Euskonews Gaztea

196 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXIII): Arantzazu

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oñati ezagutu genuen aurreko proposamen batetan, eta oraingoan Gipuzkoako udalerriaren auzoa den Arantzazura bidaiatuko dugu.

Arantzazu  
Arantzazuren ikuspegia; atzean Gandiaga topagunea ikus daiteke.

Aloñaren magalean, 700 metroko altueran dago Arantzazu; tokia benetan polita da, amildegi ikusgarri eta mendi ederrek —Urbia (1090m), Aizkorri (1528m) eta urrutira, Elgeako mendilerroa— paisaiaren edertasun eta handitasuna azaleratzen dutelarik. Ikusgarria da baita ere, Arantzazuko Santutegia, bitxia bezain handi eta dotorea.

Horretan zentratu aurretik baina, hitz egin dezagun Arantzazuren historiako hainbat daturen gainean. Hala, 1918an eginiko indusketa batzuek Urbian zenbait trikuharri azaleratu zituzten, gizakiak historiaurrean izaniko presentzia nabarmenduz. Halere, eta 1468. urtera bidaiatuz, ezin dugu aipatzeke utzi Rodrigo Baltzategi artzaina; berak aurkitu zuen gerora horren beneratua izango zen Ama Birjinaren irudia: estilo gotikoa du, txikia da eta harriz egina dago.

Deboziozko lekua izan da ordutik Arantzazu; erlijioak pisu handia izan du toki honetan, nahiz eta bestelako arrazoiengatik ere jende ugari bertaratu izan den mendeetan zehar, direla turistak, mendizaleak... Kultuari dagokionez, Frantziskotarrak 1501ean iritsi ziren aurrenekoz Arantzazura, eta gaur arte bertan jarraitzen dute. Hauek ere, une gogorrak bizi izan dituzte historian zehar; esate baterako, hainbat suteri aurre egin behar izan diete: 1553, 1622 eta 1834an.

Jorge Oteiza
Jorge Oteizaren Apostoluen Frisoaren zati bat. Argazkia: © Javier Juanes (3digitala)

Aurrez aipatu dugun moduan, gaur aurkitzen dugun santutegiak izugarrizko jende mordoa erakartzen du, eta ez da gutxiagorako; hain zuzen, artelan bat da bere osotasunean. Esan behar dugu lehiaketa bat egin zutela diseinu aproposa bilatu guran, eta Javier Saiz Ozak eta Luis Laorgak irabazi zuten; azkenean, 1950ean ipini zuten aurreneko harria. Zegoen eraikinetik zati bat mantendu zuten eta ondoren, puntadun harrizko hiru dorre handi altxatu zituzten. Horrez gainera, garaiko artista ezagunek ere esku hartu zuten eraikina osotzen; Eduardo Chillidak ateak egin zituen, Jorge Oteizak aurrealdea, Javier Alvarez de Eulatek beirateak eta Carlos Pacual de Larak eta Nestor Basterretxeak barneko margolanak burutu zituzten. Hiru urtetara, 1953an inauguratu zen azkenean eraikin apurtzailea.

Arantzazuk jende ugariren bizitzatan eragin du moduren batean edo bestean; batzuk bertan ezkondu dira, edota urtero pertsona ugarik eramaten dute autoa bedeinkatzera, adibidez. Baina gainera, Euskara Batuaren sorrerarako aurreneko urratsak eman ziren bertan, hain zuzen, 1968an eginiko batzar baten ondorioz.

Garai berrietara egokitu asmoz eta tokia suspertu guran, 2002tik aurrera hainbat proiektu eraman dira aurrera, eta horren ondorioz sortu da Gandiaga topaketa eta batzarrerako zentroa; bilkura gelak, frontoia, eta aterpea ditu, esaterako. Beraiek dioten bezala, antzeko zentroen berdina da, baina badu bereizgarri bat: lasaitasuna. Eta hori, ukaezina dela frogatuko dugu Arantzazu aldera gerturatuz gero.

Nahi izanez gero, beste hainbat ekimen burutu ditzakegu, horien artean Aizkorri–Aratz inguruetan txangoren bat egin edota Arrikrutzeko haitzuloak ezagutzea, esaterako. Baina hori, beste baterako gordeko dugu.

 
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza