Euskonews Gaztea

188 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXV): Sara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Axular idazlea lurperatuta dagoen udalerria bisitatzera joango gara. Ez da Sara inguruetan gabiltzan aurreneko aldia, baina oraingo honetan, zertzelada zehatzagoak eskaintzeko asmoz abiatuko gara bertara.

Toki ederra, historiaz betea

  Argazkia
Sarako bista partziala. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Udalerrira iristearekin, ingurune ederrak ongietorria egiten digu. Larrun mendiaren magalean dago kokatuta Sara, eta paisaiak maiteminduko gaituen moduan, herriko txoko eder ugarik ere tokiarenganako sentimendu berezia sorraraziko digute.

Historiari errepaso bat emanez ekingo dugu gure proposamena. Historiaurreraino bidaiatzeko parada daukagu, esaterako, Sarako Lezeak bisitatuz; hain zuzen ere, 47.000 urte inguru dituzte haitzuloek eta edertasun eta naturak sorturiko forma bitxiak aurkituko ditugu bertan. Baina gainera, parke megalitikoa dago inguruan, non euskal mendietan ohikoak diren dolmen zein tumuluak berreraiki diren; badago baita ere museo bat, eta, historiaurretik gaur arteko kobazuloaren okupazio bilakaera ikusiko dugu bertan; edota multimedia gelan diapositibak erakutsiko dizkigute...

Denboran aurrera egin eta XVIII. mendera igaroko gara. Hain zuzen, aipagarria da 1794. urtea; orduan, inguruko beste herri batzuekin batera, Sara udalerri zital moduan kalifikatu zuten eta biztanle guztiak –700 inguru– atxilotu zituzten. Zortzi hilabete inguru iraun zuen deportazioak, eta itzuleran, saratarrak ondasunik gabe zeudela ohartu ziren, lapurtu edota konfiskatuak izan baitzitzaizkien.

Mende bat beranduago, 1812–1813 urteetan, Gerra Napoleonikoek herrian eragina izaten zuten; eta halakoetan gertatzen den lez, sarritan eraso zuten tokia eta arpilatzeak ere maiz eman ziren.

  Argazkia
Sarako hirigunea. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Zer ikusi?

Sarak Nafarroarekin 23 kilometrotako muga du, eta hedapen horren ondorioz, ez da harritzeko herria auzo ugaritan banatuta egotea. Erdigunean ekingo dugu bisitaldia, nahi izanez gero. Bertan, San Martin eliza begiztatuko dugu, XVII. mendekoa; halere, 2005ean sute batek kanpandorre eta arkupeak erre zituen, eta ondorioz, egun daudenak berreraikitze lanen fruitua da. Eliza barruan dago lurperatuta Pedro de Axular idazle euskalduna eta Sarako erretore izandakoa. Kanpoaldean bestalde, eliza barruko ehorzketak debekatu osteko hilerria aurkituko dugu.

Horrez gain, bada bestelako ondare erlijioso bitxia Saran. Hain zuzen, garai batean hamabost kapera eta otoiztegi zeuden sakabanatuta udalerrian –egun hamabi kontserbatzen dira– eta hauen helburua, batetik bestera zihoazen galtzada–harriekin etxeak herri–gunearekin lotzea zen; elizabidea deitzen zitzaien.

Halere, herri lapurtarrak ondare zibilaz gozatzeko aukera ere ematen dio gerturatzen den bisitariari. Ezin ahantzi ditugu estilo propioa duten eraikuntza ederrak; XVII. mendeko udaletxea; Ibarla (XVI) eta Haranburua (XVII) dorretxeak; edota Ortillopiz Euskal Etxea... Zer ikusi badaukagu Saran, ezbairik gabe!

Lapurdiko herri ederra bisitatzera animatzen zaitugu. Zeren zain zaude?

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com