Euskonews Gaztea

187 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXIV): Nerbioi ibaiaren sorrera

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nerbioi ibaiak bide luzea egiten du Kantauri itsasora iritsi aurretik. Gu haren sorlekua ezagutzera abiatuko gara.

Aniztasuna nagusi

  Otsoak
Otsoa eta ehiztaria. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal

Gorobel mendiguneraino joan eta inguruetako altxorrekin gozatzeko probestuko dugu gaurko proposamena; beraz, ez ahaztu arropa egokia janztea! Bertara iristeko, Arabara joko dugu, Aiaraldera eta Urduñatik Burgos alderantz doan mendatean gora egingo dugu harik eta atondutako parkinga begiztatzen dugunera arte; bertan utziko dugu kotxea eta gure proposamenarekin hasiko gara.

Aurretik gure helmugara iristeko, hiru kilometro inguruko txangoa daukagu zain, erraz egiten den bidea da, gainera. Inguruneak aberastasun ugari eskaintzen dizkio bisitariari, dela geologiari, fauna edota florari dagokienez, esaterako. Hala, adi joanez gero, animalia ugari ikusteko aukera izango dugu egun ona baldin bada; askoren artean, gailurretako uhandreak, sai zuri edota arreak, arrano txikiak zein lepazuriak bizi dira inguru horietan.

Landareen aldetik ere, barietatea eskaintzen digu zonaldeak; egia da pagadi ugari topatuko ditugula Gorobel alde hartan, baina gainera, pinu gorriak edota lizardi eta zumardiak ere badaude, nahiz eta kopuru txikiagoan izan, adituen arabera.

Antzinako otsotegiak

Santiago mendian barneraturik gaude, eta gure xedea bidearen amaieran aurkituko dugun behatokira iristea izango da; merezi du, bertatik dagoen ikuspegia izugarri polita da eta.

Halere, aurrera egin ahala, eraikuntza berezi batzuk begiztatu eta seguru atentzioa emango digutela; hain justu, antzinako otsotegiak kontserbatzen dira eta merezi du minutu batzuk eskaintzeak bitxikeria honi. Denboran atzera eginez, ehiztariek aspaldiko denboretan otsoa harrapatzeko erabiltzen zuten teknika ezagutu ahal izango dugu; animalia izutu eta hauek ihesean joaterakoan, tranpetara gidatzen zituzten. Argazki kamera gurekin hartu badugu, erabiltzeko momentu ona da, ezen nahiz eta harrizko harrapari eta harrapakin erraldoiek irribarrerik ez diguten egingo, gutxienez etxera irudi kuriosoa eramango dugu!

Nerbioi
Ikuspegi ederra. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal

Atzean utziko ditugu garai bateko kontuak, eta helmugara gerturatzen joango gara. Garai euritsuetan egiten badugu txangoa, urrutitik sumatuko dugu amaiera gertu dagoela. Ezen orduan –hau da, negu eta udaberrian– 250 metro baino gehiagoko ur–jauzi ederra sortzen da, bisitaria txundituta utziz. Ez baita txantxetakoa daukan tamaina, horrek Iberiar Penintsulako altuena eta Europako garaienetarikoa bilakatzen baitu.

Halere, ez du esan gura, bestelako garaietan tokira bisitatzeak merezi ez duenik, erran dugun bezala, bailararen ikuspegia aparta baita edozein sasoitan!

Animatu, gerturatu eta gozatu!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com