Euskonews Gaztea

188 zbk.

Oscar Carcedo
Oscar Carcedo
(Burgos, 1977ko ekainaren 26a)

Burgosekoa da jaiotzez eta bertan hazi zen Oscar. Ikasketez Heziketa Fisikoan lizentziatua, azken zazpi urteotan Donostian dihardu lanean. Hain justu Atzegi –Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen erakundea– du lantokia eta eremu ezberdinetan ibili ondoren, 2010etik Pauso Berriak ekimenaren koordinatzailea da. Egitekoa, adimen urritasuna duten pertsonek lan munduan sartzeko aukera eskaintzea.

Elkarrizketa

Oscar Carcedo. (Pauso Berriak)
Adimen urritasuneko pertsonak edozein enpresatan lan egiteko gai dira

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Ez zaigu arraroa egiten adibidez, ikastetxeetan, musika bandetan edota antzerkian gurekin batera adimen urritasuna duten pertsonak aritzea, berezko eskubidetzat ere baitaukagu eta horrek normalizazio baten barruan gaudela adierazten digu. Zoritxarrez, XXI. mendean sartuta oraindik ere kolektibo horretako pertsonak enpresetan ikustea ez zaigu ohikoa egiten, salbuespenak salbuespen. Baina ez beraiek nahi ez dutelako, dituzten aukerak murritzak izaten jarraitzen dutelako baizik. Atzegik integrazioa lantzen dihardu 1960.urtetik eta 2010. urtean lan mundura gerturatzea lortu zuen, Pauso Berriak izeneko proiektu pilotua abian ipiniz. Gehiago ezagutu guran hitz egin dugu ekimeneko arduradun Oscarrekin.

Atzegin lanean hasi zinela urte batzuk igaro dira.

Halaxe da, zazpi urte beteko ditut aurten. Halere, aurretik baneukan adimen urritasun eta kirol esparruan lan esperientzia, Burgoseko enpresa batetan. Handik, bizitzako gorabeherengatik, Donostiara lekualdatu eta Atzegin aurkitu nuen lana, aurrena kirol kontuak koordinatzen, eta ondoren,elkartean Aisia zerbitzua eta Gizarte partaidetza deitzen dugun horretara igaro nintzen.

Sei urte aritu naiz egiteko horretan, eta azken urtean lanbide eremua lantzen dihardugu erakundean. Gure asmoa, adimen urritasuna duten pertsonak lan munduan integratzea da. Jakingo duzuen moduan, Gureak–ek babestutako tailerrak ditu martxan aspalditik, baina guk urrats bat haratago joan nahi genuen, eta bestelako lantokietara ateak irekitzeko erronka hartu genuen. Programa bat egituratuz hasi ginen, eta halaxe sortu zen Pauso Berriak ekimena.

Esan behar da, Pauso Berriak baino lehen ere bageneukala ideia bat buruan bueltaka, eta 2008an Atzegik burutu zuen kanpainak Lantokian, ikusiko duzu! zeukan izena. Zoritxarrez ez zuen oihartzunik eduki, eta egitasmo horri bultzada bat emateko, Gureak elkartearekin hitzarmen bat sinatu genuen 2010eko martxoaren 23an, eta halaxe ekin genuen abentura berria.

ainhoa
Ainhoa, Legazpiko udaletxean praktikak egiten. Argazkia: Atzegik utzia.

Pauso Berriak integraziorako beste urrats bat dugu, beraz.

Hori da. Hezkuntzarekin alderatuko bagenu, hasiera batean adimen urritasuna zuten pertsonentzako eskola bereziak sortu ziren, eta ondoren urrats bat eman zen eta ikastetxe arruntetan integratzen hasi ziren gazte horiek.

Lan munduan ere pauso bertsuak eman ditugula esan genezake; aurrena babestutako tailerrak sortu ziren, eta ezin dugu ahaztu lanean dabilen kolektibo honen %99a toki horietara joaten dela. Halere ikusi genuen pixka bat urrutiago iristeko erronka hartu behar genuela gure gain, eta hala, gura zutenei lan eremua zabalduko zitzaiela.

Nolabait esatearren, gizarteratzea.

Bai. Beti izango baitute aukera babestutako tailerretan lan egiteko, baina haratago bidaiatu nahi genuen. Helburua integrazioa da, baina era berean, adimen urritasuna duten pertsonek edozein enpresatan lan egiteko gaitasuna dutela erakutsi nahi diogu gizarteari. Noski, pertsona hauek beraien gaitasunetara egokitutako postuetan arituko lirateke.

Guzti hau atzetik ikastetxe arruntetara joaten diren pertsonen partetik eskari bat dagoelako eman da. Hauetariko askori, iruditzen zitzaien nahiz eta adimen urritasuna eduki gainerako jendearekin ikastetxe berera joateko borrokan ibili ostean, lan mundura igarotzeko orduan atzera pauso bat ematen zutela. Eta bestelako aukerak probatu gura zuten horiengatik hasi ginen gu Pauso Berriak egituratzen, eskaintzak zabaltzeko.

Eta egun, zenbatek dihardute proiektuan?

Langabezian dauden edota Gureak–eko tailer okupazionaletara joaten diren 20–35 urte arteko neska–mutilak dira proiektuan dabiltzanak, nahiz eta adin tarte horretatik kanpo ere norbait egon.

Berrogeita hamar pertsona aurreikusten genituen, eta plaza guztiak bete ditugu. Alde horretatik balorazio positiboa egiten dugu, baina emaitzei dagokienez, itxaron beharko dugu, izan ere 2010eko ekainean hasi ziren batzuk eta azkenekoak urtarrilean sartu berri dira.

Halere, orokorrean hitz eginda, nahiko erantzun ona eduki du egitasmoak, bai lanean hasi direnen aldetik baina baita praktikak eskaintzen dituzten enpresen partetik ere. Eta familiartekoek ere modu positiboan ikusten dute ekimena, gazte hauek mundu berri bat ezagutzeaz gainera, esperientziak autonomia gehiago izatea ekarri baitie.

  Igor
Igor, Zumaiako gerontologikoan laguntzen. Argazkia: Atzegik utzia.

Zer nolako baldintzak eskaintzen zaizkie programako parte hartzaileei?

Praktikak eskaintzen ditugu hainbat tokitan, eta horretarako, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa daukagu. Jaurlaritzak dekretuz zehazten du praktika denboraldia eta erantzukizun zibila eta osasun–asistentzia bere gain hartzen ditu.

Gainera, sei hilabete eta urtebeteko iraupena duten praktika hauetan diharduten gazteek beka bat eskuratzen dute, eta hala, normalean adimen urritasuna daukaten pertsonek lan munduan daudenean eskuratutako diru–sarrera baxuak apur bat orekatzea ere bilatzen da.

Hitz egin dezagun gazte hauek lanean hasterakoan aurkitzen dituzten zailtasunei buruz.

Ezin dugu ahaztu, eduki duten aukera faltagatik dauzkatela zailtasunak. Beraiek muga batzuk dituzte, noski, baina inguruak normalean ez du muga horiek gutxitzen lagundu. Hau da, praktikak egiten diharduten pertsonek aurretik lanpostu horretarako beharrezko formazioa jaso balute, ziurrenik lan erritmoa bestelakoa izango litzateke.

Bestalde, gauzak maiz errepikatu behar zaiela esaten digute, eta egia da, baina funtsean aipatu berri dugun arrazoi berdina dagoela ikusten dugu. Eta ikastetxeetan esaterako, gainerako ikasleak moduan edozein lanpostutan aritu daitezkeela kontuan hartuko balitz, ziur aski euren iniziatiba gaitasunak ere sustatuko liratekeela.

Zuek praktikaz gain formazioa ere eskaintzen duzuela entzun dut.

Guk Pauso Berriak hiru arlotan banatuta ulertzen dugu; formazioa eta praktikak alde batetik, eta bestetik, gazte horren kontratazioan lagunduko luketen formulak ikertzen gabiltza, ez baitugu praktiketan geratu nahi.

Pauso Berriak egituratzen hasi ginenean, bigarren urratsari heldu genion aurrena, hots, praktikak eskaintzen hasi ginen, eta errealitatea ezagutu ondoren, formazioa egituratzeari ekin genion, hain justu, lanbide bakoitzeko ezagugarriak ikusi eta horren gainean lan eginez.

Formazioa bi bloketan dago banatuta eta bakoitzak hiru hilabete irauten ditu. Alde batetik, edozein lan perfiletarako baliagarriak diren arloak lantzen dituzte, dela puntualtasuna, lanera iristeko autobusak erabiltzen ikastea... Oinarrizko gauza txikiak.

Oscar

Bigarren blokean aldiz, perfil ezberdinetara egokitutako gaiak lantzen dira: bulego eta liburutegiko artxibo laguntzaile perfila, geriatria eta osasun zentroetako laguntzaile perfila eta ostalaritza eta ostatu laguntzaile perfilak dira jorratzen ditugunak. Askoz zehatzagoak dira materiak, dokumentuak nola deuseztatu; areto bat atontzen ikasi...

Pertsona hauek normalean kolaboratzaile edo laguntzaile papera betetzen dute enpresan eta orokorrean, lan errazak direnez gero beraiek egin ditzakete. Gainera, horren ardura zuen pertsona liberatu daiteke eta bere lanean zentratu.

Gizartea gai honekin nahikoa sentsibilizatuta dagoela pentsatzen duzu?

Noski, duela urte batzuk baino hobeto dago gizartea, baina oraindik asko dugu egiteko, eta horren erakusgarria da Pauso Berriak ekimena. Enpresen aldetik oso erantzun ona jaso dugu; krisia dela eta ez da momenturik onena lantaldea handitzeko, eta bat batean adimen urritasuna duen pertsona bat praktikak egiteko hartzeak sentsibilizazioa erakusten duela iruditzen zait.

Guretzako, Atzegirentzako, sentsibilizatzeko oso tresna eraginkorra da Pauso Berriak, eta estereotipo ugari apurtzeko balio digu, gainera. Horren harira, eta adibide moduan, enpresa batetan hitzaldia eskaini genuen gazte bat lanean hasi behar zela eta, bertako langileen galderei erantzuteko asmoz. Nola tratatu behar dut? Nola moldatu gara egiteko bat bidaltzeko orduan? ziren orduko galderak, eta lau hilabetetara beste edozein lankide modukoa dela konturatu gara esan ziguten. Denbora gehiago beharko du, edota azalpen gehiago, baina bere egitekoa beteko du, zalantza barik. Eta hori argi geratzen zaie, gure modukoa da esaten dutenean.

Aprobetxatu gizarteari mezu bat bidaltzeko.

Batez ere 30–35 urte bitarteko gazteei zuzendu nahiko nieke mezua etorkizun batean agian enpresaren zuzendaritzan egongo baitira. Pertsonak kontratatzeko orduan errealitate hau existitzen dela ohartu zaitezte eta ez ahaztu adimen urritasuna duten pertsonek lan munduan barneratzeko duten gogoa handia dela. Ahantzi estereotipo guztiez, eta ez izan beldur halako iniziatiba batetan barneratzeko orduan, gauza positibo ugari ekartzen baititu. Eta ez ahaztu beraien eskubidea dela eta enpresek erantzukizuna dutela esparru horretan.

Legez ere araututa dago, beraz?

Bai, baina kontuan hartu behar da minusbaliotasun mota asko daudela, fisiko zein psikologikoak. Eta nahiz eta legeak zehazten duen lanpostuen portzentaje bat kolektibo horri eskaini behar zaiola, normalean minusbaliatu fisikoak kontratatzen dituzte enpresek, eta hori ongi dago. Baina adimen urritasuna duten pertsonez ahaztu egiten dira, lanerako gai izango ote diren beldurra dagoelako gizartean oraindik ere. Eta hori da aldatu beharrekoa, kontuan hartu ditzatela, bai batzuk eta baita besteak ere. Balantza orekatu behar dugu.

Zer nolako erronkak dituzue 2011rako?

Pauso Berriak egitasmoa sendotzea oro har: praktikak ugaritzea, kontratazio eremuan ere urratsak ematea eta praktiketatik haratago joatea... Lan asko eta asko!