela sentituko dugu.

Halere, bada gauari hasiera emateko beste hitzordu kurioso bat Habanan. San Carlos de la Cabañara joatea funtsezkoa dugu horretarako, eta taxi bat hartuta bertaratu gaitezke. Kanoikada deituriko ohitura XVIII. mendean hasi zen eta hiriko ateak itxi egiten zirela iragartzeko kanoikada bat burutzen dute, gaueko 9etan. Toki lasaia eta ederra da San Carlos de la Cabaña, eta Habanaren beste panoramika batekin disfrutatzeko abagunea eskaintzen digu, gainera. Halere, gomendagarria da 8etarako bertan egotea museo moduan ere funtzionatzen baitu eta begiratu bat emateko.

Habana hondartza balitz, hondar aleak lirateke soilik hemen jasotakoak. Hainbeste daukagu ikusi eta ezagutzeko! Obispo kale bizia; Prado pasealekua eta haren amaieran, malekoitik gertu dagoen Prado 12 kafetegi txiki eta erakargarria; Kolonen nekropolia; Partagas Tabako Fabrika; musikaz alaitutako edozein txoko... Habanaren doinuekin dantzatzera animatu!

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza