Euskonews Gaztea

195 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXII): Arizkun

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroako udalerri eder batetan barneratzeko parada izango dugu oraingoan. Arizkunek paisaiarekin disfrutatzeko abagunea ematen dio bisitariari, dela begien bidez edota inguruetan ibilaldiren bat burutuz.

  Arizkun
Arizkuneko kale bat.

Aitoren seme–alaben lurretan

Juan de Goyeneche y Gastón XVII. mendeko pertsonaia sonatuaren sorlekua toki pribilegiatua dugu, eta horren erakusgarria da, esaterako, udalerri txiki honetan XIV. mendeko datuen arabera, biztanle gehienak aitoren seme–alabak omen zirela. Ondorioz, burutuko dugun bisitaldian, garaiko hainbat testigantza behatzera gonbidatzen zaitugu.

Gainera, Baztango herrixka honek historian zehar garapen ekonomiko eta soziala bizi izan zuen; ibarreko biztanle gehien zituen udalerria zen XVIII. mendean, adibidez, eta XX. mendearen hasieran, zapatagintza zein txokolatea lantzen zen bertan, farmazia zeukan ordurako eta kandela fabrika bat, besteen artean.

Dena den, badira pasarte gris batzuk Arizkunen historian. Beste zenbait tokitan lez, Agote ugariren bizitokia izan omen zen gaur jomuga dugun herrixka, zehatzago esanda, Bozate auzoan kokatzen ziren garai hartan gaizki ikusiak ziren gizon–emakumeen taldea. Hala, 1548ko dokumentu bati esker, badakigu bertako eliza zigortua izan zela hain justu Agoteak diskriminatzeagatik. Mende bat beranduago, herritarrek Iruñera jo zuten, eliza kontuetan Agoteen aurrean lehentasuna eduki gura zutelako, baina erabakia bestelako izan zen, eta epaiaren arabera denek aukera berdinak izan beharko lituzkete.

  Arizkun
Iturraldea Jauregia.

Etxe dotoreen artean

Historiako pasarteak ezagututa, goazen udalerria bertatik bertara ezagutzera. Kalean gora, kalean behera eta auzoz auzo hainbat eraikinek denboraren joan–etorriari aurre eginez, asko dute kontatzeko. Bozate auzoa aipatu dugunez gero, bertan jarraituko dugu eta XIV. mendeko Ursua dorrea eta haren parean Santa Ana baseliza ikus ditzakegu, esaterako, bai eta San Migel ermita ere.

Bestalde, Bergara auzoraino abiatzen baldin bagara, Bergara jauregia aurkituko dugu, Erdi Aroko eraikin ederra; edota Jauregia deitzen den dorrea. Baina gainera, Iturraldea Jauregia, eta honen ondoan Aingeruen Ama Birjinaren komentua, XVIII. mendean Juan Bautista Iturralde beraren ekimenez altxatua.

Amaitzeko, bisitatu dezakegun toki bitxi bat, Santxotena Parke–Museoa dugu, hain zuzen, Xabier Santotxena eskultoreak bere artea eta natura uztartuz sortutako lekua.

Besterik gabe, eta Baztango udalerriak gordetzen dituen harribitxiak ezagutzera gonbidatuz, hurrengo ibilaldia prestatzen hasiko gara. Nora bidaiatuko dugu?

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza