Euskonews Gaztea

175 zbk.

Xabier Diaz
Ion Fiz
(Eibar, 1976)

Eibarren jaio eta Bilbon bizi izan da betidanik Ion. Txikitatik modak erakarrita egon da Ion Fiz eta ikasketak arlo horretatik bideratu ditu. Hala, 1995–1998 urteen artean, Modaren Euskal Eskolan ikasi zuen, eta ohorezko matrikula eman zioten ikasle onena izateagatik; Balenciaga mintegian parte hartu zuen; serigrafia ikastaro bat burutu zuen. Lanari dagokionez, 1994–1997 urteen artean Joskintzako Laguntzailea izan zen; 2001ean Ion Fiz firma sortu zuen; 2002an bere lehenengo arropa bilduma kaleratu zen. Ordutik prêt–à–porter lanak egin ditu, betaurrekoak eta bainujantziak diseinatu... Bartzelonako Institut Catalá de la Modan, Moda diseinatzaile irakaslea izan zen 2004tik 2006ra; hitzaldiak eman ditu, mintegiak eta beste. Munduko ibiltoki ezberdinetan aurkeztu ditu bere lanak: Madrilen (Cibeles), Valentzia, Mexiko, Paris, Murtzia, Bartzelona... Eta sariak ere asko izan dira, FAD saria (2002) diseinatzaile onenari; L’oreal Paris Cibeles saria bilduma onenari (2004); Prix de la Mode Marie Claire, diseinatzaile gaztearen saira (2004), Must Magazine aldizkariaren diseinatzaile onenaren saria (2010).

Elkarrizketa

Ion Fiz. (Moda diseinatzailea)
Euskaldunok beti izan gara kontserbadoreagoak janzteko orduan

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bilbon bizi da Ion Fiz, eta lantokia berriz, Sodupen (Bizkaia) dauka. Handik, mundura zabalduko dituen diseinuak prestatzen ditu, baina gainera, jendea hartzen du bere tailerrean, eta neurrira ere egiten dizkie zenbait bezerori arropak. Lanez lepo, handik hona ibiltzen da bidaiatzen, munduko tendentziei erreparatu, bere egin eta diseinuak sortzen. Batera eta bestera dabilela, gelditu eta Euskonews Gaztearen galderei erantzuteko tartetxo bat hartu eta bere lanari buruzko hizketaldia mantendu dugu.

Entzun dudanez, txikitatik gustatzen zaizu moda.

Halaxe da, oso txikia nintzela hasi nintzen gai honekiko interesa edukitzen. Oraindik umea nintzela soinekoak marraztu, moztu eta josten nituen. Berezkoa dudan zerbait dela esango nuke, familiatik datorkidan zerbait: nire amona modista handia zen. Ondorioz, nahiko erraz eman nuen Bilboko Modaren Euskal Eskolan izena emateko urratsa, eta gainera, Miriam Ocariz diseinatzailea irakasleetariko bat izan zen, hau zortea!

Beraz, suposatzen dut betiko ametsa bete duzula.

Momentuz behintzat bai! Nire lanbidea izugarri maite dut, eta azken finean, beti saiatu naiz naizena izaten, eta hori modaren bitartez lortu dut. Gainera, hoberen egiten dudana izanik, benetan pozik nago!

Amets hori betetzeko lan asko egin duzula zalantzarik ez. Errepasatuko al dugu eginiko bidea?

Ados! Bilboko eskolatik atera nintzenean, aukera eduki nuen beste profesional handi batzuentzat lan egiteko, besteen artean, Pertegaz, Bonaventure, Barroeta... Baina 2002.urtean neure sinadura zeraman aurreneko arropa–bilduma aurkeztu nuen eta Cibeles ibiltokian parte hartzen hasi nintzen.

Argazkia  
Love at first sight, Ion Fizen 2011ko udaberri-uda bilduma.

Nire kabuz nabilenetik, Bilbo eta Madril artean egiten dut lan, eta nire sormenak marka anitzetako denda nazional zein internazionaletan saltzen ditut: Dubai, Frantzia, Japon, Londres...

Norbaitentzako lan egin edota bakarrik aritzearen artean, esango nuke enpresa–egitura eta lan egiteko moduan igarri ditudala desberdintasun handienak. Noski, nire gain dagoen erantzukizuna ere bestelakoa da; pertsonaia publikoa naiz orain eta nire lanak bai bezeroek eta baita komunikabideek atsegitea funtsezkoa da.

Zure lanak diziplina anitz hartzen ditu; ibiltoki eta prêt–à–porter edota neurrira eginiko diseinuak burutzen dituzu, besteen artean.

Bai, orain arteko lanak esparru zabala hartzen du. Egunez zein gauez janzteko arropa, emaztegai–soinekoak, baita gizonentzako bildumak, edota artisau eran eginiko osagaiak...

Prêt–à–porter eta joskintzaren arteko bereizketa egiteko aldiz, arropa bakoitzak zer nolako lanketa eta artisautza maila duten hartzen dut kontuan. Badaukat bestaldetik, Serie deitzen den bigarren lan lerro gazteago eta merkeago bat. Desfileak ere egiten ditut aurretik esan bezala, eta bi urtetik behin aurkezten dut.

Halere guzti horiek badute zerbait amankomunean, hain zuzen ere, beti lanerako prozesua berdina izaten dela: sormena (idea), elaborazioa (eta salmenta eta produkzioa) eta azkenik, distribuzioa. Hau da, ideia bat edukitzen da, eta bilduma diseinatu, ehunak aukeratzen dira, koloreak, botoiak, forruak... Eta patroiak egiten dira ostean, moztu, josi, probatu eta erabiltzeko prest daude!

Eta guzti horretaz gain, artearekin ere badaukat erlazioa. Hain zuen ere, serie fotografiko bat aurkeztu dut Madrilgo Travesía Cuatro aretoan, eta bideoarte bat Oliva Arauna Galerian. Azken finean, sortu ahal izateko, ezinbestekoa dut artea.

Halere, guzti horretarako inspirazioa ere eduki beharko duzu.

Derrigor! Batzuetan bilatu beharra izaten dut –beno, ia gehienetan bilatu behar da– eta bestetan aldiz, inspirazioa ate joka agertzen zait. Halere, orain arte sortu ditudan bildumak nahikoa autobiografikoak dira, eta beraz, eguneroko baten antza dute... Nire existentziaren proiekzioa dira.

Bidaiak ere egingo dituzu ideiak lortzeko...

Halaxe da, gainera mordoa bidaiatzen dut eta inspirazioa bilatu eta nire gogoa elikatzeko balio dit. Eta bidaiatzea, opari handi bat da niretzako, ez dago horrenbeste atsegin dudan beste ezer!

Gainera ikaragarri aberasten gaitu ohikotasunetik irteteak, eta izugarri atsegin dut. Hori bai, beti daramat nirekin ideiak apuntatzeko koadernoa, nire sketchbook–a!

Eta ideia horiek gizon zein emakumeentzako arropak diseinatzeko baliatzen dituzu.

Bai. Nire bildumak horrelaxe banatzen ditut, gizonak alde batetik, eta emakumeak bestetik. Gainera, gizonezkook ongi janzteko eta moda jarraitzeko emakumeon eskubide berdina daukagu! (barre) Halere, orokorrean bientzako diseinatzea gustatzen zait, eta horren erakusgarria da, bezeroetako asko gizonak ditudala.

Ion Fiz  
Argazkia: Ion Fizek utzia.

Halere ez da gauza bera izango ibiltoki batentzako bilduma bat diseinatzen ari zarenean burutu beharreko lana, ezta?

Kontuan hartu beharreko xehetasunak askoz gehiago dira, noski. Horregatik, bilduma bat sortzen hasten naizenean, ideia edota gai horren gaineko kontzeptu globala prestatzen dut: bildumaren izenburua eta memoriaren testua.

Ondoren bilduma diseinatzen dut. Jarraian, orrazkera, makillajea, modeloen castinga, argiak, soinua, dekoratua, musika, prentsa dossierrak, modeloen jarrera... Den–dena dago zehatz planifikatuta!

Ibiltokiez ari garela, geroz eta ohikoagoa da modelo argalegiak baino, biribiltasun gehiago dituzten neskak ikustea, eta polemika bat baino gehiago sortu du erabakiak!

Modak etorri eta joan egiten dira; momentu batean biribiltasunak eramaten dira, edo modelo anbiguoagoak, edota argalagoak... Horretarako daude gustuak, ezta?

Zer bilatzen duzu zure diseinuekin?

Fiz estiloa, noski. Nire arropak janzten dituztenak oro har, oso zorrotzak izaten dira moda eta estetikari dagokienez; jantzi daitekeen eta oso pertsonala den kalitatezko eta diseinuzko produktu on bat bilatzen dute.

Neuk, edertasuna bilatzen dut edozein sortzailek moduan, noski, eta horretarako koloreak eta bolumenekin lan egiten dut.

Baina arropak ez dira berdinak izango ibiltoki baterako edo egunero janzteko sortzen dituzuenean, ezta?

Nire kasuan, ibiltokietan aurkezten dudan arropa, dendetan saltzen denaren berdina da. Bilduman denetarik egoten da, sport jantziak, egunez eta gauez janzteko arropa... Noski, bat edo beste ibiltokian soilik erakusteko izaten da, logikoa den bezala!

Eta nire sormen lan guztietan, artea, kreatibitatea eta artisautza lana aurkitzen du bezeroak, nahiz eta modu industrialago batetan egiten den zerbait egon.

Gaztea zara eta dagoeneko bide oparoa egin duzu. Halere, lortzeke daukazun zerbait dagoela esango zenuke?

Gauza mordoa! (barre). Esaterako, umeentzako arropa bildumak, perfumeak, edota taila handien arropak (46tik aurrera) diseinatzea gustatuko litzaidake, etxerako arropa... Asko daukat egiteko oraindik, eta hori da sekretua!

Euskaldunon janzteko moduari dagokionez...

Orokorrean nahiko ongi janzten da gizartea, hori bai, kostatu egin da tendentzia berriei irekitzea, azken finean beti izan baikara kontserbadoreagoak. Baina hori ba, gustua dugu!