Euskonews Gaztea

181 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LVIII): Altsasura

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroaren handitasunak erakarrita emango diogu oraingo honetan hasiera gure txangoari eta Sakana aldera gerturatuko gara, tokia hobeto ezagutzeko asmoz.

  Argazkia
Altsasuko plaza. Argazkia: Archivo Sahats. (3digitala)

Inguru menditsu batetan barneratuko gara, ezen Urbasa eta Andia mendilerroen lurretan burutuko dugu bisitaldia. Berez Sakana eskualde ezberdinetan – Ergoiena, Arakil eta Burunda– dago banaturik dago eta guk azken hori hautatu dugu kasu honetan, hain zuzen bailarako herri nagusiena, Altsasu, ezagutu gura baitugu gertutik.

Altsasu

Toki estrategikoan dago Altsasu, hain zuzen, Gasteiz eta Donostiatik datozen errepideen bidegurutzea da eta horrek, historian zehar leku garrantzitsu izatea ekarri dio udalerriari. Alssaltssu edota Alsassua moduan ezagutua izan den herriak, hainbat gertaera bizi izan ditu, direla gudak, dela garapen ekonomiko eta demografikoa...

Datu batzuk aipatzearren, Hiri onaren izendapena eman zioten XV. mendean; armada frantsesak herria arpilatu zuen XVIII. mendeko Konbentzio Gudan; Zumalakarregi herrian izan zen bataila bat zuzentzen XIX. mendean, eta mende hartan, aduana eta tabako administrazioa bere gain zituen herriak...

Halere, Altsasurentzako beste data esanguratsu bat 1863koa da, hain justu trenbidea udalerria ailegatu zen urtea izan zen. Horrek, izugarrizko bultzada eman zion eta esaterako, bertako industria indarra hartzen joan zen; denbora igaro ahala, geroz eta kanpoko jende gehiago hautatzen zuen Altsasura joan eta inguru horietan bizimodua aurrera ateratzea.

 
Urederraren jaiotza. Argazkia: Archivo Sahats. (3digitala)

Zer ikusi edukiko dugu Altsasun? Askoren artean Antzina Erkuden herrixka egon zen tokian –Donostiara bidean– Erkuden Ama Birjinaren ermita bisita dezakegu; edota XVI. mende erdialdean eraikitako Jasokundeko Parrokia; San Juan Bataiatzailearen ermita... Eta noski, eraikuntza zibil ugarik ere gure arreta piztuko dute, horien artean esaterako, Basaluze dorrea zein XVIII. mendeko udaletxea.

Txango eta mendi–bueltak

Halere, hasieran erran bezala, Altsasu bailara menditsuan dago kokatua, eta ondorioz, mendi ibilaldiren bat egiteko aukera hori ere badaukagu eta aprobetxatu nahi izanez gero, non hautatu ere izango dugu.

Esate baterako, jende ugarik aukeratzen du Urederraren jaiolekura gerturatzea, eta horretarako aukera bat dugu Olaztira gerturatuta Urbasara joatea. Txango interesgarria eta erraza da hau, eta gure helmugara iristerakoan, urtaroaren eta egiten duen eguraldiaren arabera, koloreen magiak hartzen du toki polita. Baina Beriain –edo San Donato– mendira zein Aralarrera ere joan gaitezke, eta ingurunearen ikuspegi ederrekin gozatu...

Hautatzen duguna hautatzen dugula, ziur sentsazio onez amaituko dugula gaurko bisita.

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com