Euskonews Gaztea

179 zbk.

Arantza Ibarra
Arantza Ibarra
(Gernika, 1975)

Arantza Ibarra Basañez Gernikan jaio zen baina Ondarroan bizi izan da betidanik. Gazte–gaztetatik sortzaile sena eduki du, eta zaletasun horri aterabidea emateko, Informatika ikasten hasi zen, baina berehala ohartu zen ez zela egin nahi zuena. Madril aldera bidaiatu eta komunikazio arloan sartu zen. Publizitate arloan hasi zen lanean, diseinatzaile grafiko eta sortzaile moduan. Spot ugari burutu zituen, eta horretan ari zela eskuz marrazten ikasi zuen, baita gidoiak idazten ere. Diseinua eta musika gustuko ditu eta baita marraztea eta idaztea ere. Hala, umeei zuzendutako liburu ugari kaleratu ditu: Basotxo eta zuhaitzak (2006), Basotxo eta kirolak (2006), Saiku detektibea Gozoki– lapurren bila (2007), Basotxo eta dantzak (2007), Basotxo eta animalia handiak (2007) , edota Telina banpiroaren etxean (2010). Gainera, 2010ean berak idatzi eta zuzendutako Zigortzaileak filma aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian.

Elkarrizketa

Arantza Ibarra. (Zinemagilea)
Bullyinga egiten duena biktima izatera ere pasa daiteke

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Batzuek idazlea dela esango dute, besteek musikaria, marrazkilaria, publizista edota zinemagilea. Lanbide bakar batean kokatu beharko bagenu, zaila suertatuko litzaiguke. Arantza guzti hori da, eta askoz gehiago. Arantza sortzaile porrokatua da, bere irudimenak ez dauka geldialdirik, eta hala, ez da harritzekoa beti hainbat proiektutan barneratuta egotea. Geuk zinemagile fazetari heldu diogu, berarengana jo eta 2010ean aurkeztu zuen Alfonso Arandarekin batera zuzendu duen Zigortzaileak filmaren gainean mintzatu gara, gaiak berak atentzioa eman digulako. Bullyinga ardatz hartu eta super–heroiez beteriko lana eskaintzen digu, gai serioa dela ahaztu barik umore ukitua emanez pelikulari.

Diseinu eta publizitate arloan lan egiten duzu batez ere, baina idazlea ere bazaitugu. Zer izan zen idatzi zenuen aurreneko gauza?

Gidoiak idazten ikasi nuen, eta gainera, musika betidanik gustatu izan zaidan zerbait denez gero, idatzitako aurreneko gauza musikal bat izan zen. Madrilen nengoen garai hartan, eta castinga ere egiten hasi nintzen, lagunekin eta. Baina ez zen aurrera atera!

Alabaina, idazten jarraitu nuen, bai gidoiak eta baita ipuinak ere, eta azken horri dagokionez, nire eskuetatik irteten ziren marrazkiekin laguntzen nituen testuak. Azken finean, diseinu osoa nire kargura zegoen. Ereinek argitaratu zidan Basotxo izeneko aurreneko ipuin–liburua, eta neure lehenengo umea balitz bezala kontsideratzen dut.

Eta orain zure gidoi batek bizitza hartu du, eta film bilakatu da!

Halaxe da, bai! Aurretik ere eginda neukan beste saiakera bat arlo horretan. Ezen animazio–gidoiak ere idatzi izan ditut, eta ekoizle bat interesatuta agertu zen horietariko batekin, baina azkenean diru kontuak zirela eta ez zen proiektua gauzatu, eta berriz ere erdizka geratu nintzen!

Jarraian, hasita neukan beste gidoi bati heldu nion, hain zuzen ere Zigortzaileak izango zenaren testuari. Amaitu eta ekoizle ezberdinei helarazi nien proiektua. Alokatu produkzio–etxera iritsi eta nirekin ipini ziren kontaktuan; interesgarria zela eta Eusko Jaurlaritzan eta, diru–laguntza bila hasi ziren.

 
Argazkia: Arantza Ibarrak utzia.

Gainera lan honek gauza berriak dakartza euskal zinemagintzara.

Halaxe da, bai. Izan ere, orain arte ez da bullyingari buruzko euskarazko filmik egin. Bestaldetik, umeentzako pelikula da, eta gainera, gaztetxoekin eurekin burututakoa. Berrikuntzaren bat badakar, bai.

Eta zein izan da bullyinga jorratzeko izan duzun arrazoia?

Hasi nintzenetik, gauza desberdin asko idatzi izan dut. Halere, ikastetxeetako indarkeriaren gainean idaztea, ez nik neuk, baina askotan ikusi izan dudan zerbait delako aukeratu nuen. Ez da egoera berri bat, betidanik egon izan baita, baina beti suertatzen da ikaragarria egoera pairatzen duen jendearen testigantza entzutea.

Hala, Zigortzaileak filmarekin nolabait egoera horretan daudenei laguntza eman gura izan diet. Baina beti ere gaia gazte horien ikuspuntutik tratatuz, eta horretarako, 11 urteko neska baten buruan sartzen gara. Bere laguna jo egiten dute eskolan, burla egiten diote eta protagonistak ezin du adiskideak bizi duen egoera ikusi, eta are gehiago, jasangaitza bilakatzen den gertaerak bultzatuta laguna ikastetxez aldatzen denean. Ondorioz, hiru kideko talde bat sortzen du eta Zigortzaileak izena ipintzen diote; hain justu, gaizki portatzen direnak zigortzeko asmoa dute, baten asmakizunak zein bestearen kung–fu ezagutzak baliatuz, esaterako.

Ikusten duzunez, entretenitzeko moduko zerbait egin dugu. Azken finean, jazarpen mota hau egin eta jasaten dutenak eskolako umeak eurak dira, horrexegatik hautatu dugu publiko horri zuzentzea. Umore puntua baliatzen dugu, baina aldi berean gogoeta bat ere bultzatzen saiatzen gara.

Kontatu iezaguzu, nolakoa izan zen Zigortzaileak egikaritzeko prozesua?

Egia esan denbora nahikotxo eraman digu proiektua amaitzeak. Hasteko, gidoia berridazten bi urte eman nituen, ez baita soilik fantasiazko film bat, bullyingaren gaineko lan bat da, eta horrexegatik gaiari buruzko jakintza zutenen iritzia jakin gura izan nuen, lana osatu eta hobetzen joateko. Jende askok bere iritzi edo bizipenen berri eman dit, irakasle batzuek ere ikasgelan ikusitakoak aipatu dizkidate...

  Argazkia
Arantza, errodajeko une batean. Argazkia: Arantza Ibarrak utzia.

Gero, ekoizleak aurkitu nituenean, zuzendari moduan ni neu aritzeko proposamena egin zidaten. Aurretik publizitate spot batzuk eginda nituen eta nolabaiteko esperientzia baneukan irudiaren esparru horretan; baina noski, kamera kontuetan berria nintzen. Momentu horretan konturatu nintzen nire gain zenbat lan hartu behar nuen, nik idatzi besterik ez nuela egingo pentsatzen bainuen ordura arte! Gero, abestiak ere konposatzen nituela jakin zuten, eta horretara ere animatu ninduten, eta filmeko super–heroi arropak ere neuk diseinatu nituen... Oro har, oso–osorik neure proiektuan murgilduta egon naiz, oso gustura gainera!

Bestalde, castinga ere burutu behar zen noski, eta luzea izan zen. Ez nuen pentsatzen horrenbeste jende animatu zenik! Bi mila neska–mutiletik gora hartu zuten parte, eta modu horretan zorroztasun handiagoz hautatu ahal izan ditugu paper bakoitzerako aktoreak. Esaterako, protagonistetako bat Ipar Euskal Herrikoa da, eta bera aukeratu genuen, euskarazko beste doinu bat sartzeko filmean.

Bestalde, aurrez zehaztutako ideiak ere banituen, besteen arten, ume gaiztoaren amaren papera Anne Igarteburuk egingo zuela... Eta horrela izan da!

Izan ere, pelikulan aurpegi ezagun ugari topatuko ditugu. Zer moduzko esperientzia izan da haiekin lan egitea?

Besteen arten, Carlos Sobera, Anne Igartiburu, Xabier Elorriaga, Gurutze Beitia, edota Rafael Amargo dira proiektuan agertzen diren aurpegi ezagunak. Oso pozik nago egin duten lanarekin; beraiekin harremanetan ipini, eta gidoia irakurtzeaz bat, prest agertu ziren parte hartzeko. Segituan konturatu ziren pelikularekin zer esan nahi genuen, zer bilatzen genuen eta zer esango dut bada! Oso pozik gaude, benetan.

Lan asko egin duzue Zigortzaileak aurrera eramateko. Orain amaituta dagoela, balorazio bat egin beharko bazenu...

Atzera begiratzen dut eta gustura geratu naiz, baina aitortzen dut gogorra izan dela. Errodajea, produkzio–ostea.. Nekagarria baina aldi berean oso polita. Eta gainera kontuan hartzen baldin badugu buruan daukazun guzti horri irteera ematea eta gauzak zuk gura bezala irtetea ez dela erraza, esperientzia ikaragarri ederra izan da.

 
Zinemaldiko emanaldiaren kartela.

Halere, oraindik ez dugu bukatu. Izan ere, 2011ko urtarrilaren 5ean estreinatuko da zinema aretoetan, eta promozioa egitea tokatzen da orain; esaterako Donostiako Zinemaldian pantailaratu zen lana, edota Emakumeak Zuzendari izeneko Cuencako jaialdian parte hartzera gonbidatu gaituzte, Gijonen ere egon gara, Madrilen ere emango dute filma...

Zinemaldia aipatu duzula, zer moduzko esperientzia izan zen?

Emanaldi bakarra izan zen, eta oso urduri nengoen. Halere, haurrek ez dute engainatzen, eta aspertzen badira, aurpegian igartzen zaie. Ez zen kasua izan, jendea pozik irten baitzen emanalditik. Gainera, zenbait guraso gerturatu zitzaizkidan emaitza gustuko izan zutela esanez. Beraz, alde guztietatik begiratuta, esperientzia bikaina izan zen.

Ez dakit errealitatean Zigortzaileak moduko taldeak egoteak ikastetxeetako giroa hobetzen lagunduko lukeen...

(barre) Iruditzen zait horrelako taldeak sortzea baino, beraien artean batzea izango litzatekeela onena. Kontuan hartu behar dugu, jazarpena pairatzen duten horiek bakarrik sentitzen direla eta bat eginik laguntasuna sumatuko dute.

Bestalde, film honekin ere nahiko genuke erasotzailea konturatzea zertan ari den, eta uler dezala egunen batean paperak aldatu eta erasotzaile izatetik biktima izatera pasa daitekeela.

Egia da entretenigarria dela filma, barre egiten dugula, baina lerro arteko irakurketa eginez gero, gai oso serioa dela ere nabarmendu gura izan dugu. Gainera, filma ikusi eta elkarrizketa natural bat sortzea gustatuko litzaidake, hau da, ni egoera horretan egon naiz, edo beste hori ikusi dut inguruan inolako beldur barik esan eta barruan geratu beharrean, sentimenduak ateratzea. Hori lortuz gero, arrakasta izango litzateke niretzako.

Etorkizuneko proiektu pertsonalik badaukazu buruan?

Gauza mordo bat egin gura dituzunean, ezertara iristen ez zarenaren sentsazioa izaten duzu, eta hori da gertatzen zaidana! (barre) Halere, musikal bat egin guran nabil, kasu honetan nagusiei zuzendutakoa litzateke. Eta noski, idazten jarraituko dut, ipuin–liburua ere kaleratuko didate 2010eko Gabonetarako... Baina beno, nahiko poliki mugitzen dira gauzak!