Euskonews Gaztea

178 zbk.

Gaiak

Karra Elejalde

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aktore kameleoi horietarikoa da gasteiztarra; berdin murgiltzen da drama edota komedia ardatz duten gidoietan, eta ikuslearengana iristea lortzen du ilegorriak.

Arabako hiriburuan jaio zen Karlos Elejalde Garay 1960ko urriaren 10ean. Txikitatik nahiko teatreroa zen, eta eskolan bertan nerabea zela, Samaniego antzerki taldean eman zuen izena, aurreneko lantxoak eginez. Gerora, beste zenbait konpainiatan ere aritu zen, esate baterako, La Farándula, Klacatrak, Hordago edota Ttipi–ttapa.

Eta ez zen soilik aktore moduan aritu, ezen beste diziplina batzuk ere landu zituen, etorkizunean baliagarri suertatuko zitzaizkionak, hain zuzen: antzezle, aktore eta zuzendari betebeharretan aritu zen. Laurogeiko hamarkada zen eta talde horiekin, besteen artean, honako lanak taularatu zituen: Adiós, hasta huevo (1981), Twuerapia (1985), Alajainkoa (1986), Rock–Clown.

Karra Elejalde  
Karra Elejalde 2009an Arabar Errioxako ardoaren enbaxadore izendatu zuten. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia.

Karraren interpretazioak atentzioa eman zien zenbait profesionali, eta hala, 1986an paper txikitxo bat eskaini zioten Lauaxeta (A los cuatro vientos) filmean. Zazpigarren artearekin aurreneko kontaktua edukita, Elejaldek geroz eta aukera eta protagonismo gehiago izatea denbora kontua besterik ez zen. Sauna (1989) eta Terranova (1990) pelikulak etorri ziren jarraian.

Halere, 90. hamarkadan sendotu ziren benetan aktore arabarraren oinarriak eta euskal zinemagileekin aurrena, eta besteekin geroago, ugari izan dira interpretatu dituen rolak. Besteen artean, Alas de mariposa (1991), Vacas (1991), Acción mutante (1992), La madre muerta (1993), Kika (1993), La ardilla roja (1993), Días contados (1994), Tierra (1994), Airbag (1997), Año Mariano (2000), Carne de gallina (2000), Marujas Asesinas (2001), Torapia (2004), Los Cronocrímenes (2007) edota Intimos y extraños. 3 historias y 1/2 (2008) pelikulek osotzen dute bere filmografia.

Halere, eta gaztetan egin zuen bezala, zenbaitetan gidoilari eta zuzendari moduan ere aritu izan da urte guzti hauetan. Airbag filmean, gidoia ere idatzi zuen Juanma Bajo Ulloa eta Fernando Guillen Cuervorekin batera; azken horrekin gainera, Año Marianon zuzendari eta gidoilari lanak konpartitu zituen; edota The Raven laburmetraiaren gidoia idatzi zuen Tinieblas Gonzalez zinemagilearekin batera.

Baina gizon polifazetikoa da Elejalde, eta horren adibidea dugu, telebistan eta irratian ere zenbait lan egin izana. Pantaila txikiari dagokionez, esate baterako, Títeres sin cabeza (1985), Jazz entre amigos (1986), Circo Pop (1987), Pájaro en una tormeta (1989) eta Bertan Zoro (1991) saioetan agertu da. Eta irratian aldiz, Merienda de negros, Pirula–fresh, Radio Semana saioetan esatari moduan aritu zen.

Eta aktore moduan zenbait sari eman dizkiote gasteiztarrari. Besteen artean, 1995 La madre muertako interpretazioagatik Aktore Onenaren saria eman zioten Portugalgo Fantasporto zein Frantziako Aaugagne jaialdietan. Eta Euskal Aktoreen Elkarteak Jokulan saria eman zion urte berean.

Erronka ezberdinei aurre egiten dien horietarikoa da Karra Elejalde, eta lanez lan, pertsonaia desberdinak interpretatu eta erregistro ezberdinetan emaitza paregabeak lortu dituen aktore bikaina bilakatu da.