Euskonews Gaztea

178 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LV): Aramaio inguruak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Portadako argazkia: Arragainekoa baserria. Egilea: Josemari Velez de Mendizabal

Mendiz inguratutako paraje ederrera ere iritsi da trena, eta lanek eremua gehiago kaltetu aurretik, Aramaioko bailara ederra ezagutzeko gonbitea luzatzen dizugu.

Zuiako koadrilan, Bizkaia eta Gipuzkoarekin mugan topatuko dugu gure gaurko helmuga. Egin dezagun denboran atzera, eta udalerriaren gaineko datu batzuk ezagutu ditzagun. Erdi Aroan aramaioarren artean ahaide nagusiak eta hidalgoak ere bazeuden. Adibide moduan, XIII. mendean Barajuengo Kondearen menpeko tokia zela Aramaio; hain zuzen, izen bereko auzoko Torralde muinotik kontrolatzen zuen bailara.

Barajuen
Aramaioko Barajuen auzoa lainopean. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Gaur egun hedadura handiko udalerria da, hain zuzen ere, bederatzi auzok osatuta baitago Aramaio. Ibarra da erdigunea, eta beste auzuneetako landa girotik bereizten da. Bertan, XIV–XV mendeetan zenbait burdindegi eta ola sortu ziren, eta nahiz eta aurretik hainbat baserri bertan kokaturik egon, industria horren eraginez indarra hartu eta erdigune bilakatu zen. Gaur egun ere, Aramaioko biztanle gehienek bertan dute bizitokia.

Ibarraren baitan Eguzkierripa, Arraga eta Zalgo auzoak aurkituko ditugu. Gainera, eta komentatu bezala, erdiguneaz gain, beste zortzi auzune ere aurkituko ditugu Araba alde honetan: Barajuen, Arexola –edo Aixola–, Azkoaga –honen barnean Zabola eta Altza–, Etxaguen, Gantzaga, Oleta, Untzilla eta Uribarri –Gureia eta Zubieta auzuneekin.

  Tellamendi
Tellamendiko gurutzea. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Guzti horietan zer ikusi edukiko dugu. Arkitektura erlijiosoari dagokionez, Ibarran bertan 1681–1689 urteetan eraikitako Sastiñako ermita edota Arragako San Pedro ermita bisitatu ditzakegu. Arkitektura zibilari dagokionez, berriz, asko eta asko dira Aramaioko ibarrean sakabanatuta bisitatzea merezi duten baserri eta bestelakoak. Adibidez, Arragako Arraburu edota Arragainekoa baserriak, XIV. mendeko Aurtola burdinola, Azkoagako Salturri baserria... eta abar.

Mendiz inguratuta

Hastapenean komentatu bezala, Aramaio muino ugariz inguratuta dago, eta gure gaurko osteratxoan, horietariko batetara igo gaitezke nahi izanez gero, eta ikuspegi ederrekin disfrutatu. Ez dira gutxi aurrean ditugun aukerak; Orixol (1126 m), Murugain (778 m) eta Jarindora (894 m) joan gaitezke, esaterako.

Mendizale ugari erakartzen ditu baita ere Tellamendik; 838 metroko altuera dauka, eta historiaz betetako tokia da. Hain zuzen, 1935ean gurutze bat altxatu zuten tontorrean; 1977an ikurrina zintzilikatu zuten eta Guardia Zibilak lehergailu bat ipini eta gurutzea lurrera bota zuen. Halere, urte berberean, herritar talde batek altxatu zuen berriz gurutzea.

Baina horrez gain, Gantzaga auzotik Iruatxetara –Izpizte– joan gaitezke, 1061 metroko mendira; leku honek ere, historiako datu batzuk kontatzea merezi du. Gerra Karlistetan famatu bilakatu zen Santa Kruz apaiza Aramaion kartzelaratu zuten, eta ihes egitea lortu eta Izpizteko kobazulo batetan ezkutatu zen.

Beste aukera bat, Zabolaraino joan eta handik begiztatzen den paisaiari so egitea izan daiteke, hain zuzen ere, abiadura handiko trena igaroko den zubi erraldoiak bailara zeharkatzen duela ikusiko dugu; hormigoia naturaren kontra.

Amaitu dugu gaurko txangoa eta asko dira Aramaioz aipatu ez ditugun txokoak. Deskubritzeko, bertaratzea besterik ez duzu egin behar!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com