Euskonews Gaztea

194 zbk.


Naroa Agirre

(Donostia, 1979ko maiatzak 15)
Naroa Agirrek Santo Tomas Lizeoan ikasi zuen eskolaurretik unibertsitatera joan zen arte. Ingurugiro Zientziak hautatu zituen Goi Mailako ikasketak egiteko; azken hiru urteak Bartzelonan eman zituen eta bertako goi errendimenduko zentroan entrenatzeko aprobetxatu zuen. Handik itzuli, pertika hartu eta kirolarengatik apustu serioa egin zuen; txapelketetan pixkanaka emaitzak lortzen hasi zen.
Etxean eta nazioartean lehiatu izan da Naroa: Municheko Europako Atletismo Txapelketan hamargarrena izan zen (2002), bederatzigarren Helsinkin (2005) eta zazpigarren Gothenburgen; Joko Olinpikoetan seigarren Atenasen (2004) eta hamahirugarren Pekinen (2008); seigarren Moskuko Pista Estaliko Munduko Txapelketan (2006). Bederatzi aldiz izan da Espainiako Txapelduna, azken titulua 2011ko otsailean eskuratu zuen.

Elkarrizketa

Naroa Agirre. (Atleta)
Geroz eta gazte gutxiago animatzen da atletismoa praktikatzera

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Hegan egiten du Naroak; hegan, pertika lagun duela. Atletismoak txikitan erakarri zuen gipuzkoarra; eta urteekin mundu horretan gehiago barneratu eta azkenean, lanbide bilakatu zuen afizioa. Momentu txarrak igaro ditu, baina zoriontasun une ugari eman dizkiola aitortu digu hizketaldian.

Sasoi txar bat igaro duzu, baina berriro ere indartsu agertu zara.

Hala da, bai. Hernia diskal bat pairatu eta ondorioz, 2009an operatu behar izan ninduten. Ordutik poliki–poliki joan da hobekuntza, eta orain nahiko gustura sentitzen naiz, egia esan. Azken bi urteak ahaztu nahi ditut, entrenatuz, eta berriro nire esku dagoen guztia eginez. Animoz hobeto nago, eta noski, otsailean Valentzian lortutako tituluak lagundu du horretan!

Atleta kontsagratua zaitugu. Baina denboran bidaiatuz, oroitzen duzu zergatik hasi zinen atletismoan?

Txikitan sartu nintzen atletismoan, korrika egitea gustuko bainuen, lasterketatan aritzea; baina gainera, saskibaloian ere jokatzen nuen. Halere, iritsi zen biak uztartu ezin nituen momentu bat, entrenamenduak eta, serioagoak bilakatzen hasi zirelako; eta orduan, atletismoarekin gelditzea aukeratu nuen.

Noski, garai hartan kirol honen barruko modalitate guztiak probatu nituen, eta gerora, pertikarekin geratzea hautatu nuen. Anoetan entrenadorea ikusi nuen, berarekin egun batean pertika probatu nahi nuela esan, gustuko neukala ikusi, eta ez nuen zalantzarik eduki serio hartzeko.

Eta profesionaletara igarotzeko urratsa ere eman zenuen.

Betidanik izan dut argi ikasketak oso garrantzitsuak direla eta aurrena estudiatzen amaitu nahi nuen. Ingurugiro Zientziak hautatu, eta Bartzelonan ikasten egon ondoren, etxera itzultzerakoan, nire entrenatzaileak atletismo munduan —eta pertikan bereziki— aukerak nituela esaten zidan, apustu serioa burutu edota gutxienez probatu egin behar genuela. Noski, nik izugarri gustuko nuen ordurako pertikarekin jardutea, eta ikasketak ere amaituta nituenez gero, aukera aprobetxatzera animatu nintzen.

Hori bai, sekula ez nion nire buruari profesionala izango nintzenik planteatu, probatuz hasi baitzen abentura, nora iritsiko nintzen jakin gabe. Beka txiki batzuk eskuratu, egunetik egunera urrats bat gehiago eman eta lanbide bilakatu nezakeela ikusi nuen; hala, gaur arteko bidea egin dut.

  Argazkia
Argazkia: Naroa Agirrek utzia.

Zer ematen dizu pertikak atletismoko beste diziplina batek ematen ez dizunik?

Alde batetik, besteetan baino erosoago moldatzen naizela esan dezaket, eta nire genetikak edo gorpuzkerak zerikusia izan du horretan, pertikara egokitzen lagundu baitit. Bestaldetik, gustu kontua ere sartzen da diziplina honegatik buruturiko hautuan, eta noski, egiten duzun horretan trebea zarela ikusiz gero... zer esanik ez! Eta praktikatzeko bakarrik ez, pertikak ikuskizun bezala ere izugarri erakartzen nau.

Iritsi zaren tokira iristeko lan asko egin behar izan duzu. Sakrifizioaz hitz egin behar al dugu?

Izugarrizko zortea da gaur egun gustuko duzun horretatik bizi ahal izatea, eta niri sakrifizioaz hitz egiten didatenean, akaso alde fisikoari erreparatuz gero, baietz esaten dut. Izan ere, momentu gogorrak gorputza lantzen igarotzen ditudan uneekin lotzen ditut, nahiz eta noski, buruak ere asko eskertzen duen ariketa fisikoa.

Kontuan hartu behar dugu nik ez ditudala lanean zortzi ordu ematen, ez fabrika batetan, ez ordenagailu baten aurrean. Nire dedikazioa entrenatzean datza; asko jota lau orduz aritzen naiz eta astean sei egunez, eta horretatik bizitzeko aukera daukat. Gainera, nik aukeratutako eta benetan gustuko dudan zerbait izanda, sakrifizioaz baino, luxuaz hitz egin beharko genukeela iruditzen zait. Noski, baditu bere alde txarrak; ez dut hilabete bukaeran kobratzen, eta emaitzen arabera daukat ordainsaria. Presio txiki bat dago hor, baina halere, luxu bat da niretzako.

Hitz egiguzu bada, zure egun normal bati buruz.

Arratsaldetan entrenatzen dut, goizetan bestelako lanak burutzen baititut: Goenkaleko grabaketak direla, ikastetxeren batetan hitzaldia eman behar dudala, edota nire gauzetarako aprobetxatzen dut denbora... Bestalde, karrera amaierako proiektua ere burutzen ari naiz, bere garaian egin ez nuelako.

Oso ezberdinak izaten dira entrenamenduak. Batzuetan pisua jasotzen aritzen naiz gimnasioan, bestetan saltoak egiten ditut pertikarekin, edota abiadura kontuetan trebatzen naiz... Arlo anitz lantzen ditut.

Eta noski, zein txapelketatarako entrenatzen dudanaren arabera ere, desberdina izaten da. Lehiaketa baten atarian baldin bagaude erritmo aldetik asko murrizten dugu jarduna —bai egun eta baita orduei dagokienez ere— eta gehiago deskantsatzen dugu lehiaketara ongi iristeko.

Lehiaketak diozula, olinpiadetan parte hartu duzu, baita Europa, Espainia, eta Mundu mailako txapelketatan, esaterako. Ezberdin bizi dituzu?

Bai eta ez. Alde batetik konturatzen zara egin behar duzuna finean berdina dela. Baina batzuetan egoerak buruari eragiten dio eta orduan ezberdina bilakatzen da etxean edota kanpoan aritzea, bakoitzean lortutako emaitzek oihartzun ezberdina izango dutelako. Halere, norberaren buruaren araberakoa da, ezbairik gabe.

 
Naroa, Santo Tomas lizeoko ikasle batzuekin.

Adibide bat ipintzearren, gertatu izan zaigu Espainiako txapelketa bat iritsi eta Jon Karla —entrenatzailea— eta biok urduri egotea. Orduan, hemendik bi astetara Europako txapelketara joaten garenean, nola egongo gara? pentsatu, Europakora joan eta askoz lasaiago moldatu izan gara, Espainiako proba batean gure gain dugun erantzukizuna handiagoa delako.

Atleta fazetaz hitz egin dugu, baina askok gainera, Goenkalen agertzeagatik ezagutzen zaituzte. Zer moduz aktore lanetan?

Hala da! Benetan, oso gustura ibiltzen naiz lan horretan. Hasiera–hasieran, nire pertsonaiak nirekin zuen zerikusia, eta orain berriz, ezberdinak dira, fikziozko papera interpretatzen dut, eta askoz erosoago moldatzen naiz!

Bestalde, atletismoko eta telebistako lanei begiratuko bagenie, bien arteko antzekotasun bat aurkitu dudala esan dezaket. Salto egin eta grabatzen hasi aurreko momentuek zerbait dute amankomunean, momentua iritsi da, pentsatzen duzula, hain zuzen. Ordura arte edo entrenatzen edota entseguak egiten aritu gara eta unea iritsita, lehenengoan egiten saiatu behar gara. Hasi aurreko tentsio momentu hori berdinak direla iruditzen zait.

Salto egin aurretik kontzentratuta ikusten zaitugu telebistan.

Normalean zer egin behar dudan pentsatu eta saltoa irudikatzen saiatzen naiz. Batzuetan bere fruituak ematen ditu, eta bestetan ez, baina egin beharrekoa da!

Behin airean nagoenean ez dut ezertan pentsatzen, lasaitu eta disfrutatu egiten dut, urduritasunak ere joanak baitira ordurako!

Nola ikusten duzu euskal atletismoaren egoera?

Badirudi geroz eta gazte gutxiago animatzen direla atletismoa praktikatzera, eta esaten dutenez, ia kirol guzietan ari da egoera bera ematen. Nik nabaritzen dut behintzat, atzetik datozen belaunaldiek orokorrean kirol gutxiago egiten dutela; zergatik gertatu den hori? Ez dakit esaten.

Baina egia da gizartea bera aldatu dela, lehen kalean egoten ginen jolasean eta orain ohitura horiek aldatu dira; bideo–jokoak daude, trafiko handia dago kalean jolasten ibiltzeko... Kirolarekin ongi pasatu daitekeela erakutsi behar zaie gazte horiei, eta polita dela nahiz eta gero ez garen dedikatuko horretara. Osasungarria da, bai buru eta baita gorputzarentzako ere.

Atletismoak eman dizun gauza hoberena...

Nire senarra, zalantzarik gabe!

Kirol honetan emakume izatea...

Atletismoan zorionez, nahiko berdintasun dago gizon eta emakumeen artean!

Aurrera begira baduzu proiekturen bat eskuartean?

Egia esan ez dakit profesional moduan noiz arte jarduteko aukera izango dudan. Halere, 2012an Londresen egingo diren Joko Olinpikoetan egotea gustatuko litzaidake, beraz, ordura arte ziur eutsiko diodala pertikari! Hortik aurrera zer egingo dudan... pentsatu ere ez dut egin nahi momentuz!


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza