Euskonews Gaztea

176 zbk.

Gaiak

Gregorio Mujika

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskaltzale porrokatua izan zen Gregorio Mujika gipuzkoarra eta bere aisialdiko denbora ugari igaro zuen euskararen alde beharrean; batzuetan idazle moduan, zenbaitetan hizlari gisa, baina beti ere, modu aktibo batean.

Ormaiztegin jaio zen Gregorio Jesus Bonifazio Mujika Mujika 1882ko abenduaren 24an. Bere jaioterrian hasi zituen ikasketak, eta ondoren, Beasain, Donostia eta Bergarara joan zen, azken udalerri horretako seminarioan batxilergoa burutu zuelarik 1896–1900 urteen artean.

Eta Goi Mailako ikasketak egiteko unea iritsi eta Madril aldera abiatu zen, Peritu Industriala burutzeko asmoz. Jarraian Valentziara bidaiatu zuen Ingeniaritza Mekanikoa egitera, eta Bartzelonara ondoren, Analisi matematikoko ikasgaian sakontzera. Ildo horri jarraiki hasi zen lanean Gregorio eta Araba, Nafarroa eta Gipuzkoan Internacional Institución Electrónica elkarteko ordezkaria izan zen; baita estatuko Instituto Nacional de Previsión eta Aurrezki Kutxa probintzialaren ordezkaria ere.

Hala eta guztiz ere, eta hasieran esan bezala, gipuzkoarrak euskarari eskaini zion bere denbora libre gehiena. Eta bere aitak, Serapiok, eragina izan zuen horretan; notarioa eta artxibozaina zen eta zenbait liburu eta aldizkaritan publikatu zituen artxibategi ezberdinetan buruturiko ikerketak, Espainia eta Frantziako Historiako akademien kide izendatu eta gero. Aitak orduko euskalari entzutetsuak ezagutzen zituen eta Gregoriok bere bitartez ezagutu zituen, Resurreccion Maria de Azkue eta Julio Urkijo, besteen artean.

Gregoriok 25 urte zituenean, (1907), Euskal Esnalea erakundearen sorrera batzarrean esku hartu zuen garaiko hainbat euskaltzalerekin batera –Txomin Agirre, Karmelo Etxegarai, Arturo Campion, Julio Urkijo... Zenbait urtetara, 1910ean berriz, elkarteko idazkari izendatu zuten.

Gainera, RIEV aldizkarian ere publikatu zituen bere idatziak Mujikak; 1907an egin zuen aurreneko ekarpenak –Euskaldun gazteriari izenburupean kaleratua–, eztabaida piztu zuen, hain zuzen ere, modu zirikatzailean idatzirik baitzegoen.

Berak barnean zeraman euskal ikerketen gaineko zaletasuna gizartean ere piztu nahi zuen eta hala, Euskalerriaren Alde elkartea jaio zen 1910ean; urtebetera berriz, Euskal Esnalea publikatzen hasi zen gehigarri moduan. Ormaiztegiarrak ere kolaboratu zuen zenbait idatzirekin, zela bere izena baliatuz, edo izengoitiak erabiliz.

Halaber, 1918an Oñatin Eusko Ikaskuntzaren sorrera bideratu zuen lehenengo kongresuan ere esku hartu zuen gipuzkoarrak eta, idazkariorde moduan ere aritu zen 1918tik 1930 urteen artean erakundean bertan.

Gregoriok bere ama hizkuntzaren alde egin zuen lan bizitza osoan zehar. Nahiz eta gaztelania ere baliatu zuen argitalpen zenbaitzuetan, euskara izan zen nagusi bere ekarpenetan. Madrilen ikasle garaian Viva los Alpes antzezlana estreinatu zuen, Variedades antzokian, 1906an; Loreak eta Ogia. Ipuia idatzi zuen 1910ean; Naitasunez erein! izeneko antzerkia ere landu zuen, eta 1917tik 1920ra bitartean euskal kulturgintzako pertsona ezagunekin elkarrizketa ugari burutu zituen eta 1962an kaleratu zen bilduma batetan.

Gazterik hil zen Ormaiztegiko euskaltzalea 1931ko uztailaren 22an, bere bizitzan ardatz nagusi izan zen Euskararen alde apustu sendoa eginaz.