Euskonews Gaztea

176 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (LIII): Pagoetan barrena

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Zestoa, Zarautz eta Aiako lurrak hartzen dituen Pagoeta natura parkea ezagutzera gonbidatzen zaitugu oraingo honetan. Arropa egokia jantzita, has gaitezen!

Ikusi, ikasi eta gozatu

Gure bisitaldian, 2860 hektarea hartzen dituen parkean barrena, gauza ugari ikusi eta ikasiko ditugu oraingo honetan. Fauna eta flora aberatsaren erakusgarri den lekua aspaldi deskubritu zuen gizakiak, eta antzinako kulturan ohikoak ziren trikuharri eta tumuluek erakusten digute hori; Arreta, Murugil, Olarteta, Saberriko haitzak, Urruztume...

Pagoeta
Argazkia: Adeve.

Geure bidean nora jo ez badakigu, Iturraran Parketxean geldialdia egin dezakegu; bertan, jakin beharreko guztiari buruzko informazioa jasoko dugu: parkearen maketa bat begiztatuko dugu, eta nahi izanez gero, gure bisitaldian nondik ibili eta zer ikus ezagutu dugu, eta gainera, ibilaldiak ere azalduko dizkigute.

Eta parkearen interpretazio zentro honetatik abiatzea aukera ona da, ondoan Pagoetako lorategi botanikoa aurkituko baitugu, eta merezi du eskaintzen dizkigunez jabetzea. Lorategi berezi honetan 1986an egin ziren aurreneko landaketak, eta urtetik urtera handituz joan da landaredia. Egun dituen 25 hektareatan bertoko espezieak aurkituko ditugu, baina baita kanpokoak ere, dagoen klima lagungarria baita. Hala, zortzi gunez osatuta dagoen lorategitik osteratxoa burutzera animatzen zaitugu: haritz bilduma; Astigar bilduma; Mimosa bilduma; Landare mediterraneoak; Zumar eta Intxaurrondoak; Mitre, gerizondo eta palmondoak; Txilar bilduma; Konifera bilduma aurkituko ditugu bisitaldian.

Pagoeta  
Argazkia: Adeve.

Eta flora aldetik egundoko harribitxia den bezala, faunari dagokionez ere aberastasun ugari gordetzen du Pagoetak bere baitan. Azeriak, lepazuriak, azkonarrak, sagu mota anitz, saguzarrak, kukuak, txolarreak, amilotxak, belatzak, birigarroak, txepetxak, txantxangorriak... eta beste makina bat animalia.

Bestaldetik, Pagoetan aspaldi baliatzen ziren elurzuloak ikusteko aukera ere eskaintzen zaio bisitariari. Hala, bai naturak bai gizakiak sorturiko zulo hauetan, neguko elurrak batu, estali eta kontserbatu ondoren erabilera anitzetarako baliatzen zuten bildutakoa. Besteen artean, Pagasoro eta Nebera izenekoak ezagutzera joan gaitezke.

Guzti honetaz gain, parke gipuzkoarrean hainbat burdinola eta errota ikusteko aukera ere zabaltzen zaigu begien aurrean, eta XVIII. mendeko Agorregiko burdinola bisitatu dezakegu. Eta eraikuntzekin jarraituta, eta Aiako auzoetan barneratuz, Laurgaingo Jauntxoaren Dorretxea (XIV–XVIII), Urdaneta auzoan Aranburu Zar (XVII) baserria zein Altzola auzoan dagoen hilerri hexagonala dira bisitatu ditzakegun eraikinetariko batzuk.

Paraje ikusgarriekin gozatzeko aukera ederra eskaintzen digu Pagoetak; bertoko zuhaitzen kolore aniztasunari esker koadro eder bateko parte garela nabarituko dugu. Lasaitasunean naturaz gozatzeko proposamen polita gaurkoa.

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com