Euskonews Gaztea

183 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LX): Salcedo eta Fontecha

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Ezagutzen al duzu Lantaron? Gaurkoan bertara joango gara, eta gure proposamen honen bidez, Arabako alde hori zertxobait gehiago ezagutzeko parada edukiko dugu.

 
Salcedoko San Esteban elizako ataria. Argazkia: Koro Muro (3digitala)

Lurraldearen mendebaldean dago kokatuta, eta Lantaron bera udalerria izan zen, eta baita konderria ere Erdi Aroan, baina 1800 urte ingururako jada inor ez zen bizi bertan. Halere, biztanleak bertatik joan aurretik, indar eta garrantzia handiko tokia zela jasotzen dute agiriek, lurraldeko gotorleku inportanteetako bat zela adieraziz.

Gaur egun udalerri ezberdinek osatzen dute Lantaron ingurua, hain zuzen, Sobrón, Larrazubi, Fontecha, Bergonda, Alcedo, Salcedo, Turiso, Zubillaga, Molinilla, Leziñana, Caicedo Yuso eta Komunioi –azken hau da herri gune nagusia. Gainera, Lantarondik Sendero historiko edo GR1 bidea igarotzen da, etapa ezberdinak eskainiz bisitariari. Horietariko bat, Salcedotik Fontechara eramaten gaituena izango litzateke.

Salcedo eta Fontecha

Hala, gure txango honetan bi udalerriak gerturatuko dizkizugu, tokian tokiko zertzelada batzuk emanez.

Salcedori dagokionez esaterako, aro ezberdinei dagozkien aztarnak aipatu beharko genituzke, historiaurreko La Lastra dolmena kasu. Gainera, udalerriko kaleetan barreiatuz gero, zenbait tokitan erromatar garaiko galtzadaren arrastoak aurkituko ditugu. Horrez gainera, estilo barrokoa duen San Esteban eliza, izen bereko antzinako monasterioaren aztarnen gainean eraiki zutena, zain izango dugu. Eta Erdi Aroko nekropolia ere badago Salcedon; bertara joan gura baduzu, galdetu San Pedro ermitagatik, bertan baitago.

Bestaldetik, ezin aipatu gabe utzi, udalerri honetan modu berezian ospatzen dituztela inauteriak, eta jende asko eta asko bertaratzen dela, lurraldeko jairik zaharrenetarikoa dela ematen duenean parte hartzera.

  Argazkia
Orgazeko dorreak Erdi Arora bidaiaraziko gaitu.

Baina Fontechari buruzko zenbait ohar ere jasoko ditugu proposamen honetan. Hala, agiri batzuek erakusten dutenez, XI. menderako dagoeneko herria existitzen zen. Juduak ere bizi izan ziren bertan XV. mendeko testu batzuetan agertzen denaren arabera.

Historian zehar jaurerri zein maiorazko izana, Fontechak zer ikusi eskainiko digu. Eraikin erlijiosoak bisitatzea gustuko badugu, San Nikolas parrokia aurkituko dugu. Baina badira bestelako eraikin ederrak ere Lantaron barneko txoko honetan; Erdi Arora bueltan eramango gaituzten zenbait dorre bisitatzera joan gintezke nahi izanez gero. Batetik, Condestable dorrera gerturatuko gara, XIV–XV. mendeetako harriko lan ederra. Bestetik, Orgaz begiztatuko dugu, eta, dorrea bera, harresia eta XV–XVI mendeen artean datatuako jauregia ere badauka.

Herri txikiek altxor handiak gordetzen dituzte beren baitan. Gaurko apunte hauen bidez, horietariko batzuk bederen deskubritzen saiatu gara, baina tokia sakonago ezagutu nahi baduzu, bertaratzea besterik ez duzu egin behar!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com