Euskonews Gaztea

208 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXX): Iholditik Heletara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroa Behereak badauka xarma berezi bat, ingurugiroarekiko errespetuak eta lasaitasunak areagotu egiten dutelarik sentsazio hori.

Gaurkoan bi udalerri bisitatzera abiatuko gara Iholdiko kantonamendura; hamar kilometro eskasek bereizitako Iholdi eta Heleta zain dauzkagu. Aurrena, zonalderi izena ematen dion herrixkan barneratuko gara.

  Iholdi
Iholdiko Oltze Gaztelua.

Iholdi

Antzinako aztarnak zain ditugu Iholdin, zehatzago esanda, bi dolmenen berri iritsi zaigu belarrietara: Laparzale eta Unarraita gainekoak. Hala gure txangoa mendi bueltatxo bat eman eta horiek ikustera joanez has gaitezke, gura izanez gero.

Iholdiko herritarrek historian zehar gauza ugari bizi izan dituzte; datu batzuk aipatzearren, XIX. mendean adibidez, zalditeria frantsesak inguruko beste udalerrietan egin bezala, Iholdira sartu eta lapurretak burutu zituen. Bestalde, II. Mundu Gerlaren ondorioz, zonaldea alemanen eskuetara igaro zen 1940an.

Udalerrian barneratuz baina, aipatzekoa da Iholdi erdian aurkituko dugun Donibane eliza hilerri batek inguratzen duela, eta bertan, XVII. mendeko hilarriak daudela. Bestalde, elizaren parean dagoen plazan pilotalekua begiztatuko dugu.

Baina badugu zer ikusi Iholdin. Hain zuzen, garai batetako nobleziaren testigantzekin egingo dugu topo Baxenabarreko txoko honetan; besteen artean Uhalde, Elizabelar, Etchepare edota Oltze ziren aitoren seme–alabetako batzuk. Hala, XVII. mendeko Elizabelar Etxea edota Oltzeko gazteluak ikustera gerturatu gaitezke.

Heleta  
Heletako elizaren aurrealdea.

Heletara bidean

Gure ibilaldiarekin jarraituko dugu eta Heleta jomuga izanik harantz ipiniko dugu noranzkoa. Laborarien lurretan jarraitzen dugu eta Iholdin gertatu bezala, hemen ere historiaurreko aztarnak daude, zirkulu formako tumulu batenak, hain zuzen.

Ingurugiroak erakarrita sentituz gero, eta Iholdin joan ez bagara, badugu muinoren batera igotzeko abagunea; esate baterako Garralda (470m) zein Baigura (897 m) abia gaitezkeela aipatu.

Heletan bertan geratzea hautatuz gero aldiz, San Bizente ermita, azoka plaza eta inguruak edota eliza eta bertako hilerrira gerturatu gaitezke —eta XVII. mendeko harribitxietan ere arreta ipintzeak merezi du, hain zuen 1600. urtetik aurrerako hilarri batzuk baitaude.

Jomuga izan dugun herrixka honek bi hitzordu esanguratsu ditu markatuta egutegian, eta ezin aipatu gabe utzi. Horietariko batek azoka plaza du protagonista; urtero azaroan egiten den Zaldien Azokaz ari gara. Bigarren hitzorduari dagokionez aldiz, Ipar Euskal Herriko jaialdi handiena jasotzen du 2009tik; uztaileko lehenengo asteburuan burutzen den EHZ Festibala. Urtero milaka lagun gerturatzen dira jaialdira, eta Heletaren lasaitasuna hautsi egiten da egun batzuez, gazte eta ez horren gaztek parte hartzen baitute askotariko ekintzetan, besteen artean, hitzaldi, ikastaro, ikuskizun eta nola ez kontzertuetan.

Bi leku eder hauek ezagutzeko aukera galduko duzu?

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza