Euskonews Gaztea

178 zbk.

Igor Anton
Igor Anton Hernandez
(Galdakao, 1983ko martxoak 3)

Betidanik bizi izan da Galdakaon, eta batxilergora arte bertan ikasi zuen; 18 urte betetzean, Deustura joan eta bi urtetako Mekanizazio bidezko Produkzioa modulua egin zuen. Halere gaur egun, txirrindulari profesionala da Igor. Palmaresari dagokionez, 2006an Espainiako Itzuliko etapa bat eta Montjuiceko Igoerako etapa bat irabazi zituen; 2007an Romandiako Itzuliko etapa bat; 2008an Suitzako Itzuliko sailkapen nagusian 3. geratu zen; 2009an aldiz, Urkiolako igoera; 2010ean Gaztela Leongo etapa erregina irabazi zuen eta Espainiako Itzuliko bi etapa. Azken horretan, sailkapeneko goiko postuan zela erori eta utzi egin behar izan zuen lasterketa.

Elkarrizketa

Igor Anton. (Txirrindularia)
Sakrifizio handiko kirola da, baina konpentsatzen du

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Txirrindulari asko eta asko sortzen da euskal harrobitik; batzuek ez dute profesional moduan aritzerik, eta beste batzuk aldiz gailurrean egotera iristen dira. Kanpotik begiratuta bederen, ez dirudi kirol erraza denik, ordu asko pedalei eragiten, hotz edo bero egin, txirrindua lagun min dutela aritzen dira. Geuk barrutik ezagutu gura izan dugu eremu hau, eta 2010eko protagonistetako batekin egin dugu hitzordua eta lehenengo pertsonan bizitakoak kontatu dizkigu Igorrek.

Triziklo gainean hasi eta egun profesional moduan zabiltza txirrindularitzan.

Txikitan hasi nintzen txirrinduan ibiltzen, bai. Nire etxe aldamenean parke bat dago, eta beti egoten nintzen bertan bizikletarekin. Hamar urte nituenean aldiz, txirrindulari elkartean izena eman nuen, eta jubenilera arte aritu nintzen bertan. Ondoren, urrats bat haratago joan eta Olarra taldean ekin nion entrenatzeari, harik eta profesionaletara igaro nintzenera arte.

Eta zerk bultzatu zintuen zaletasun hori serioago hartzera?

Gogoratzen dut nire jubeniletako aurreneko urtean –2000n– Kantabriako itzulia egin genuela, oso ongi prestatuta nengoen, eta ohartu nintzen benetan atsegin nuen zerbait dela txirrindularitza, eta kirol honetan serioago aritzeko apustua egin nion neure buruari. Halere, ez nuen nire burua profesional moduan ikusten, ez pentsa!

Oso gogorra iruditzen zitzaidan, nahiz eta urratsez urrats, urterik urte, nire etorkizuna kirol honen bueltan antolatzeko modua ikusten nuen. Olarran ongi aritzeak Euskaltel taldera igarotzeko ateak ireki zizkidan.

Igor Anton  
Argazkia: Euskadi txirrindularitza Fundazioak utzia.

Halere, banekien oso ona zen jende ugari bidean geratzen zela, eta noski, profesional moduan aritzea, jubeniletan aritzea baino gogorragoa da, gehiago exijitzen baitu. Baina aurrera egin ahal izan dut zorionez, eta gainera, urtero hobetzen joan naizela iruditzen zait, lorpenak ere ugaritzen joan dira, salbuespenak salbu.

Diozun moduan, lan gehiago egitea egokitzen zaizu orain. Nola prestatzen dituzu denboraldiak?

Normalean urte horretan izango ditugun lasterketen arabera modu batean edo bestean entrenatzen dugu. Halere, beti daukagu zer eta nola egin gomendatu eta laguntzen digun prestatzaile bat alboan; baina noski, norberaren esperientziak ere kontatzen du, urtetik urtera ikasten duzu zein den zuri hoberen doakizun entrenamendu mota.

Eta lasterketen arabera, leku jakin batzuetan entrenatzeak laguntzen du, eta hori dela eta sarritan Valentziara, Alacantera eta beste hainbat tokitara bidaiatzen dut.

Bestalde, Espainiako Itzuliaren kasuan, kontuan hartu behar dugu irailean zehar burutzen den lasterketa dela, eta prestatzeko, lasaiago hartu behar ditugu aurreko hilabeteak, sasoi onean iristeko.

Espainiako Itzulia aipatu duzula, aurten zapore gazi–gozoekin amaitu zenuen lasterketa. Baina egiguzu 2010aren balorazio bat.

Itzulia denboraldiko azken txapelketa izan zen, eta egia da ez nuela nahi bezala amaitu urtea. Halere, argi eta garbi daukat 2010 denboraldia profesional mailan nabilenetik burutu dudan onena izan dela, batez ere lorpenengatik. Eta beno, espero dut horrela jarraitu eta aurtengo emaitza hobetuko dudala datorrenean, nahiz eta jakin badakidan ez dela erraza izango.

Martxoa eta maiatza oso garrantzitsuak izan dira 2010 denboraldian, Gaztela Leongo Itzulian etapa bat irabazi nuen, baita Romandiako Tourrean ere. Eta zer esanik ez, Espainiako Itzulian eskuratu nituen lorpenekin ere gustura nago; jendea horrekin geratzen da, azken finean hiru astetako lehiaketa da, bi etapa irabazi nituen, lidergoa neukan ... Baina erori eta erretiratu egin behar izan nintzen. Horrez gain ere, urte ederra izan da niretzako.

Datorren urteari begira, erronka moduan hartuko al duzu Espainiako Itzulia?

Oraindik ez dakigu zein lasterketatan arituko garen 2011n, Tourrera ez, baina agian Girora joango naiz. Halere egia da neurria hartuta diodala Espainiako Itzuliari; hartu kontuan, seigarrena izan dela aurtengoa! Zerbait berezia baduela uste dut, azken finean profesionaletan nabilenetik aurreneko urtean izan ezik, beti hartu dut parte bertan.

 
Argazkia: Euskadi txirrindularitza Fundazioak utzia.

Diozun moduan, lasterketa garrantzitsu ugaritan parte hartu duzu jada. Desberdintasun handiak al daude beraien artean?

Hasteko, jendeak gehien jarraitzen duen lasterketa Frantziako Tourra da; komunikabideetan garrantzia handia ematen zaio eta bertaratzen diren zaleak ere asko eta asko izaten dira. Halere, niretzako ez da lasterketarik zailena, akaso presio hori badago, baina gogorrena ez da. Niri latzagoa egiten zait Giroa, dituen etapengatik; noski, Tourreko erritmoa bortitza da oso, eta ez da erraza gero!

Eta Espainiako Itzuliari buruz, aurretik esan bezala bikain ezagutzen dut ia urteroko hitzordua baitut, baina gogo handiz hartu behar duzun proba da, azken finean urtea luzea egiten baita, eta nekatuta iristeko aukerak handiagoak dira.

Zer nolako etapetan moldatzen zara erosoen?

Mendiko etapetan esango nuke, behintzat sasoi onean nagoenean! Etapa gogorrenetan, erreginetan nahiko ongi moldatzen naiz. Baina maiz irabazteko aukera daukazula dakizunean, tentsioak handiagotzen dira, eta ez da erraza izatean behar bezala lan egitea.

Topiko bati erreferentzia eginez, txirrindulariak beste kasta batekoak zaretela esaten dugu ikusle hutsak garenok.

(barre) Itzuli bat telebistaz ikusten duenak askotan azkeneko ordua ikusten du soilik, eta itzuli bat hori baino gehiago da, zenbait hilabete lehenago hasten den zerbait. Ezen lasterketaz gain, asko entrenatu behar izaten dugu, eta aurretik esan bezala, sarri egokitzen zaigu bidaiatzea. Eta ez ahaztu gainera, ez dugula beste pertsona batzuen bizi erritmoa jarraitzen, esaterako, ezin gara lagunekin nahi beste atera.

Oro har, sakrifizio handia eskatzen duen kirola da txirrindularitza, baina konpentsatzen duela iruditzen zait, nire kasuan behintzat oso baloratua sentitzen naiz familian, lagunartean eta baita taldean ere, eta ondorioz, merezi du.

Askatasun puntu bat ere badaukagu kirol honetan. Goizeko 6etan fabrikara lanera doan pertsona batek derrigor jaiki beharra du, eta txirrindulariok aldiz, entrenamenduak gure erritmora egiten ditugu eta logura handia badut, ordu bete gehiagoz geratu naiteke ohean. Horrek ez du esan nahi txikarra egiten dugunik, gogor entrenatu behar baitugu.

  Igor Anton
Argazkia: Euskadi txirrindularitza Fundazioak utzia.

Psikologikoki ere prestatuta egon beharko zaretela iruditzen zait. Hau da, ordu askotako etapei aurre egitea gogorra izango da, ezta?

Egia da etapa errazak ez direla egoten, baina horren gogorrak ez direnetan, geure artean hitz egiteko astia ere edukitzen dugu! Normalean hasierako kilometrotan izaten da hori. Kontuan hartu lau ordu eta erdi izaten dituztela etapek gutxi gorabehera; oso gutxi dira gehiago irauten dutenak.

Eta kanpotik ikusten duenari baino askoz motzagoa egiten zaigu guri barrutik, nahiz eta badauden momentuak metroak kilometro bilakatu eta etapa inoiz amaitzen ez denaren sentsazioa geratzen zaizula. Bestetan alderantzizkoa ere ematen da.

Zaleen fenomenoa aipa dezagun. Horren gertu ipintzen dira, maiz botako zaituzteten beldurra ematen duela!

Diozun moduan, arrisku puntu bat badago, eta tentsioz pasatzen gara askotan beraien artetik. Halere, zaleak toki zehatzetan egoten dira horrela. Beste zenbait lekutan bakar bakarrik joaten gara, inork ez gaitu animatzen. Eta ezagutzen duzun norbait ikusten baduzu, indarra ematen dizu aurrera egiteko; ikaragarria da sortzen zaizun sentimendua.

Zer moduz ikusten duzu txirrindularitzaren osasuna?

Indurain txirrindularitza uztera zihoanean sartu nintzen ni; akaso txirrindularitzak gurean eduki duen momenturik gorena izan zen hori, orduko euskaldunon harrobia aberats–aberatsa baitzen. Denborarekin, apur bat jaitsi zen harik eta mantentzea lortu duen arte.

Gauza politak ematen dituen moduan, puntu beltzak ere baditu kirol honek, dopin kasuak, esaterako.

Ez gara inoiz ohituko halako albisteetara. Hedabideen bitartez jendeak pentsatzen du benetan dena baino okerragoa dela egoera. Kontuan izan zer nolako jarraipen zorrotzak egiten dizkiguten txirrindularioi, kontrol asko eta asko igarotzen ditugu eta ez dira horrenbeste positibo ematen; ondorioz, kirol garbiena ere bada gurea!!

Azkena Contadorren kasua izan da, eta horrelako egoerak ez dio soilik berari eragiten, profesionaloi orokorrean eta baita zaletuei ere. Oro har, txirrindularitzarentzako albiste txarra da, jendeak kirol honekiko konfiantza galtzen baitu.

Urriaren 1ean zure herrian omenaldia jaso zenuen.

Apur bat arraroa izan zen. Kale nagusia itxi zuten niretzako, eta aurpegi ezagun ugari ikustea eta ni protagonista nagusia izatea, bitxia izan zen. Eta udaletxeko balkoira igo eta horrenbeste jende ikusteak bihotza poztu zidan –kontuan hartu azken lasterketan erori eta min hartuta jarraitzen nuela.

Txirrindularitza ardatz izan dugu hizketaldian. Zer da baina zuretzako?

Niretzako gauza asko adierazten ditu. Jendea ezagutzeko aukera eman dit kirol honek; neure bizitzan baliagarriak zaizkidan baloreak eman dizkit baita ere; eta gainera, garraiobide bat da, edozein tokira eramaten gaituena. Halere, oraindik kirol moduan planteatzen da soilik txirrindua geure artean; kasu egin beharko genioke, esaterako, Holandako ereduari, ekologia puntutik begiratzea ere funtsezkoa baita.

Zein gomendio emango zenioke hasi gura duen bati?

Kirol honetan giro oso osasuntsua dagoela aipatuko nioke aurrena. Beti gogoratzen ditut hasierako urte haiek, lasterketetara taldekideok batera joaten gineneko uneak, eta gainera, nire ingurua, Euskal Herria ongi ezagutzeko eta txoko berriak deskubritzeko baliogarria izan zait kirol hau.