Euskonews Gaztea

200 zbk.

Iñaki Soto
Iñaki Soto
(Iruñea, 1975)
Iruñeko Hegoalde ikastolan ikasi zuen Iñaki Sotok; handik Iturrama Institutura igaro zen eta Goi Mailako ikasketak egiteko aldiz, Donostiara lekualdatu eta Filosofian eman zuen izena. Batez ere zientziaren filosofia estudiatu zuen arren, tesia abertzaletasunaren inguruan burutzea erabaki zuen eta Miguel Unamunogandik hasi zen; Unamuno deituriko liburu bat atera zen hortik, bere anai Mikelekin batera idatzi zuena. 2006an aldiz, Garan zenbait lan egiten hasi, eta poliki–poliki kazetagintzan murgildu zen. 2011ko otsailetik aurrera komunikabidearen zuzendari karguan dago.

Elkarrizketa

Iñaki Soto. (GARAko zuzendaria)
Mito bat da kazetaritzako neutraltasuna

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak eta testua.

Gaztea, kritikoa eta otsailetik Gara egunkariaren zuzendaria. Garai berrietan erronka berriei aurre egitea egokitu zaio iruindar honi; eta gogoz dagoela aitortu digu. Ideia ugari ditu buruan, epe luzera egikaritzeko batzuk, motzera begira besteak. Euskonews Gaztearen 200. elkarrizketa nagusiko protagonistarekin solasaldian kazetaritzaren arlo ezberdinez mintzatu gara.

Filosofoa ikasketez, kazetagintzan murgildutako gaztea zaitugu.

Abertzaletasunaren inguruko tesia egiten ari nintzela, Ulises Moulines filosofoaren (Manifiesto Nacionalista liburuxkaren sortzailea) kurtso batzuetan esku hartzeko parada eduki nuen, eta nazionalismoaren gaineko tesia egiteko abagunea sortu zitzaidan orduan (nahiz eta idazten berandu hasi eta oraindik amaitzeke daukadan zerbait den!)

Eta hain justu, hortik etorri zitzaidan Gararako sarrera, 2006an nazionalismoa ikertzen ari nintzela, Montenegroko erreferenduma eman zen, eta egunkariari eskaintza bat egin nion. Lagun batzuekin bertara joateko asmoa neukala aipatu eta nahi izanez gero bertako kobertura egingo genuela esan nien arduradunei; horixe izan zen kazetaritzarekin edukitako benetako lehen harremana.

Hala, hilean behin iritzi artikuluak idazten hasi nintzen eta segidan, Gaur8 proiektua gauzatu zenean, hor ere sartu eta astero nazioarteari buruzko entziklika bat burutzen nuen, eta urrats bat harago eman eta Iritzi Sailean sartzeko proposamena egin zidaten. Garai hartan oraindik kazetaritza mundua urruti ikusten nuen, baina posible iritzi nion alor horretan nire ekarpena egitea.

 Iñaki Soto

Eta nola diren gauzak 2011ko otsailetik Gararen lema zure eskuetan duzula!

Beno, berez, 2010ko abenduan hasi nintzen Josu Juaristiren erreleboa hartzen, baina gauza guztietan bezala, trantsizio bat egon da, eta otsailean Gara sortu zela 12 urte bete zirenez, data aprobetxatuta orduantxe hartu nuen ofizialki kargua.

Kazetaritzari orokorrean begiratuta, Internet den fenomenoak izugarrizko bilakaera ekarri dio lanbideari.

Ezbairik gabe! Nire ustez gainera, orokorrean alde on gehiago ekarri ditzake Internetek txarrak baino, baina noski, nola erabiltzen diren baliabide hauek, emaitzak modu batekoak edo bestekoak izan daitezke.

