Euskonews Gaztea

209 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Boise, Idaho, AEB

Izaskun KORTAZAR

Ongi etorri Euskal Herriko 8. probintziara, Idahora!

Badakizunez, AEBetan hainbat euskaldun daude eta gehienak Kalifornian badaude ere, Boiseko euskaldunak oso ezagunak dira. Zergatik? Euskal kulturaren alde lan handia egiten dutelako, alkatea euskalduna delako eta EITBn askotan agertzen direlako. Mitoa alde batera utzita, Boiseko euskaldunak oso ezagunak dira Boiseko euskal museoaren inguruan (km bat edo) euskaldun kontzentraziorik handiena dagoelako AEBetan.

  Argazkia
Boiseko alde zaharreko kale bat.
Argazkia: CC BY — Diane Tayler

Gero eta euskaldun gehiago hurbiltzen dira Boisera senitartekoak ezagutzera edo Jaialdiaz gozatzera. Baina zer dago Boisen eta Idahon euskaldunez gain? Boisen badago zer egin eta zer ikusi. Baina hori baino lehenago, hemen duzu informazio apur bat hobeto uler dezazun nolakoa den Boise: hiri honetan 205.671 biztanle besterik ez daude 2.010eko erroldaren arabera, baina ondoan dituen herritxoak kontuan harturik, biztanleria 616.500era iristen da. Euskal Herriarekin alderatzeagatik, Bilbon miloi bat pertsona bizi direla esaten dugunean, inguruko Basauri etab kontuan hartzen dugulako da.

Boise 1863.ean sortu zen gertuko Silver City eta Idaho City herrietan zilarra topatu zenean eta 1964.ean hiriburu izendatu zuten. Boise, Idahoko hiriburua da eta hego–mendebaldean kokatuta dago Ada konderriaren barruan dagoelarik. Baina Boise ez da beti hiriburua izan, aurretik Lewiston izeneko iparraldeko herria izan zen Idahoko hiriburua.

Boise 850 m–tara dago eta laua bada ere mendiz inguratuta dago. Boise izeneko errekak zeharkatzen du eta Owyhee mendiak ondoan ditu. Klima erdi lehorra da eta lau urtaroak oso nabariak ditu. Udan 38° egon daitezke hainbat egunetan zehar eta neguan –18°tara hel daiteke. Udan 46 egunez 32° izaten dira eta urtarrileko bataz besteko tenperatura –10°koa da. Beraz, atera kontuak eta berokia! Elurra 48 cm–tara heltzen da sarri baina bestalde ez du euri askorik egiten. Udazkenak oso politak dira hiriko zuhaitz guztiak gorriz, laranjaz eta horiz janzten direnean hilabetez. Udaberrian freskotxo egiten du eta euria egiten du 2 astez edo.

City of Rocks
Iturriak udaletxe aurrean.
Argazkia: CC BY — Diane Taylor

Boise izena nondik datorren zehazki ez dakigun arren, badago teoria bat zera dioena: Ameriketako ejertzitoak hainbat aste eman zituen lur lehorrak zeharkatzen eta bat batean Frantsesa zen gida batek Boiseko zuhaitzak eta erreka ikustean oihukatu zuen: Les Bois! (basoa esan nahi duena). Ahaztu baino lehen, “Boisi” ahoskatzen da. Baina historia alde batera utzita, ikus dezagun zer daukan hiri honek erakusteko.

Boiseko alde zaharrak “down town” du izena. Bertako eraikuntzarik altuena US Bank da eta 20 pisu ditu. Beraz, bertako eraikuntzak txikiak dira. Alde zaharra edo zentroa ez da oso handia baina bertan hainbat denda polit, kafetegia, taberna eta jatetxe daude eta zenbait herrialdetako janaria topa daiteke.

Udan pertsona asko ikusiko dituzu terrazetan garagardoa edaten eta lagunekin berbetan. Neguan berriz, ez duzu ia inor kalean ikusiko hotza dela eta. Zentroan “Basque block’ izeneko kalea dago baina benetako izena “Grove” kalea da. Hau da euskaldunen kalea. Kale hau Main Street eta Front kaleen artean dago eta 6th eta Capitol kaleean artean. Gernika taberna, Lekuona jatetxea, euskal merkatua, euskal etxea, euskal museoa eta frontoia bertan daude. Euskaldunak ezagutu nahi badituzu eta euskal janaria jan nahi baduzu, Grove kaleaz galdetu. Asteburuetan euskal etxean hainbat ekitaldi daude eta astean zehar beti dago zer edo zer. Asteartetan “Txantxangorri” musika taldeak (trikitixa, pandero, akordeoi eta txalaparta) eta “Boiseko gazteak” dantzariek entrenatzen dute. Ostegunetan euskara klaseak daude euskal museoan, igandeetan “Oinkari” dantza taldeek entrenatzen dute. Asteazkenetan pilota lehiaketak daude frontoian eta museoa irekita dago asteartetik igandera. Igande arratsetan Lekuona eta euskal etxea itxita daude. Kale honetan ikurrinak eta lauburuak daude lurrean eta argietan.

Boise ez da oso hiri handia baina biztanle gehienak etxetan bizi direnez, bada hiri zabala. Etxe bakoitzak lorategia du eta sarritan lorategiak handiak izaten dira.“North End” izeneko auzoan antzinako etxeak daude eta nahiko auzo hippya kontsideratzen da garestia bada ere. Etxeek lorategi txikia dute eta autoak kalean daude ez baitago garaje modernorik. Baina ez kezkatu, Boisen erraza da aparkatzea eta ez dago trafiko askorik. Auzo hau oso lasaia da eta udako gauetan errepidean ibil zaitezke autoen beldurrik gabe. Honetaz gain, AEBtako beste hiriekin alderatuta oso hiri segurua da. Bertan “Harryson Boulevard” kalean etxe erraldoi eta dotoreak aurkituko dituzu. Kale honetara hurbiltzen dira umeak Halloween gauean gozokiak hartzera eta kalea mamuz eta Drakulez betetzen da. 13th kalean “Hyde Park” dago eta udako gauetan eta igande goizetan jendez gainezka ikusiko dituzu tabernak eta jatetxeak. Parketik hainbat ibilbide daude eta txakurrak, bizikletak eta ibiltariak ikusiko dituzu. Bai, AEBetan egon arren, Boiseko biztanleak oso kirolzaleak dira. Mountain bike kirolak arrakasta handia du hemen. Hyde Parketik gora “Foothills” dago eta bertan daude herriko etxerik dotore eta garestienak. Aldapan gora daudenez, oso bista onak daude bertatik. Hiri osoa eta Owyhee mendiak ikus daitezke bertatik. Warm Springs izeneko kalean ere sekulako luxuzko etxeak ikus ditzakezu.

  Argazkia
Lucky Peak parkea.
Argazkia: CC BY —Joan Caroline

“Downtown” eta “Boise State University” artean Julia Davis parkea dago Boise errekaren bi aldetara. Parkean zehar bidegorria dago eta familia asko ibiltzen da bizikletaz, oinez zein patinez. Bidegorria erreka ondoan doa eta hainbat zuhaitz daudenez, oso leku aproposa da bizikletaz ibiltzeko udan. Parkean hainbat mahai eta barbakoa daude jateko, futbol, beisbol eta tenis zelaiak. Futbol, frisbee eta boleibola ere jolas daiteke. Parkean “horse shoes” jolasteko aukera ere badago. Zaldien ferrak iltze batera bota eta iltzean geratu behar dira.

Udan ia astero egoten da jairen bat (artea, janaria, garagardo jaiak etab). Errekan hainbat txalupa eta pneumatiko ikusiko dituzu udan. Freskatzeko asmoz, Boiseko jendeak erreka jaisten du. Bi ordu edo behar dira erreka jaisteko. Ura lasaia da baina hotza ere bai. Errekan bertan arrainak ere arrantza daitezke. Idahoko arrainik ospetsuena Steelhead da. Hauxe da bertako hockey taldearen izena. Bestalde, Boise State Universityn Ameriketako futbol partida ikusi ahal duzu aparkalekuan garagardo batzuk edan eta gero.

Udan tenisean, futbolean, beisbolean jolastu ahal zara parkeetan. Boisen hainbat parke daude. Barbakoak egitea ere oso arrunta da eta errekan bainatzea. Kanpin egitea boisetarren ekintzarik gustukoena da eta Idahoko hainbat lekutara joaten dira. Leku guztietan daude kanpin munizipalak $5/gaueko/autoko. Komunak eta barbakoak dituzte. Sua egiteko egurra saltzen dizute. Baina edonon kanpatu dezakezu, erreka ondoan, hondartza txikitxo baten ondoan... eta dohainik. Hondartzarik ez dago Idahon baina “Lucky Peak” izeneko presa bai eta hondartza modukoa da. Bertako euskaldunek “La Concha” deitzen diote.

Larunbat goizetan maiatzetik urrira “Farmers’ market” dago, hau da, merkatua eta nekazariek eta artistek haien produktuak saltzen dituzte 8th kalean. Neguan ere “Winter” merkatua dago.

Udako asteazkenetan “Alive After 5” musika kontzertuak egiten dira 8th kalean eta dohainik dira. Idahon ezin da alkoholik edan kalean baina hemen eta euskal jaietan bai. Inazio Deuna uztailaren azken asteburuan ospatzen da Boisen eta herri kirolak, euskal dantzak, berbena... egoten da. Euskal herrian zaudela dirudi.

City of Rocks
City of Rocks.
Argazkia: CC BY — Charles Knowles

Erosketak egin nahi badituzu “Boise Town Square” merkataritza gunera joan zaitezke; 2 pisu ditu eta hainbat denda. Merkataritza zentro hau “Bench” izeneko zonaldean dago, erdigunetik 15 minutura autoz. Autobusez ere joan ahal zara baina igandeetan ez dago autobusik Boisen eta astean zehar arratseko 7ak arte bakarrik. Handik aurrera “Boise West” izeneko zonaldea dago eta etxerik berrienak topa ahal dituzu. Ezer ez da urrun Boisen. Aireportutik alde zaharrera 5 minutu besterik ez dago eta.

Museo zalea bazara, “Black History”, “Idaho History”, “Modern Art”, Minerologia... museoak dituzu. Antzineko kartzela ere ikus dezakezu. Hilabeteko lehen ostegunean guztiak dohainik dira eta taberna askotan musika eta arte erakusketak daude.

Neguan “Bogus Baisin” mendian eskiatu ahal duzu (alpinoa, iraupen–eskia...). Mendi hau zentrotik 45 minutura dago eta autobusez joan zaitezke. Idaho da ur termal gehien duen estatua AEB osoan, beraz neguko Gabonetan uretan sar zaitezke eta gorputza berotu. Hainbat ur termal naturalak dira eta beste batzuetan ordaindu behar duzu sartzeko. Biluzik zein bainujantziz sar zaitezke naturalak direnetan.

Boisetik irten nahi baduzu, ordu batera “Bruneau” dunak dituzu eta Idaho City, antzinako meatzari herria, 3 ordutara “City of Rocks” harkaitz ikusgarriak eta eskalatzeko leku aproposa eta “Craters of the moon” sumendien labaz egindako parkea eta kobak, Mc Call herri turistikoa duzu, bertan lakuan bainatu, eta Ponderosa parkean eskiatu ahal duzu, eski pistara joan edo izotz estatuak ikusi. Ekialdera beste 3 ordutara Sun Valley eskiatzeko herri turistikoa duzu eta bizikletaz ibiltzeko bidegorria ere bai. Sei ordutara Yellowstone parke ospetsua eta geisher eta hartzak, bufaloak, oreinak etab ikus ditzakezu.

Beraz, badago zer egin Boisen. Ongi etorri Boisera!

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza