Euskonews Gaztea

191 zbk.

Garbiñe Agirre
Garbiñe Agirre
(Tolosa)

Garbiñe Agirre tolosarra da jaiotzez, baina azken 30 urteak Donostian eman ditu. Bizitzako gorabeherengatik dihardu ACABEn —Euskadiko Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkartea— 1994an sortu zenetik; aurreneko etapan elkarteko lehendakaria izan zen, eta gaur egun berriz, Gipuzkoako koordinatzailea da, 2004tik.

Elkarrizketa

Garbiñe Agirre. (ACABE Gipuzkoa)
Bulimia eta zehaztu gabeko desorekak ematen dira gehien

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gazteak eta emakumeak izaten dira normalean elikadura desorekaren bat jasaten dutenak; baina ez du esan nahi gizonezkoen arazo ez denik, ezta gutxiago ere. Anorexia, bulimia, zehaztu gabeko desorekak... Urtetik urtera gutxi gorabehera datuak mantentzen diren arren, ez du esan nahi gaixotasun horiek sufritzen dituztenen kopuruak behera egin duenik. Horrexegatik, egun gure artean daudelako, ACABEra jo dugu gehiago jakin guran. Azken finean, horretan dihardute lanean 1994tik, informazioa eman orientazio lanak burutzen.

ACABE ezagutzen ez dutenentzako aurkezpen batekin has gaitezen.

Elkartearen sorrera, ETBk anorexiari buruz eginiko programa monografiko baten ondorioz eman zen, 1994an. Beren burua egoera zail horretan galduta ikusten zuten pertsonen dei ugari jaso ziren saio hartan —batez ere gaixoen familiartekoak ziren.

Erantzuna ikusita bi bilera egin ziren, aurrena Donostian eta Bilbon ondoren. Lehenengo ideia Euskal Herri mailako elkarte bat eratzea izan zen, baina estatutuak sortzeko, zailtasunak izan genituen, EAEkoak Gasteizen erregistratu behar baitziren eta Nafarroakoak aldiz, Madrilen; eta zaila zenez gero, bi elkarte jaio ziren azkenean.

Hala, Nafarroan ABAN sortu zen EAEn ACABE. Gure kasuan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lagunak geunden hasiera batetan zuzendaritza–batzordean. Baina gerora ikusi genuen diru–laguntzak eskatzeko ez zela bideragarria, eta banatu egin genuen funtzionamendua, nahiz eta izen bera edukitzen jarraitu. Hiru hilabetean behin elkartzen gara eta bertan erabakitako hainbat gai batera eramaten ditugu.

Elikaduraren desoreka duzue ardatz elkartean. Baina zertaz ari gara hitz egiten?

Zoritxarrez, desoreka ezberdinak aurkitzen ditugu; ziurrenik, gehien ezagutzen dena anorexia da, bere ondorioak begi–bistakoak direlako. Baina bulimia eta zehaztu gabeko desorekak dira gehien ematen diren kasuak.

ACABEBulimia pairatzen dutenek tripakada itzela eman eta oka egiten dutela uste izaten dugu, baina ez da guztiz zuzena iritzi hau, ez baita beti kasu hori ematen. Normalean, pertsona hauek jaten dutena kontrolatu nahi izaten dute, baina ezin dutenez, sabelbete eta ondoren, nolabait konpentsatu behar izaten dute beraien jarduna. Batzuek oka egiten dute, zenbaitzuek kirola egitea erabakitzen dute eta besteak bi ekintzez baliatzen dira.

Bestalde, gaineratu behar dugu anorexia edota bulimia kasuetan, sintoma zehatz batzuk izan behar dituztela gaixoek. Eta psikiatrian diagnostikatzeko irizpide batzuk jarraitzen dira; horietariko batetan huts eginez gero, kanpoan geratzen zara. Esate baterako, anorexia sufritzen dutenei hilerokoa joaten zaie eta aldiz, pisua berreskuratzen hasten direnean, berriro agertzen zaie. Horrek ez du esan nahi sendatu direnik —nahiz eta pisua irabazi, jokamoldeak ez baitira osasuntsuak, oraindik argalegi daude...—, baina dagoeneko ez da anorexia moduan kontsideratzen. Kasu horretan, zehaztu gabeko desorekari buruz ari gara eta pentsa, beste denbora batez egon daiteke egoera horretan! Eta bulimiaren kasuan berdina gertatzen da.

Gizarte modernoaren gaitzak direla esango zenuke?

Hori esaten da, baina ez nator bat; hain zuzen, XVII. mende inguruko datu batzuk ezagutzen ditugu gaur, eta adituek ondorioztatu dute agiriko pertsonak desoreka sufritzen zuela.

Adibide bat ematearren, orain badakigu, garai batean baraualdiak egin, sexualitatea ukatu eta ikuspenak izaten zituzten santu horietariko batzuek, egun diagnosi zehatza izango luketela. Lehen naturaz gaindikoa sustatzen zen, eta gaur egun, gorputzari gurtza egitea dago indarrean. Orduan, gaixotasuna garaiko gizartearen baloreak hartzen joaten da.

Desoreka hauek pairatzen dutenen perfil zehatzaz hitz egin dezakegu?

Askotarikoak dira desorekaren bat jasaten duten pertsonak, baina oro har, esan genezake, %90 emakumezkoak eta %10 gizonezkoak direla. ACABE martxan dagoenetik, aldaketa gutxi egon da kopuru horietan. Eta adinen kasuan berdin, 17 urte hauetan 21–25 bitarteko pertsonen datuak ateratzen zaizkigu batez ere; halere, ezin da orokortu.

  ACABE

Hori bai, batez ere momentu zailetan ematen dira elikadura desoreka kasuak. Esaterako, emakumezkoetan ohikoa izaten da, nerabezaroan edota menopausia etortzerakoan pairatzea, bi kasuetan segurtasun gabezia nagusitzen delako. Hain zuzen, traba batzuk aurkitzen dituzte euren bizitzan —gazteen kasuan, familia eta lagunekin dituzten erlazioetan aldaketa ematea, bizimodua aurrera atera beharra... Sarri, ez dute jakiten ziurtasun eza hori nola zuzendu eta janaria kontrolatzen saiatzen hasten dira. Eta hor agertzen da arazoa.

Kontrolatzen dutela uste arren, ez da horrela, noski. Janariaren bidez emozioak menperatu gura dituzte, eta azkenean, oharkabean tranpa batetan erortzen dira. Buruko gaixotasuna da, eta oso zaila da hortik ateratzea; badakigu nola tratatu daitekeen.. Baina zaila da.

Eta zuek hor zaudete, behar dutenei laguntzeko.

Hala da. Bai gaixoei, zein familiarteko eta lagunei laguntzen saiatzen gara, eta baita profesionalei ere. Hau da, sarritan etorri zaizkigu irakasle edota entrenatzaileak horrelako kasuak ezagutu eta aurre egiten ez dakitela, aholku eske. Normalean inpotentzia handia sentitzen da, eta nondik nora jo jakitea funtsezkoa da.

Argi utzi behar dugu, elkartean ez ditugula tratamenduak eskaintzen. Psikologo eta nutrizio–medikuekin hitz egiteko eta informatzeko aukera ematen dugu eta gainera, banakako harrera zein talde–terapia burutzen da.

ACABEn badaukagu Informazioa, Orientazioa eta Onarpena deitzen den programa bat eta zer gertatzen den azaltzen dugu. Beti ere zein intentzioz bisitatzen gaituzten begiratzen dugu, zenbaitzuek soilik zer egiten dugun jakin nahi dute, edota kanpoan zer nolako zerbitzuak aurki ditzaketen ezagutu, zein gertuko pertsona bat gaixorik egon eta nola jokatu ez dakitenak daude...

Halere, sendatzeko bidea, gaixoak berak arazo bat duela onartzean hasiko da, ezta?

Zalantza barik, oso gaixo dagoen pertsona bat sendatzeko ezinbesteko baldintza da berak zulo horretatik irten nahi izatea. Gainera, nagusitzen den ezaugarri bat, beraien gorputzaz daukaten irudi distortsionatua da, eta parean ikusten duten pertsonak etsai moduan ikusten ditu, horregatik oso zaila da.

Gaixotasuna dutenak ere etortzen dira guregana, arrazoi ezberdinengatik, hori bai. Gazteak direnean errazagoa izaten da gurekin hitz egitera ekartzea; beste gauza bat da kasu egiten ote diguten, oso burugogorrak izaten dira asko eta.

Baina behin onartuta, sakonago landu behar dugu gaia, eta galdetu behar zaie ea zergatik nahi duten argal egon. ACABEn gertatzen zaienaren gaineko kontzientzia har dezaten saiatzen gara. Batzuek argi edukitzen dute, baina beste gauza bat da egoerari aurre nola egin ikastea. Kontzientziatu eta tratamendua jaso dezaten motibatzea da gure egiteko nagusia.

Eta horretarako, medikura joan beharko dute, noski, esan bezala, gaixotasun bati aurre egin behar zaio; hor sartzen dira psikiatrak, psikologoak, eta endokrinoak. Argi eduki behar dute beraiek bakarrik ezingo dutela. Familia eta lagunak ere hor daude, baina beste gauza bat dira, haiek babesa emango diete, baina profesionalen laguntza ezinbestekoa dela ahaztu barik.

  ACABE

Halere, badago gugana etortzen den beste erabiltzaile mota bat. Hain justu, tratamenduan dauden pertsona ugarik horrenbeste denbora igaro ostean —ez ahaztu errekuperaziorako bidea luzea dela— maiz nekea sumatzen dute, bai beraiek eta baita ingurukoak ere. Kasu hauetan, ezagutzen ez duten biderik ote dagoen, egiten ari direna ongi egina dagoen galdetzera etortzen zaizkigu, adibidez.

Desesperazioa.

Bai, zalantzarik gabe! Azkenean denei kutsatzen zaie neke hori. Eta maiz, ohartu gabe eta borondate onenarekin jokatuta ere, etengabe “jan ezazu”, “ea orain zer egiten duzun” eta antzerakoak esanda, estutu egiten dituzte desoreka duten pertsonak. Horrekin lortzen dena, entzungor egin eta ingurukoak ekiditea da, eta lehen aipatu dugun moduan, gaixoek etsaia etxean dutela pentsatuko dute.

Aldiz, lasai utzita, larritasun sentsazioa sentituz gero ez da kanpotik eraginda izango, eta ohartuko dira zerbait ez doala ongi. Paper zaila dute ingurukoek betetzeko, ez dira gainean etengabe egon behar baina adi jarraitu behar dituzte gaixoaren urrats guztiak.

Luzea izaten da sendatzeko prozesua, aipatu duzunez.

Oso. Bataz beste, hiru eta bost urte arte iraun dezake, eta gehiago ere izan daiteke adinaren, edota gaixorik daraman denboraren arabera. Gauza askok baldintzatzen dute prozesua; batzuetan patologia hau beste psiko–patologia batekin agertzen da, nortasun nahastearekin, esaterako. Ez du esan nahi sendatzea ezinezkoa denik, baina bai konplikatuagoa.

Eta badago sendatzen ez den kopuru bat; %30az hitz egiten da, baina ez dakigu ziur. Halere, egoera kronikoa bilakatu arren, beti esaten dugun moduan, egoera asko hobetzen da tartean tratamendu bat egonda, eta ezin dugu hori ahaztu.

Egungo gizartearen eragina handia da, ezta?

Ikaragarria! Denak eragiten du, baina gainera, bakoitzaren ulertzeko moduan dago gakoa, norberaren izaeran.

Hitz egin al dezakegu elikadura desoreka eragileei buruz?

Neurri batean bai. Argi ikusi dugu sarritan gazteen artean dietak egitea izaten dela gaixotzearen aurreneko urratsa; eta dietaz hitz egiten dugunean, medikuaren bidez egiten diren tratamenduak ere sartzen dira.

Hau da, pentsa dezagun neskatila bati normala baino pisu gehiago duelako barre egiten diotela eskolan, eta asmo onarekin hori aldatzeko medikuarengana eramaten dutela pisua galtzen lagun diezaion. Neskatila horrek argalduz bizimodua aldatzen zaiola ikusiko du, eta normal jaten hasten denean, gizentzeko beldurra sortu, eta obsesioa bilakatzen den eguna iritsi eta arazo bilatu daiteke.

Zoritxarrez, nahi baino gehiagotan ikusten dugu egoera hori, oso normala dela esan behar dugu. Eta orduan zer? Ohiturak aldatzea da gakoa, baina bera konturatu gabe. Hori izango litzateke idealena, baina zaila da.

Bestalde, nerabezaroan hazten doazela ohartu eta moldatuko ez direnaren beldur sentitzen diren askok ume izaten jarraitu guran, oharkabean pairatzen dute elikadura desorekaren bat.

Heldutasunean sartuta, aldiz, bestelako arrazoiak agertzen dira, dela bikote harremana hautsi delako, edota lan arazoak direla... Mila istorio konta daitezke.

Pentsa norbaitek lagun batengan sintomaren bat ikusi edo zerbait sumatzen duela. Zein gomendio emango zenioke?

Hasteko, ez dezala polizia papera hartu, eta pertsona horrekiko errespetu handia izan dezala. Ez dadila halabeharrezko salbatzaile sentitu, eta lagun moduan gerturatzeko, eta esan diezaiola ez duela ongi ikusten, triste nabaritzen duela... Eta beste alor batetik atera dezala gaia. Eta argi eduki behar du erresistentzia gogorra aurkituko duela ahaleginean.

Noizbait desagertuko dira elikadura desoreka arazoak?

Iruditzen zait zoritxarrez gaixotasun hau ez dela desagertuko, epe laburrera behintzat. Izan ere, gizarte honek lehiakortasuna bultzatzen du eta geroz eta erronka handiagoak ipintzen dizkiogu gure buruari, erortzeko arriskuak handituz. Hala, segurtasunean irabaztea besterik ez zaigu geratzen egoera saihestu nahi badugu, gure burua maitatzea.

Gainera, egungo baloreetan irudiari garrantzia izugarria ematen zaio, eta ondorioz, modak ere influentzia handia dauka pertsonen sineskeretan. Eta horretarako, obligazioak dituztenenek ere neurriak hartu behar dituzte, besteen artean, instituzioen aldetik indar gehiago eginez. Esaterako, modari dagokionez, arropen tailak behingoz zehaztuz. Zapatetan neurri estandarrak badira, zergatik ez beste esparruetan?

Heziketak garrantzia du noski, eta estereotipoak hausteko borroka egin behar da hortik ere. Halere, ulertzen dut irakasleek nondik nora jo ez jakitea, ezin baitugu ahaztu elikadura gorabeheren artean, bulimia edota anorexiaz gainera, geroz eta ohikoagoa dela haurrengan obesitate arazoak ikustea... Zaila dago egoerari buelta ematea, baina saiatu behar gara.


Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza