Euskonews Gaztea

205 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXVII): Getaria inguruak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gipuzkoako kostaldean, Zumaia eta Zarautz artean burutuko dugu gaurko txangoa, eta gurekin etortzera gonbidatzen zaitugu.

Getaria  
Getariaren ikuspegia eta San Salbador Eliza.
Argazkia: © Iñigo Madina de Salustiano (3digitala)

Juan Sebastian Elkano itsasgizon ezagunaren jaioterrian gaude, eta gordetzen dituen bazterretariko batzuk ezagutzeko probestuko dugu egonaldia. Historian, XIII. mendera arte bidaiatu eta hiri–gutuna jasota, hiribilduaren sorrera orduantxe eman zela ikusiko dugu. Halere, bada inguru horietan aurretik gizon eta emakumeen presentzia adierazten duten hainbat zantzu. Askoren artean, Ekain zein Altxerriko kobazuloen adibideak ditugu; beranduagoko aztarnak aipatzearren, Getarian bertan aurkitu ziren erromatar garaiko zeramika zati eta txanpon batzuk ditugu testigantza moduan.

Kostaldeko udalerriek berezkoa dute itsasoarekin maitasun–gorrotozko harremana mantentzea, eta Getaria ez da salbuespena izan; herria itsas portu nagusia izan zen XIII–XV. mendetan zehar. Ondorioz, getariar askoren ogibidea arrantzale izatea izan da, eta maiz gainera, bidaia luzeak egiten zuten, Artikora edota Ternuara, bakailao zein balearen arrantzan jardutera.

Azken animalia horrek, izugarrizko garrantzia eduki du herriaren historia. Hain zuzen, arrantzatzen zuten baleekin negozioa egin eta jasotako dirua kai, hesi eta bestelakoak konpontzeko baliatzen zuten, bai eta biztanleen behar publikoak asetzeko ere.

Kalean gora, kalean behera

Baina goazen udalerria bisitatzera. Hainbat puntu ezberdinek gure arreta piztuko dute eta txangoari hainbat zertzelada emango dizkiogu jarraian.

  Getaria
San Anton mendia eta itsasargia.
Argazkia: © Iñigo Madina de Salustiano (3digitala)

Hala, eta eraikin erlijiosoetatik hasita, alde zaharrean bertan dagoen San Salbador eliza hartuko dugu hizpide aurrena; XIV eta XV mendeen artean eraikia, harro altxatuko da estilo gotikodun eraikina gure begien aurrean. Askizu auzoan aldiz, San Martin eliza gotikoa eta San Prudentzio ermita aurkituko ditugu; eta Meagan aldiz, San Isidrori eskainitakoa.

Halere, Getariak bestelakoak ere eskaintzen dizkio bisitariari. Aurrez aipaturiko San Salbador elizaren ondoan XV. mende inguruko Zarautz eta Otxoa Ibañez de Olano dorretxeak aurkitzen dira; Aldamar dorre ederrak edota Larrunbide etxeak ere, beste garai batzuetara eramango gaituzte. Eta San Anton mendian, antzinako gaztelu baten aztarnez gainera, faroa aurkituko dugu.

Ezin dugu ahantzi, halaber, aurrez aipaturiko Elkano itsasgizon ezaguna, hari eskainitako monumentua ikusi baitezakegu Zarautzerako errepide alboan. Eta beste hainbat getariarren artean, Cristobal Balenciaga jostun famatua ere ahotan hartu behar, 2011ko ekainaren 10etik aurrera dagoeneko ezagun dugun Aldamar dorrean eta eraikin berri batean, moda diseinatzaile handiaren gaineko museoaz goza baitaiteke.

Eta oraindik zerbaitetarako gogoa badaukazu, probatu parrillan eginiko arrain bat jatera, edota Malkorbe hondartzan deskantsatzera.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza