Euskonews Gaztea

179 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LVI): Ondarroara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bizkaiko kostaldeko herri honetara egingo dugu bisitaldia gaurkoan eta kresal usainarekin zipriztinduko gara.

  Argazkia
Ondarroa, Blanche Hennebutteneren 1846ko grabatu baten arabera.

Hala, Txomin Agirre, edota Kirmen Uriberen jaioterrira gerturatuko gara; Ondarroako zertzeladak eskainiko dizkizugu jarraian, koadro bat marrazten ibiliko bagina bezala. Gipuzkoarekin mugan dagoen udalerrian barneratuko gara, kale maldatsuetatik ibiltzeko aukera izango dugu, edota ibaiaren ertzetik itzulitxo bat burutu dezakegu; aukeratzen duguna aukeratuta, historiaz kutsatuko garela zalantzarik ez.

Geuk baina, kotxea Ondarroan utzi barik, Mutrikukoa den Saturraran hondartzako parkingean uztera animatzen zaitugu; bertatik paseatzen gerturatuko gara gure helmugara, itzuli polita eginez eta itsasoaren brisa sentituz, lasaitasunean.

Ondarroa herri moduan XIV. mendean –1327ko irailaren 28an– sortu zen, Maria Diaz Harokoak orduan eman baitzion hiri–gutuna, eta horrek zekartzan pribilegioak eskuratu zituzten herritarrek. Gainera, mende hartantxe Alfonso XIak zerratokia ustiatzeko baimena ere eman zien ondarrutarrei.

Horiez gain, eta gaur egunera arte bestelako jazoera ugari eman dira Kantauri itsasoari begira dagoen udalerri honetan. Adibide batzuk ipintzearren, Ingalaterraren kontrako ligan esku hartu zuen 1351n; 1794an Konbentzioko gerraren ondorioz, armada frantsesak udalerriari su eman eta ehun eraikinetik gora erre zituen. Azken gertakari horren ondorioz, Erdi Aroan altxatutako eraikin gutxi mantentzen dira gaur egun.

Halere, zer ikusi badaukagu, eta hain justu, Antiguako Amaren baseliza aipatuz bisitaldiarekin hasiko gara. Hiribilduaren gainean dago, estrategikoki talaia batetan kokatuta; XV. mendearen amaieran altxatu zuten, eta orduan herriko parrokia zen. Bisitatzeko moduko beste eraikuntza erlijioso batzuk, Andra Mari Eliza (XV–XVI mendeetan eraikia) zein Pietate edota Aita Eterno baseliza (XIV) dira.

Ondarroa
Argazkia: Txo

Baina arkitektura zibilak ere garrantzia dauka Ondarroan, batzuk antzinakoak dira, besteak modernoagoak. Hala, harrizko Zubi Zaharra aipatu beharko genuke, udalerriaren elementu adierazgarrienetarikoa baita; XIV. mendean egurrezko zubi altxagarri baten tokian ipin zuten, eta garrantzia handia hartu zuen, ezen bertatik animaliekin igarotzen ziren pertsonek eta itsasontziek zergak ordaindu behar izaten baitzituzten. Beste bi zubi modernoago ere badaude Ondarroan, bata Plaiko zubixe moduan ezagutzen dena (XIX) eta bestea Santiago Calatravak diseinatutako Itsasaurreko zubia (1995).

Baina gainera, Likona Dorrea (XV), Udaletxe Zaharra (XVIII), edota Kofradia zaharra (XX) eraikinak ikusteak ere merezi du. Horretarako, alde zaharrean murgildu besterik ez dugu egin behar.

Gaurko osteratxoa irakurtzen tokia bertatik bertara ezagutzeko gogoa piztu bazaizu, ez geratu eserita, xarma handiko lekuak itxaroten zaitu eta!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com