Euskonews Gaztea

185 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LXII): Errezil eta Beizama

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aste honetan Gipuzkoaren bihotza ezagutzeko proposamenarekin gatoz Euskonews Gaztearen orri honetara. Herri txiki bitara gerturatuko gara, paraje natural ederrekin gozatuz.

  Errezil
Errezil. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Aurreneko geralekua: Errezil

Errezilen emango diogu hasiera txangoari eta aurrena, bertako datu historiko batzuk aipatuko ditugu. Nahiz eta agirietan udalerriaren aipamena aurrenekoz XI. mende hasieran agertu, ikerketek erakutsi dute gizakia bertan antzinatik bizi izan dela. Hain justu, Aitzorrotz eta Aintzulo kobazuloetan goi–paleolitoko aztarnak aurkitu zituzten. Garai modernoagoetara jauzi eginez, herri txikia –624 biztanle inguru zituen 2008an– demografia aldetik handiagoa izan zen XX. mendeko hasierako hamarkadetan –1500 pertsona izatera iritsi baitziren–, baina bigarren erdialdetik aurrera beherantz joan zen kopurua.

Ernio mendiaren zaintzapean, udalerriak bisitariari hainbat leku eskaintzen dizkio. Esate baterako, historiaurreko monumentu megalitikoak: Munaraingo bi tumuluak eta Sagaraingo bi trikuharriak. Herrian bertan, XVI. mendeko San Martin eliza ikustera gerturatu gaitezke, esaterako; Erdoizta auzoan berriz, San Isidro ermita topatuko dugu, hain zuzen XIX. mendekoa dena; edota San Juan baseliza, aurrekoaren garai bertsukoa. Baina eraikin erlijioso hauez gainera, garai bateko hainbat errota hidrauliko ere begiztatzeko abagunea dugu, Lizarretaerrota edota Landarrainerrota, esaterako.

Naturaz gozatzeko parada eskaintzen digu udalerriak. Aurrez aipaturiko Ernio mendira igo gaitezke gura izanez gero, 1070 metroko tontorrera; animatuz gero, Errezildik ordu eta hiru ordu laurdenetako txangoa izango dugu aurretik. Goitik, bailararen ikuspegi ederra zain izango dugula eta, aukera galdu gabe aprobetxatzeko moduko igoera da.

Beizama  
Beizama. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Gure helmuga: Beizama

Hala ere, gure bidearekin segituko dugu eta Beizamara joango gara, Errezildik hamabost kilometro ingurura. Erdi arokoak dira herrixka xarmangarriaren lehenengo aipamenak, XI. mendekoak. Garai hartan Saiazko Alkate Gorenaren parte zen, Bidania, Aia eta Errezilekin batera. Herriak historikoki Unibertsitate Noble eta Leial titulua daukala aipatu, eta XIX. mendean eskuratu zuen herri izaera. Gaur egun, Nuarbe, Aginamendi, Amenabar, Baztarkalaldea, Ilarraldea eta Urdanpileta auzoek osatzen dute 2008an 180 biztanle zituen udalerria.

Beizamako San Pedro elizatik hasiko dugu bisitaldia; XVI–XVII. mendeen artean altxatutakoa da. Hasiera batean eliza barruan lurperatzen zituzten hildakoak garaiko ohiturari jarraituz, baina XIX. mende hasieran bukatu zuten usadioarekin. Beizamako udaletxera joango gara segidan, elizaren parean dagoen XVII. mendeko eraikinera; funtzio ezberdinak jaso izan ditu, eta udalaren lantoki izateaz gain, kartzela eta ostatua ere toki berean zeuden.

Beizamak gainera, Natur Eskola bat dauka; funtzio pedagogikoa bete gura du 4 eta 14 urte bitarteko gazteekin eta horretarako, ekimenak antolatzeaz gainera, natura eta etnografia erakusketa bat ere badauka barnean. Eta naturak halako garrantzia daukan baserri–giroko herrixkan, ezin aipatu gabe utzi Beizama inguruetan zehar oinez edo bizikletaz burutzeko ibilaldi ugari ditugula eskura.

Espero dugu eskaini ditugun zertzeladek Gipuzkoako paraje eder horietara gerturatzeko gogoa sortu izana. Ez zara damutuko!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com