Euskonews Gaztea

189 zbk.

Gaiak

Alfredo Landa

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aurpegi ezaguna da Alfredo Landarena, aktore lanetan jarduteak gure artean eta baita kanpoan ere izen sonatua izatea ekarri baitio.

Iruñean jaio zen Alfredo Landa Areta 1933ko martxoaren 3an. Aita guardia zibila zuen eta horren ondorioz hainbatetan lekualdatu zuen familiak bizitokia. Aurrena Aribera joan ziren bizitzera, eta handik berriz, sei urterekin, Kataluniako Figueres udalerrira; 12 urte zituela berriz, Donostia izan zuen Landa–Areta familiak jomuga.

1970  
El diablo Cojuelo filmean, 1970ean.

Batxilergoa amaituta, Zuzenbidea ikasteko asmoz matrikulatu zen unibertsitatean, Gipuzkoako hiriburuan bertan. Han zela, Espainiako Antzerki Unibertsitarioan sartu eta antzezpen munduarekin lehenengo hartu–emana eduki zuen, eta eszenatokira igotzeak ematen zion zirrarak harrapatuta geratu zen. Hala, goi mailako ikasketak utzi eta Madril aldera abiatu zen, 1958an.

Hogeita bost urteko gazteak zinema munduan eduki zuen aurreneko lan esperientzia bikoizketa aktore moduan jardutea izan zen. Baina ez zen denbora asko igaro pelikula batetan paper bat eskaini ziotenera arte; hain zuzen, 1962an José María Forqué zinemagilearen Atraco a las tres filmean debutatu zuen.

Halaxe hasi zen nafarraren ibilbide profesionala. Hiru etapa ezberdinetan banatzen dute zineman adituek bere lana. Aurrenekoa, hogei film ingurutan parte hartu zuen garaia izango litzateke, eta 70. hamarkadara arte iraun zuena. Garai hartakoak dira, besteen artean, La verbena de la Paloma (1963), El verdugo (1963), Casi un Caballero (1964), Nobleza baturra (1964), Ninette y un señor de Murcia (1965), La ciudad no es para mí (1965), Los guardiamarinas (1966), Cuatro noches de boda (1969) edota Cateto a babor (1969).

Bigarren aroari aldiz, Landismo deitu izan diote. Garai honetan, beti antzerako paperak interpretatu zituen, eta matxista, sexuaren gainean harroputz eta frustrazioz bizi zen gizonezkoa antzezten zuen. Ez da txikia garaiko film kopurua. Besteen artean izenburu hauek ageri dira: No desearás al vecino del quinto (1970), Vente a Alemania, Pepe (1970), Aunque la hormona se vista de seda (1971), París bien vale una moza (1972), El reprimido (1973) edota Los pecados de una chica casi decente (1975).

  Alfredo Landa
Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia.

Baina hirugarren aroa, El puente grabatu zuenean hasi zen, 1976an; hain zuzen, bertan eginiko lanak beste paper batzuetarako bidea eman zion aktoreari. Eta zer esanik ez, Los santos inocentes (1983) filmak ahalbidetu zion arrakasta; bertako interpretazioan erakutsi zuen komiko izateaz gain, bestelako errepertorioetan ere ederki moldatzen zela. Lan horrekin, Canneseko Zinemaldiaren 37. edizioan Aktore Onenaren Saria eskuratzea ekarri zion.

Filmografia borobildu zuen 80ko hamarkadatik aurrera eta besteen artean, La vaquilla (1984), Tata mía (1986), El bosque animado (1987), Sinatra (1988), La marrana (1992), Canción de cuna (1994), Los porretas (1996), Historia de un beso (2001), El refugio del mal (2002), El oro de Moscú (2003), Tiovivo (2004), Luz de domingo (2007). Sariak ere ugari izan ziren garai hartan, Indietako Cartagenako Zinemaldian Aktore onenaren Saria (1985), Goya saria (1987 eta 1992), Kataluniako Generalitaten Saria (1988), Euskal Zineari Saria aktore onenari (1993, 2001).

Telebistan ere lan egin du Alfredo Landak, neurri txikiagoan. Confidencias (1963–1965), Tiempo y hora (1966–1967), Tristeza de amor (1986), El Quijote de Miguel de Cervantes (1991), Lleno, por favor (1993), En plena forma (1997) edota Los Serrano (2004) telesailetan aritu zen.

Bere ibilbide profesionala omendu diote maiz, Nafarroako Urrezko domina eman zioten 2002an; 2003an Donostiako Zinemaldiaren 51. edizioan, AISG aktore elkarteak bizi osoari saria eman zion; Ohorezko Goya 2008an eta urte berean, Viana Printzea saria.

Azkenean, 2007an erretiratzen zela adierazi zuen abentura moduan hasi zena bizimodu bilakatu eta lan gogor egin ostean.