Euskonews Gaztea

177 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LIV): Getxo barrutik

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Portadako argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Kostaldea hautatu dugu gaurko txangoa egiteko eta Bizkaia aldera saltotxo bat emango dugu, Getxo bertatik bertara ezagutzeko tarte bat hartuz. Bilbotik abiatu gaitezke nahi izanez gero, ezen metroak geure proposamen honen hasierara eramaten baikaitu.

Andra Mari  
Andra Mari eliza. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Denboran atzera eginez udalerria hasiera–hasieran elizatea izan zela jabetuko gara. Goi Erdi Aro garaian Andra Mari auzoan dagoen Santa Maria eliza eraiki eta haren inguruan hasi zen hazten tokia, gaurko herria bihurtzeraino. Egun, Aiboak, Negurik, Areetak, Elexaldek, Itzubaltzeta edo Erromok, Algortako Portu Zaharrak eta Algortak osatzen dute Getxo.

Kostaldean egonik, ez da harritzekoa arrantzarekin –eta oro har, itsasoarekin– betidanik eduki duen harremana estua izatea. Horren adibide polita da Algortako Portu Zaharra, XVIII. mendean arrantzale auzo moduan sortua. Halere, lurrarekin lotura hertsia ere mantendu du Getxok, eta Elexalde izan dugu horren testigantza, nekazal gunea izan baita urte luzeetan.

Makina bat eraikin dotore

Kostaldeko udalerri honek XIX eta XX mendeetan izan zuen hedapen arkitektoniko handiena, eta egun ere garai hartako aztarnak ugariak dira, orduan etorritako jende dirudunak altxatutako etxebizitzak barra–barra aurkituko baititugu.

  Aixerrota
Aixerrotako errota. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Hala, Areetako auzora joatera gonbidatzen zaitugu, hain zuzen ere, Getxoko urrezko aroa ezagutzeko geure kabuz burutu dezakegun osteratxoa egingo baitugu. Ez dugu galtzeko arriskurik, ezen bidean sakabanatutako 20 panelek informatuko baikaituzte. Etxeak nork, noiz eta zein estilotan eraiki zituzten jakingo dugu; azken horri dagokionez, arkitektura ingelesa zein modernista–eklektikoa duten eraikinak asko dira.

Bestelako aukerak ere baditugu udalerri bizkaitar honetan. Ezi dugu ahaztu, XIX. mendean altxatu zuten Getxo eta Portugalete elkartzen dituen Bizkaia Zubia; hain zuzen ere, Unescok 2006an Gizateriaren Ondare izendapena eman zion. Edota 1727. urtean eraiki eta guztiz eraberritutako Aixerrotako errota politeraino joan gaitezke; baita XIX. mendeko Loiolako San Inazioren elizara, Algortan; edota Andra Mariren eliza eta daukan hilerri berezia bisitatzera, beste gauza askoren artean.

Geure itzulitxoa amaitzeko, Portu Zaharrera abiatuko gara. Maldan dagoen auzunea da, hiru kale estuz eta etxebizitza ederrez osatuta dagoena. Asteburuetan jende ugari bertaratzen da inguruneaz disfrutatzera, bertoko tabernaren batean zerbait hartu eta giro ederrean gozatzera. Ez da modu txarra datorren ibilaldira arte agurtzeko, ezta?

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com