Euskonews Gaztea

202 zbk.

Gaiak

Barrankismo abentura Zeanuriko Lanbreaben

Ekain VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak

Jarraian irakurgai ipintzen dugun artikuluan barrankismoaren praktikan oinarritzen da. Gogoratu, segurtasun neurriak hartzea garrantzitsua dela!

  Lanbreabe
Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.

Barrankismoak nire bizitzako parte handia betetzen du duela 20 urtetik. Eta desberdina da kirol hau non eta noiz egiten denaren arabera. Arrokaren formazioak, kokapenak eta batez ere uraren zenbateko jarioak, gidatzen nau kirol hau egitera.

Lanbreabeko barrankoa Zeanuriko herrian dago.

Undurragako urtegiari buelta ematen zaio, Iondegortako pantanotxorantz ateratzen den aldapa gogorrari ekiteko. Hau, kotxe bakarraz egiten badugu, hasieran egitekoa da. Hobeto hasieran lan gogorra egitea bukaeran baino.

Aldapan gora, beti ere hormigoizko pista utzi gabe eta pinu artean, zer aurkituko genuen pentsatuz gindoazen Ferran Caellas laguna eta neu.

Material guztiaren pisuak, gogor egiten zuen gure bizkarren gainean, baina gero eta gutxiago pinudi artetik atera eta pagadien koloreak ikusita. Pagomakurre (900 m) ukitu genezakeen nahi izanez gero, baina beste batetarako utziko genuen, mendi aterpean bukatzen baita hormigoizko bidea. Eta hau delako gure beheranzko abenturaren puntua.

Aterpeari bizkarra emanez gero, errekaren doinuari jarraitzen diogu. Eta hagina zuhaitzaren sustraietan egin genuen lehen materialaren uztea, rapela prestatzeko.

Lanbreabe  
Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.

Lanbreabeko sakan honek, izate hori dauka. Ez da asko praktikatzen (barrankeatzeko ekintzari deitzen zaio horrela) eta hortaz, materiala bertan utzi beharra dago. Lotze puntuak, zahartuak baitaude eta askotan fidagarritasunari kasu egin behar.

Ur dezentetxo zeraman egun horretan. Neopreno jantziak 5, 5 mmkoak ziren (urak izoztuta baitatoz Gorbeiatik), 60 metrotako soka bi, maillon sorta ederra, zintak eta jatekoa. Dena bote estankotan sartuta eta motxila zintzilik.

Berez, hiru atal edo partetan banatzen da Lanbreabe. Hasieran eta bukaeran agertzen dira rapel dibertigarrienak. Erdialdea, oinez egitekoa da eta batik bat. Badira “destrepatzeko” leku ugari, baita rapelatzeko zona txiki asko. Ederrena agian, 28 bat metroko rapel labaingarria eta tobogan txiki pare bat.

Lanbreabeko kasuan, pago artean goaz beti. Hasieratik bukaera arte. Hortaz, ongi "jantzita" joan behar da eta nire iritziz, ez litzateke txarra izango kafe beroaz beteriko termoa eramatea. Atsedenetan, kontutan izan behar baitugu itzaletan gaudela beti. Eta kirol honetan, izan daitezkeen arriskuei aurretik heldu behar baitzaie.

Iratze ikaragarri handien artean, metal meatze zaharren burdinen gainetik eta goroldioz estaliriko arroka artetik egingo dugu osteratxo hau. Bukaerako zentral hidrauliko txikira arte. Han baitago kotxea, gure esperoan.


Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza