Euskonews Gaztea

186 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXIII): Elorrio

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bizkaia izango dugu jomuga oraingo honetan. Gipuzkoako mugetatik gertu aurkitzen dugu Elorrio, mendiz inguratuta dagoen edertasun handiko tokia.

  Argazkia
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Elorriok urtero bisitari ugari jasotzea ez da harrigarria suertatzen; ezen bertako kale zein auzoetatik ibiltzerakoan, garai ezberdinetako aztarnekin topo egin eta zein nolako herri aberatsa den ikusiko baitugu. Hain zuzen ere, horrexegatik izendatu zuten 1964an Eremu Historiko–Artistiko.

Aroen joan–etorrian

Mendeak atzera egingo dugu, Erdi Arora bidaiatuz, eta XI. mendean San Agustingo monasterioa existitzen zela badakigu. Hain justu leku berean baina 1356an, Bizkaiko jauna zen Don Tellok herriaren sorrera agindu zuen. Zergatia argia zen, muga horren gertu egonda, gipuzkoarrak pasa ez zitezen zaintzea zuen xede nagusi. Orduan hesiz inguratu zuten tokia, baina laster harresi barruan geratu zen Elorrio. Gerora, XV. mende erdialdean, oinaztar eta ganboatarren arteko borrokaldien testigu ere izan ziren orduko elorriarrak.

Historian baina gainbeherak izan ditu herriak; XVI–XVIII mendeak oso oparoak izan ziren, eta herria handitzen joan zen ondorioz, baita harresitik kanpo ere. Horrez gainera, egun oraindik bisita daitezkeen hainbat eraikin altxatu ziren, batzuk erlijiosoak ziren, baina bazeuden arkitektura zibil eder askoak ere. Bestalde, XIX. mendean ospe handia hartu zuen udalerriak, berton kokatutako bi bainuetxek erakarrita eta hala iraun zuen harik eta gerra zibila eman zenera arte, 1936an. Gerora, herriak bilakaera izan zuen, eta garai batean nekazari izandako udalerrira industria ere iritsiko zen.

Ikustekoak

Elorrioko kaleetan barrena joatean, besteen artean, Sortzez Argia Basilika aurkituko dugu; 1506an amaitu zuten eraikitzen berrogeita hamar urte inguruko lanen ondoren. Hala, bi estilo desberdin ikus daitezke kanpoaldean, bai gotikoa eta baita errenazentista ere. Kanpandorrea baina, beranduago altxatu zuten, 1672an.

 
Harrizko hilobiak, Argiñetan. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Halere, aipatu bezala, eraikin zibil ugari ere baditugu, XVII eta XVIII mendeetan zehar eraikitako jauregiak, asko. Gutxi batzuk aipatzearren, Esteibar–Arauna, Aramiño, Olazabal, Urkizu edota Arriola jauregiek zutik diraute eta zenbaitek gainera, garaiko familia handien armarriak dituzte oraindik ere. Eta, Arezpakotxaga–Askarraga jauregira gerturatzen baldin bagara, alboan Erdi Aroko harresiaren zati bat begiztatuko dugu, garai hartan zeuden sei ateetatik geratzen den bakarra da halaber.

Elorriok auzo ezberdinak hartzen ditu bere baitan, eta guk Mendraka auzora joatera gonbidatzen zaitugu, herriaren ikuspegi ederrarekin gozatu eta txangoari amaiera emateko. Iritsi aurretik, bidean dagoen Argiñetako nekropolian geldialdi bat egingo dugu, ezen tokia bitxia bezain polita baita eta merezi du tartetxo bat eskaintzea. San Adrian ermita dago bertan, eta harrizko 23 hilobi ikusiko ditugu, hiru kristautasun aurrekoak direlarik.

Ziur gaude Elorriok txundituko zaituela; aukera izanez gero, animatu herria bisitatzera, interesezko beste makina bat kontu aurkituko baitituzu bertan.

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com