Euskonews Gaztea

203 zbk.

Irati Fernandez
Irati Fernandez
(Lizarra, 1983ko urtarrilaren 28a)

Irati Fernandez Gabarainek Lizarrarako Ikastolan ikasi ondoren, Iruñeko Iturrama Institutuan eman zuen izena, eta segidan, Goi Mailako ikasketak burutzeko, Leioako EHUren fakultatera lekualdatu eta Arte Ederretan lizentziatu zen. Baina oraindik ikasten jarraitzeko gogoz, Bartzelonara joan zen 2006an eta Ilustrazioko Goi Mailako zikloa egin zuen; zikloaren azken proiektua burutzen ari zela beka bat eskuratu eta diseinu–laguntzaile moduan hasi zen Imira Enterteinment izeneko enpresan, eta egun hor ari da lanean. Ilustrazioa, animazioa eta komikiak ere egin ditu, eta zenbait lehiaketatan parte hartu du: Iruñeko Udalaren komiki lehiaketako sari berezia 2000an; Ibiko (Alacant) gazteen komiki lehiaketan 1.go saria (2006); Basauriko Ganorabako lehiaketan euskarazko autore onenaren accesita (2007)...

Elkarrizketa

Irati Fernandez. (Marrazkilaria)
Errealitatea hobeto ulertzeko balio dit marrazteak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Marrazkiak: Irati Fernandezek utziak

Arkatzez, akuarelen bidez, teknologia berriak baliatuz... Iratik bere trebetasunari aterabidea ematen dio modu oso ezberdinetan. Bartzelona aldean aurkitu dugu neska nafarra, duela zenbait urtetatik bertan bizi baita. Irudiak bere bizitzan zer nolako eragina duen eta hasi zenetik gaur arteko bilakaera ezagutu dugu izandako solasaldian.

Zure esparrua definituz hasiko gara. Artista al zaitugu?

Nik bederen ez dut nire burua horrela definitzen, iruditzen baitzait gauzak askoz sinpleagoak direla. Ni, marrazkilaria naiz!

Eta marrazkilari batek irudimena izan behar du lagun, eta zuri ez zaizula falta ikusi dut, web–orrialdean, hartz basatien artean hazitako neska moduan aurkezten baituzu zure burua!

(barre) Bai, beno, barre pixka bat egin nahian ipini nuen hori. Pentsatzen dut askotan ilustratzailea naiz edo marrazkilaria naiz esatea oso serio edo zurrun geratzen dela, eta pixka bat hortik aldendu nahi nuen nire aurkezpena egiterakoan!

Orduan, Insomniodun hartza ilustrazioa ez al da autobiografikoa?

Ez! (barre) Egun batean otu zitzaidan hartza protagonistatzat hartuta ilustrazio liburuxka edo sorta bat egitea. Ideia majo bat eduki behar dut eta behin zertaz marraztuko dudan jakitean ipintzen naiz lanean. Eta hartzarekin, inspiratuta nengoen!

  Hartza
Insomniodun hartza ilustrazio-sortaren irudi bat.

Beraz, inspirazioa ez zaizu lanean etortzen?

Lehen beste modu batean egiten nuen lan, egia esan, baina denborarekin aldatzen joan naiz sistema; noski, zenbaitetan ezerezetik hasi eta ideia desberdinak etortzen zaizkit burura, eta hori ere interesgarria da, ez pentsa! Oro har, emaitza desberdinekin egiten duzu topo modu batean edo bestean aritzerakoan.

Marrazkilari sutsua zarela esan dit txoritxo batek, etengabe zirriborroak egiten aritzen zarela.

Normalean bai! Noski,bestelako gauzak ere egiten ditut: janaria prestatu behar izaten dut, etxea garbitu, lo egin... (barre) Baina egia da lanean ez nagoenean beti ari naizela aitzakiaren aitzakiaren bat bilatzen marrazteko, arretaz ikus–entzuten dut ingurukoa, ea zerbaiten gainean lan egin dezakedan pentsatu...

Ideiak edozein tokitatik etorri daitezke, errealitatean ikusten duzun edozer gauzak inspiratu zaitzake, bai eta beste pertsona batzuek eginikoari begiratzeak, film bat ikusteak, komikiak irakurtzeak... Eta burua beti hurrengo proiektuan edukitzen dudanez, oso gutxitan deskonektatzen dut. Baina azkenean, ez zait axola, benetan asetzen nauen hori baita marraztea, eta beraz, gustura aritzen naiz.

Zer ematen dizu diziplina artistiko honek?

Alde batetik, nire burua hobeto ezagutzeko eta gainera, errealitatea hobeto ulertzeko balio dit marrazteak.

Bestalde, errealitatean dagoen zerbait marrazki bilakatzerakoan —demagun erretratuak egin ditudanean— munduaren aniztasunaz jabetzea ekarri dit; arreta handiagoa ipini behar diozu xehetasun txikienari ere... Eta gero, behin errealitatean dagoenaz jabetzerakoan, forma eman behar diozu paperean, eta orduan, gauza teknikoagoekin aritzen zara eta nahi izanez gero, gauza abstraktuagoak ere egin ditzakezu.

Gainera, esan nahi duzunaren arabera, buruan duzun guzia nola agertu erabaki behar duzu: soilik estetikoki polita izatea nahi duzun edota zerbait gehiago adierazteko marrazten duzun erabaki, kolore eta formak modu batean edo bestean ipini...

Karmelo  
Karmelo dragoia.

Laburbilduz, buruko informazio hori hartu, prozesatu, filtroa pasa, eta lanean ipintzea prozesu luze bilakatzen da!

Izugarrizko lana!

Bai! Jendeak sarritan esaten du “marrazki hori sinplea da”; baina pentsatu, gauza sinple bat txukun eta erakargarria egitea oraindik are konplikatuagoa da, esperientziagatik diot!

Arte Ederrak amaitu nituenean oso lan barrokoa egiten nuen, forma pilo batekin, errealitatetik aldenduta... Eta irudi sinpleak ikusten nituenean errazegia zela uste nuen, harik eta neu horretan hasi nintzenera arte. Orduan ohartu nintzen pentsatzen nuena baino korapilatsuagoa zela, ezen marrazten ari zaren hori eraikita nola dagoen ezagutu behar duzu derrigor. Marraztea, ulertzea da.

Beraz, gaur arte bilakaera handia izan duzu marrazkilari moduan!

Nik uste dut baietz. Eta funtsezkoa izan da beste pertsona batzuen lana ezagutzea, horri esker asko ikasi baitut. Bartzelonara etorri nintzenean, hemen artearekiko kultura oso handia dela ohartu nintzen, eta neu ere giro horretan murgildu nintzen erabat.

Egia da Bilbon ez nuela horrelakorik bizi izan, akaso orduan ere bestela pentsatzen nuelako, astean zehar fakultatean egon eta ondoren asteburuak Lizarran igarotzen nituen, aparteko arretarik ipini gabe inguruan mugitzen zen kulturari. Bartzelonak beste ikuspuntu bat eman dit, askoz eskaintza handiagoa dago...

Halere, alde onak dituen moduan, hiri erraldoi honek bere aspektu txarrak ere erakusten dizkit noizean behin, ez pentsa!

Horrek Lizarrara itzuliko zarela esan nahi du?

Oraindik ez, daukadan aukera hau aprobetxatu nahi baitut. Lizarran ederto bizi naiz, baina aitortzen dut gaizki ohitu naizela Bartzelona aldean... Esaterako, etxean nagoela liburu jakin bat aurkitzeko Iruñeraino mugitu behar naiz, eta noski, konde–hirian nahiko eskura duzu dena... Baina herriko lasaitasunaz eta inguru berdeekin disfrutatzea, esaterako, faltan igartzen ditut!

Berrartu dezagun haria. Zeuk eskuz egiten duzu lan batez ere, baina gaur egun teknologia berriek beste mundu batzuk lantzeko parada ematen dute, ezta?

Egia da batez ere arkatza baliatzen dudala nire lanetan eta nire saltsan sentitzen naizela; arrazoi zehatzik ez dut, betidanik erabili dudala, ziurrenik. Halere, denetarik probatu behar dela iruditzen zait, eta diozun bezala teknologiek bestelako aukerak ematen dituzte.

Nik collage digitalak egin izan ditut. Eta aitortzen dut teknologia hauek erosotasuna ematen dizutela sarritan, gauzaren bat gaizki eginez gero esaterako, urrats bat atzera joan zaitezke, eta ez zara hasieratik hasi behar!

Komikia  
Gaviota izeneko komikia. (Handitzeko, gainean klikatu)

Beraz, teknika digitala ezagututa, gauza majoak egin daitezkeela iruditzen zait, baina egia da betiko teknikak baliatuz, bestelako berotasuna lortzen duzula. Digitaleko lanak hotzagoak direla pentsatzen dut, gauzak garbiagoak geratzen dira, bai, baina eskuz eginikoek nolabaiteko gertutasuna iradokitzen dute.

Eta zure lanen artean, komiki batzuk ere badaudela jakin dut.

Aspalditik egin izan ditut komikiak. Gainera, 2010an lanik gabe aurkitu nintzen, eta geldi geratu beharrean, komikiak marrazten hasi nintzen, eta zenbait lehiaketatara ere bidali nituen, diru pixka bat irabazteko esperantzaz! (barre) Eta orduan, Reuseko komiki lehiaketako lehenengo saria eraman nuen etxera, beraz, ondo!

Komikiak egiten ere eroso sentitzen naiz, daukazun ideia bat gehiago garatzeko aukera ematen dizulako. Txarrena niretzat, idaztea da, beti zuzentzen dit norbaitek! (barre) Baina jorratutako beste arlo interesgarri bat da, eta dibertitzen naiz.

Esango zenuke nolabaiteko ausardia behar duzuela artearen inguruko pertsonok zuen lana jendaurrean agertzeko?

Kritikak egongo direla badakizu, baina sarri zaila egiten da eginikoa publikoari aurkeztea. Halere, nahi duzuna egin behar duzula argi eta garbi daukat, esango dutenari erreparatu gabe.

Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean?

Zer edo zer egin nahian nabil, dagoeneko existitzen zen ilustrazio batetik abiatuta. Hain zuzen, Karmelo deitzen den dragoiarekin umeentzako ipuin edo album ilustratu bat garatu nahiko nuke. Lagun bati erakutsi nion nire aurreproiektua, eta bere laguntza eskaini zidan istoriotxoa berridazteko eta ondoren bion artean editorialetatik mugitzeko. Oraindik lanean gabiltzan arren, ilusio handiz nago.

‹‹Ikusi Iratiren web–orrialdea››


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza