Euskonews Gaztea

207 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXIX): Eskoriatza

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gipuzkoan barrena abiatuko gara jarraian, zehatzago esanda, Eskoriatza aldera joko dugu gure proposamenean.

Aitzorrotz mendiaren magalean aurkitzen dugun udalerri ederrak zer ikusi eskaintzen digu. Historian zehar bidaiatu eta, Eskoriatzaren idatzizko aurreneko aipamena, XII. mendeko agiri batzuetan jasotzen dela diote adituek.

Pagoeta
Eskoriatzako Ibarraundi museoaren fatxada gauez
Argazkia: CC BY — Imamon

Atxorrotz moduan ere ezagun den muinoan, Nafarroako Erresumarena zen gaztelu bat egon zela diote dokumentu eta indusketek, eta beraz esan genezake, mendiak literalki zaindu duela ez bakarrik udalerria, baita ibarreko beste hainbat zonalde ere. Bertaraino igoz gero (738 m), ohartuko gara zer nolako egitekoa eduki zuten eraikuntza hari forma emateko; hori bai, toki estrategiko bikaina hautatu zuten. Egun, XVI. mendeko Gurutze Santuaren ermitak hartzen du tontorra.

Mendia utzita, udalerrira jaitsi eta Eskoriatza sakonago ezagutzen jarraituko dugu. Gipuzkoako Ermandadean 1497. urtean sartu zen Aretxabaletarekin batera –orduan bi udalerriek Leintz Bailara osatzen zuten. Halere, egoera aldatu eta 1630. urtean banandu egin ziren, eta ordutik Eskoriatzak zazpi elizate ditu: Zarimutz, Mazmela, Mendiola Gellao, Marin, Bolibar eta Apotzaga.

Indianoen eragina

  Argazkia
Gellao elizatea.
Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Kaleetatik gora eta behera goazela, antzinako garaietara eramango gaituzten eraikinak topatuko ditugu; eta erdiguneaz gainera, aipaturiko elizateetan ere zer ikusi edukiko dugu. Erlijioso eta zibilak, askotarikoak dira Eskoriatzako harribitxiak, eta geuk, horien lagin txiki bat besterik ez dugu ekarriko hurrengo lerroetara.

Baina hasi aurretik, aipatzekoa da garai batean euren bizimodua hobetu asmoz esaterako Amerika aldera bidaiatu zuten herritar batzuen ekimenez altxatu zirela jarraian aipatuko ditugun etxeak: XVIII. mendeko San Pedro eliza barrokoa edota mende berdineko Zaldibegoitia jauregia (herriko plazan dago).

Badira halere, kontatzeko asko duten bestelako eraikuntzak ere. Besteen artean, Ibarraundi jauregia (XV) — egun museoa hartzen du bere baitan; Errosario ospitale zaharra (XVII) — unibertsitatea dago bertan; elizaren parean dagoen Gastañadui etxea (XVIII); edota Santa Ana komentua (XVI). Elizateetan aldiz, esaterako, XVI. mendeko Andre Mariaren Zeruratzearen eliza aurkituko dugu Mazmelan; San Pedrori eskainitako XVIII. mendeko eliza Zarimutzen; Gellaon aldiz, XVII. mendeko Paduako San Antonio Ermita...

Eskoriatza ezagutzeko gonbitea luzatuta, bertaratu, eta hemen jasotakoak bisitatzeko tartetxo bat hartu, baina baita ezkutatzen dituenak deskubritzeko ere, merezi du eta!

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza