Euskonews Gaztea

180 zbk.

Gaiak

Amets Arzallus

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Kantua du lanbide nagusi lapurtarrak eta 2010eko azaroaren 13an Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nabarreko Bertsulari Xapelketaren finalean txapela jantzi zuen.

  Argazkia
Mixel Itzaina txapela Ametsi ipintzen. Argazkia: Gaizka Iroz. Bertsularien Lagunak Elkarteak utzia.

Donibane Lohizunen jaio zen Amets Arzallus Antia 1983ko azaroaren 9an, baina betidanik bizi izan da Hendaian.

Bertako ikastolara joan zen aurrena, Kanboko kolegiora aldatzea egokitu zitzaionera arte. Handik ere lekualdatu eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan egin zituen unibertsitatera salto egin aurreko ikasketak. Ondoren, Baionako Fakultatera, eta segidan Leioara, Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritza ikastera.

Hainbat lan burutu ditu kazetari moduan; besteen artean Euskadi Irratian kolaboratu izan du, baita Argia astekarian ere. Azken hedabide honekin lotuta, gainera, zenbait bidaia ere egin ditu; esate baterako, 2006an Boliviara joan zen bertako errealitateaz jabetu eta ondoren euskal gizarteari gerturatzeko hainbat elkarrizketa eta erreportaje egitera. Bertan zegoela aprobetxatuz, Evo Morales berbera elkarrizketatzeko probestu zuen.

Abentura hartan ez zen bakarrik egon, Txomin Txueka argazkilaria izan baitzuen bidaia–lagun. Urtebetera eta Txominekin batera, Palestinara joan ziren helburu berdinarekin eta lan sorta polita osotu zuten.

Halere, Amets ezagun bilakatu duen afizio eta ofizioa bertsolaritza izan da, etxetik edandako zaletasuna, hain justu. Jexux Arzallus bertsolariaren semea izanik, aitaren eskutik helduta sartu zen bat–batekotasunaren munduan. Jolas bezala aurrena, eskolarteko txapelketetan ondoren, teknika eskuratuz eta hobetuz joan zen ahapaldiz ahapaldi hendaiarra. Bertso eskoletatik pasa eta haietan asko ikasitakoa da; halere, aitortzen du beste bertsolarien kantei entzutea –Xalbador, Egaña, Agirre, Lizaso...– lagungarria izan zaiola abilezia eskuratzeko.

  Argazkia
Argazkia: Jakes Larre, Euskal Kultur Erakundea.

Zenbait bertsopaper lehiaketatan esku hartu du Arzallusek; Joxe Legarreta deritzanean, esaterako, 1.go saria eskuratu zuen 14 urte azpikoen mailan, 1997an; Lazkao Txiki bertso–paper lehiaketaren bigarren saria, 1999an; Leioako lehiaketan 1.goa izan zen 1999an; Manuel Lekona bertso–paper norgehiagokan hirugarren eta lehenengo postuan geratu zen 1997 eta 1998an, hurrenez hurren.

Ametsek aurreneko plaza 1992an egin zuen Beasainen, hain zuzen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan; ordutik Euskal Herriko makina bat herritan ibili da, dela bertso–afaritan, emanaldietan edota txapelketatan.

Azken horri dagokienez, Nafarroako Bertsolari Txapelketan 2000, 2001, 2002 eta 2003an aurreneko postuan geratu zen eginiko lan txukunari esker. Iparraldeko Bertsulari Txapelketan aldiz, 2008 eta 2010ean txapela eraman zuen etxera. Txapelketa nagusiari dagokionez, 2001ean final aurretan aritu zen, finalista izan zen 2005ean eta txapeldun–ordea berriz, 2009an.

Hanka sartuz egiten da bidea da Ametsen leloa, eta potoak egin bai, baina horietatik ere ikasten dela jakin badaki lapurtarrak. Hala, saioz saio bere izena euskal bertsogintzako handienen alboan zizelkatu du gazteak.