Euskonews Gaztea

182 zbk.

Gaiak

Argitxu Noblia

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskaltzalea da ororen gainetik Argitxu Noblia. Medikua, politikaria, eta Ipar Euskal Herriko lehenengo ikastolaren sortzailea.

Angelun etorri zen mundura 1942an Claire Noblia. Familia handi batetan hazi zen, izan ere, zortzi anai–arrebetatik nagusiena zen bera. Bigarren Mundu Gerla garaia zen, eta Argitxuren etxean ez zuten euskaraz egiten, harik eta euskaraz zekien aleman ofizial bat ezagutu zutenera arte. Hori ikusita, bere ama hizkuntza ikastera animatu zen. Gainera, aitak Afrikan egiten zuen lan, eta horrek eragina izan zuen gaztetxo hark euskaraz idazten ikasteko unean; hain justu, astero euskarazko eskutitza idazteko eskatu zien seme–alabei.

 
Argazkia: Koro Muro.

Ikasketei dagokienez, gaztetan –16 urte inguru zituenean– bidali zuten Bordele aldera, sendagile formazioa jaso eta familiako ohitura jarrai zezan; Medikuntza ikasi zuen ondorioz. Garai hartan, beste euskal ikasle eta irakasle batzuk ezagutzeko parada eduki zuen eta nahiko urte aktiboak izan ziren beretzako. Ikasteaz aparte, ekitaldia, hitzaldi eta bestelakoak antolatzen baitzituen Enbata izeneko talde hark eta Nobliak ekimenetan esku hartzen zuen.

Urteak igaro ziren, 1965ean Argitxu ezkondu eta haurrak eduki zituen. Angelun bizi zen aurrena, eta Baionara lekualdatu zen ondoren, bertako ospitalean egiten baitzuen lan. Mediku anestesista eta ama eginkizunak bere gain zituela, euskaltzalearen barruan bazegoen hizkuntzarekin lotutako kezka bat: bere haurrek euskaraz ikasi eta egunerokoan erabil zezaten nahi zuen.

Hala, 1969an momentu hartan zituen hiru seme–alabekin etxeko ganbaran ekin zion umeak euskaraz eskolatzeari; baina tokia txiki geratu zen lagunen eskaerak medio, eta lokalez aldatu zen harik eta Arrangoitzen toki aproposa aurkitu zutenera arte. Ipar Euskal Herriko lehenengo ikastola jaio zen modu horretan; eta, Seaskaren lehenengo lehendakaria izan zen Noblia, eta hainbat urtez eduki zuen egiteko hori bere gain, hain justu, 1969–1975 urteen artean.

Politikagintzan sartu zen ondoren angeluarra. Baionan aritu zen Herri Kontseiluan 1989–1995 urteen artean, Henri Grenet orduko hiriko alkatearen eskutik. Urte horietan gainera, finantziazio publikoz lagundutako aurreneko ikastolaren sorreran parte hartu zuen.

Ondoren, PNB edo Parti Nationaliste Basque–Eusko Alderdi Jeltzalearen hautagaia izan zen 1997ko hauteskundeetan, eta Ipar Buru Batzarreko lehendakari kargua okupatu zuen 2008tik 2009ra.

Guzti horrez gainera, Argitxu zenbait taldetako kidea ere bada; esaterako, Bakea Bai Elkarteko lehendakaria edota erroten inguruko Ardatza–Arroudet erakundeko partaidea. Bestalde, 1995eko urtarrilaren 23an gobernu frantsesak Grand Prix Humanitaire saria eman zion lapurtarrari, ordura arteko lana aintzatetsiz.

Euskaldunok mugak apurtzeko beharrean sinesten du Argitxu Nobliak. Hori eta euskararen normalizazioa izan dira urte luzeetan bilatu duena emakume polifazetiko eta langileak.