Batez ere kinkan ipini duena prentsa idatziaren negozio eredua da. Guretzako arazo bat dela esan genezake, baina erronka bat ekartzen digun arazoa. Ez luke problema bat izan behar pedagogia zuzen bat egin eta jendeak gizarte baten oreka politiko eta sozialerako idatzizko prentsa profesionalak daukan benetako balioa kontuan hartzen baldin badu. Jendeak hori barneratzea lortzen badugu eta funtzionatzeko inbertitzea funtsezkoa dela ulertuz, ez diot medio honi inongo kalterik ikusten.

Eta eman diren aldaketatatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Egia da Internetek bat–batekotasunaren beharra sortzen duela, eta horrek ohikoak izan diren kazetaritzaren elementu batzuk aldatzea ekarri duela. Adibidez, futbola gustuko izan ala ez, hurrengo egunerako badakizu aurreko egunean Bartzelonak zer egin duen, beraz, papereko egunkariek beste zerbait eskaini behar dutela iritzi diot, kontakizun bat...

Hori horrela, alde batetik Internetek kazetaritza ekoizteko modua aldatu du —gaur askoz errazagoa da albiste bat sortzea eskura daukazun informazio ugariagatik. Eta bestaldetik gainera, egia da idazkera bera aldatu duela; sarekoak momentuan kontsumitzeko informazioa eskaintzen du, eta paperezkoan aldiz, modu pausatuago batean egin behar da lan, bestelako generoak erabili behar dira, direla elkarrizketak, kronikak, erreportajeak, analisiak... Hortxe dago erronka. Biak uztartu daitezke, baina arazoa ekonomikoki bideragarri egitean datza.

Bestalde, kontatzeko moduak aldatu dira informazioa bera aldatu egin delako. Eta gainera, belaunaldi batera arte behintzat, eguna egunkaria erostearekin batera hasten zen, eta argi eta garbi ikusten dut orain bestelakoa dela errealitatea. Horrexegatik, teknologikoki soilik ez, aldaketa kultural sakon bat ekarri digu Internetek.

   Iñaki Soto

Jende askoren beldurra izan zen hasieran, euskarri berria agertzearekin ez ote zen paperezko edizioa desagertuko...

Niretzako ez da desagertuko, eta gainera, eduki dugu aurretik ere antzerako esperientzia bat musikarekin; horren erakusgarria da orain bueltan datozela LPak. Hemen da berriz biniloa, eta nahiz eta egia den ez dela lehen bezala denon kontsumorako zerbait, gauza sentimental moduan eta kulturalki behar dugun zerbait da. Eta esperientzia hori eduki duenak joera edukiko du berriro ere errepikatzeko.

Egunkari bat irakurtzea plazer bat bada ez da soilik letrengatik, paperean irakurtzearekin ere badauka zerikusia. Noski, euskarrien arteko harremana ere aldatuko da eta papera galtzaile aterako da nolabait esateko, baina azken finean internet euskarria paperaren gehigarri moduan ikusten dut. Nik, etorkizuneko eszenatoki posible moduan daukat internetek lehentasuna edukitzea, eta paperean beste zerbait eskaintzea; agian ez egunero, ezta horren zabal ere, ez gaur ezagutzen dugun formatuan... baina uste dut beti egongo dela hor papereko prentsa.

Aurretik aipatu duzu biak mantendu eta bideragarri bilakatzeko arazo nagusia ekonomikoa dela batez ere.

Eta interneten kasuan gainera, zailagoa dela iruditzen zait. Komunitateei lotutako prentsa sortuko da, orain oso modan dagoen kontzeptua, gainera. Adibide bat ipintzearren, berehalako sopa hartzen duen komunitate batean pentsatu; maila batean fikziozko zerbait da, baina enpresa batentzako oso egokia izan daiteke merkatu bat edukitzeko, eta kontsumo hori cool bezala identifikatzeko, gauza on bat bezala.

Gararen kasuan, abantaila bat dugu, gu komunitate batek sortzen baikaitu, eta ez dago bakarrik jendarte horri zuzenduta, hori gainditu behar baitugu, eta eragin sozial bat bilatu. Etorkizunean medio gehiago sortuko dira horrelako izpiritu batetik, ikuspuntu ekonomiko batetik baino. Sozialki onuragarriak izan behar dira, eta bitarteko bezala sortu; azken finean horretarako baitira komunikabideak, zerbait adierazteko bideak.

Ez dakit bada, horrek kazetarien soldatak ordaintzeko emango duen...

Maila batean komunitate horrek sostengatu beharko dituela iruditzen zait, hori bai, baldin eta balio bat ematen badio kazetaritza hori modu profesional batean egiteari. Internetek ez du hori aldatu, eta sarean zer kontsumitzen den begiratuta, hedabideak asko erabiltzen diren produktuak dira, sinesgarriak direlako. Eta sinesgarritasun hori enpresa edo korporazio horrek benetan lan egiten duelako eta atzetik ibilbide bat daukalako sortzen da, besteen artean.

Gainera kazetaritza zerbait kolektiboa da. Egon daitezke kazetari on eta txarrak, baina ofizio moduan nahiko kooperatiboa eta komunitarioa da. Eta iruditzen zait, jendeak ordainduko duela azkenean kazetarien soldata, nahiz eta ez izan gaur egiten den bide beretik.

Nola ikusten duzu lanbidearen egungo egoera?

Hasteko, kazetarion bizi–baldintzak beste edozein sektorerekin alderatuta nahiko txarrak direla ukaezina da, eta okertzen joan dira azken urteetan gainera. Hori baina, berez negozio eredua krisian dagoelako ematen ari da.

 Iñaki Soto

Gararen kasua, bestalde, nahiko atipikoa da, gure diru–sarrera handiena salmentetatik etortzen baita, beste kasu gehienetan publizitate edota promoziotatik sartzen diren bitartean. Horren harira, niretzako kritikagarria da hedabide talde handiek azken urteetan eduki duten jarrera; hau da, zapatilak, mahai–tresnak, TDTak eta bestelakoak saltzen aritu dira, eta konturatu direnenerako, jendeak ez zuen beraien egunkaria irakurtzeko erosten. Autokritika maila bat egon beharko litzateke hor.

Kazetarion lan baldintzak kaxkarrak direla aipatu duzula eta, prest ikusten dituzu gazteak lanbidean murgiltzeko?

Kultura aldaketarekin batera galdera bat ateratzen da, hain justu, lanaren kulturak iraungo ote duen gure herri honetan. Aldatu egingo dela iruditzen zait, jendeak beste gauza batzuk egin gura ditu eta lanak beraien bizitzaren zentro izateari utzi diezaiola nahi du.

Nahiz eta lana kazetarien bizitzaren gunea izan, benetan pasioz bizi beharreko zerbait dugu, oso zaila baita bestela ordutegi edota soldataren aldetik datorkiguna jasatea. Gazte batzuek grinaz helduko diote, eta beste batzuek ez, baina guztiek jakin behar dute gogorra izan arren, ematen dituen poztasunak oso lanbide gutxitan lor daitezkeen mailakoak direla.

Bestalde, kazetagintza modu ezberdinak daude gizartean, eta zeuri anglosaxoia gustatzen zaizula iritsi zait belarrietara...

Egia esan, oso kazetaritza modu desberdinak daude han ere eta orokortzea ez da horren erraza. Baina egia da prentsa idatzian badaukatela boterearen kritikatzeko kultura bat —baita gertuko boterea ere— eta oso erakargarri zait, iruditzen zaidalako hortik gauzarik onenak atera daitezkeela.

Autokritikarako gaitasuna oso ondo baloratzen dugu, baina gure gizartean ez da ematen, eta ez da baloratzen ez lanerako, ez hobetzeko bitarteko bezala. Egunkari anglosaxoiek aldiz, beraien hautagaiak defendatzen dituzte publikoki. Esaterako, The Guardian laboristen aldekoa da, eta hauteskundeak iristean zergatik bozkatu behar zaien argudiatuko du, baina hurrengo egunean medioa ez da isilik geratuko alderdiak gauzak txarto egiten baldin baditu.

Batzuentzako agian badu bere alde hipokrita, baina oso osasungarria da horrela jokatzea. Gainera, gaur egun hizkuntza frankoa delako–edo, industria ikaragarria dute prentsa idatziaren barruan eta oso interesgarria iruditzen zait genero batzuetan guretzat oraindik ere berriak diren esperimentuak egin dituztelako. Eta interneten ere horrexegatik dira punta–puntakoak.

Zuzendari moduan estilo hori txertatu gurako zenuke?

Zaila da, ez garelako kultura horretan bizi eta ezin dira gauzak besterik gabe, inguruneari begiratu gabe inportatu. Baina badaude balio batzuk berreskuratu behar direnak, batez ere prentsaren sorrerako oinarrizko elementu direnak: boterearekiko kritiko izatea, boterearen kontrola egitea, eta gertukoa den boterearekiko ere kritika mantentzea. Eta hori ongi egiten saiatuko gara.

Askotan kazetarioi objektiboak ez izatea egozten zaigu, eta karrerako lehen urtean, objektibotasuna ez dela existitzen esaten digute...

Mito bat da kazetaritzako neutraltasuna eta gainera kaltegarria ere bada, bai lanbidearentzat eta baita gizartearentzat berarentzat ere.

Hasteko, konpromiso eta konpromiso–ez asko mozorrotzen baititu; esaterako, gurean badirudi medio politikoak existitzen direla, Gara kasu, eta beste batzuk apolitikoak direla. “Apolitiko” horietariko batzuk frankismo garaian sortu ziren, sistema hura defendatu zuten eta ondoren demokraziara birziklatu eta orain kutsu apolitiko hori daukate. Baina errealitatea bestelakoa dela deritzot.

Kazetariok justuak eta erretorikoki eleganteak izan behar dugu, baina inpartzialak ez, ezinezkoa da eta.

Kazetaritza politizatuegi dagoela esango zenuke?

Inpartzialak ezin izan garen moduan, kazetaritzak ezin du izan alderdikoia, eta akaso hori da hemen gertatzen dena. Noski, bizi dugun errealitateak zerikusia du horretan, eta kultura espainiarrarengandik horren gertu egonda, bertako estiloaren eragina ere badugu. Hau da, komunikabide horietatik batzuk gobernuarenak dira, eta besteak oposizioarenak, eta gobernua aldatzeaz batera, boterearen hedabidea aldatzen da.

Eta hiper–ideologizazio hori ere txarra da, horrek kazetaritzaren galera baitakar. Ez da kazetaritza ona egiten aurreiritzietatik, hasteko gauza asko baztertzen direlako. Beste gauza bat da horri buruz emango duzun iritzia negatiboa bai, baina kritikoa izatea.

Egun Euskal Herriak momentu berezia bizi du. Nola eman horren berri?

Trantsizioaren bidean gaudela iruditzen zait, eta egoera horrek krisiaren elementuak ditu, ez ekonomikoki soilik, baita politikoki ere. Fase bat agortu da, beste bat jaiotzeko unea da. Potentzial handia dago fasea diseinatzeko, baina denak ari dira beren eremuaren alde tiraka, ate batzuk ireki edo ixteko. Interesgarria da kazetaritzaren ikuspuntutik, ez soilik egunerokotasunean egin daitekeen lanagatik, baita fase honen gainean burutu daitekeen narrazio orokorragatik ere.

Elementu kultural, sozial zein ekonomikoak oso garrantzitsuak izango dira. Sortuk irabazi zuen gauza handi bat, legalizatua izan edo ez eztabaida egon zela da, hain justu aurreko prozesuekin alderatuta ezberdintasun handia. Orain zer geratutako den esatera, ez naiz ausartzen.


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza