Euskonews Gaztea

201 zbk.

Gaiak

Leze kobazuloan barrena

Ekain VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Jarraian irakurgai ipintzen dugun artikuluan barrankismoaren praktikan oinarritzen da. Gogoratu, segurtasun neurriak hartzea garrantzitsua dela!

Hauxe da egin nuen lehen barrankoa. Orain 20 urte.

Leze
Atzean, Lezeko kobazuloa. Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.

Egino, Araban dago. Bertan eskalada eskola da, La Lezeko kobazuloaren irteeraren bi aldeetan. Danirekin atera nintzen egun hartan ere.

Uda erdi alderantz arratsaldez, kobazuloaren irteeraren ezker aldean ateratzen den uraren hormigoizko tubo sugeari jarraiki. Haserako aldapa, benetan aldapatsua da. Inguru hau, mendiaren alde hau, haritzez betea dago eta hortaz beroago egin zitzaigun igoera.

Ez du galbiderik, pista txikia izanik ongi definitua utzi dute eta, aurretik pasa diren milaka abenturazaleek. Gutxi gora behera, 40 minututan igo ginen mendiaren mozketara arte. Kobazulo honek, mendia alderik alde zeharkatzen du.

Betiko lez, uraren jarioa baieztatu genuen. Kasu honetan oso garrantzizkoa. Kobazuloetan eta batez ere, ura daramatenetan, ez baitago ihesbiderik. Behin barruan, dena da beherantz. Urarekin zoaz; hark nahi duen lekurantz.

Esandako moduan, tontorra egin genuen eta erabaki, oinez jaitsiko genuela pagadi artetik. Aukera baikeneukan 60 metroko rapela gertatu eta jaisteko kobaren sarrera arte. Baina denboraz ongi gindoazenez, destrepatzea erabaki genuen.

Eta ez zen erabaki txarra izan. Kontuz beti ere; ez da jaitsiera erraza, baina oinak eta eskuak non jartzen diren aurreikusita, egin daiteke. Heldu ginen, ikatz meategi abandonatu baten oinarrira arte. Eta han jantzi genituen neoprenoak, 5,5 mm–takoak. Kaskoa frontalarekin ipini eta barrura!

Gogoan dut behin, karbureroekin joan ginela. Orduan, argia etengabe piztuz joan behar genuen, urak behin eta berriz itzaltzen zigun eta su txikia. Gehiago ikusten da, dudarik ez, baina pisu gehiagoa da eraman beharrekoa, gehiago kutsatzen du, eta abar...

Leze
Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.

Koba zulo hau ez da zaila egiteko. Baina betiko moduan, kontu handiz ibili ginen. Ez labaintzeko inondik ere, salto guztietan, salto egiteko aukera konprobatuz, toboganetan irrist eginez eta argazkiak atereaz nonahi.

Sentsazio polita izan zen Daniren esanetan, frontalak itzali eta iluntasun osoaren doinuaz konturatzea. Iluntasun oso batek inguratzen baikintuen eta uraren indarrak eginiko doinuak, non zauden konturatu araztera eramaten baitzaitu.

Berriro argitan, hurrengoko rapela; eta haren ostean beste bat. Saiatu ginen, behin baino gehiagotan kobazulo honen goialdea ikustea. Baina ezinezkoa da; hain da izugarri handia!

Bukaera aldera, hasieran moduan, haizearen korronteak harrapatu gintuen. Askoz nabariagoa da hasieran eta bukaeran, barruan baino. Agian, kontu handiagoz baikindoazen erdi aldean, non zapaltzen genuen zainduz eta eskua non jarri begiratuz.

Eta bukaera da agian, zeinen txikiak ginen konturatu arazi gintuena. Kanpotik begiratzen denean bukaera, bai: handia ikusten da leizea. Baina barrutik kanpora ateratzean, txikia baino txikiagoa zarela argi erakusten dizu mendi honek.

Zeinen gozo sartzen den lagunaren besarkada eta infusio beroaren zaporea. Beti ongi eginiko lanaren sari.


Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza