Euskonews Gaztea

174 zbk.

Gaiak

Jose Maria Satrustegi

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskal kulturak harrapatuta bizi izan zen gaztetatik Jose Maria Satrustegi apez nafarra. Etnografia eta Antropologia gaiak ere maiz landu izan zituen.

Arruazun jaio zen Jose Maria Satrustegi Zubeldia 1930eko azaroaren 15ean familia handi batetan, hain zuzen ere, hamar lagunek osatzen zuten bere sendia. Barnean zeraman erlijio bokazioa, eta horren ondorioz, 12 urte zituenean Iruñera joan eta apaiztegian sartu zen. Garai hartan asko estudiatu zuen Satrustegi gazteak, eta beste gauza askoren artean, literatur zaletasuna ere barneratu zuen.

Madotz ingurura (Larraun) bidali zuten 1955ean, hain zuzen ere, apaiztu zen urte berean eta hilabete eta erdiko egonaldia egin zuen bertan. Ostean berriz, Luzaidera –hemen egin zituen bere aurreneko ikerlan eta artikuluak–, eta ondoren, Urdiainera; azken udalerri honetan egonaldi luzea egin zuen, 1964tik 1995era.

Jose Miel Barandiaran antropologo bikaina ere ezagutu zuen, bere maisua izan baitzen Nafarroako Unibertsitatean 1968an Euskal Hizkuntza eta Katedra sortu zenean. Apaiz lanetan ekin zion historia, hizkuntza edota ohiturak ardatz zituzten gaiak ikertu eta jorratzeari, eta gainera, horietariko asko Cuadernos de Etnología de Navarra aldizkarian publikatu zituen. Horien artean daude, Personajes singulares del folclore vasco; Lamias y sirenas a través de la simbología; Mitoa herri–kantu eta ipuinetan... Eta zenbait liburu ere kaleratu zituen etnologia eta antropologiarekin loturik: Solsticio de invierno (1974), Euskaldunen seksu bideak (1975), Etnografía navarra (1976), Mitos y creencias (1980, 1982, 1983, 1995), Antropología y lengua (1989), Sakanerri barrena (1999).

Satrustegi liburu eta dokumentuekiko zalea zen; frankismo garaian euskararen egoera latza zenean, nafarrak euskarazko testu ugari salbatu zituen sutan erretzetik. Eta horrez gainera, esan daiteke ez zuela liburuzaletasun hutsagatik egiten hori, hizkuntza bera ere maite baitzuen.

Argazkia  
Jose Maria Satrustegiren bustoa, Arruazun, Nafarroa.

Horren harira, Nafarroako euskaltzale erreferenteetako bat izan zen eta besteen artean Euskaltzaindiarekin erlazio estua eduki zuen urteetan; 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1963an berriz, euskaltzain oso. Gainera, Hizkuntza Akademiaren Nafarroako ordezkaria izan zen 1979tik 1997ra bitartean; eta lan ugari burutu zituen erakundearen baitan, Onomastika Batzordeko kidea izan zen, eta Euskal Izendegia osotu zuen, esaterako.

Zenbait aldizkariren eragilea ere izan zen Satrustegi, besteen artean, Fontes Linguae Vasconum izenekoarena; 1969ean publikatu zen aurrenekoz eta euskaltzale nafarra argitalpen kontseiluko kidea izan zen lehenengo, eta 1988tik aurrera aldiz, argitalpenaren zuzendaria. Eta beste hainbat publikazioetan ere kolaboratu zuen bere ekarpenak eginez; hala nola, RIEVen –Revista Internacional de Estudios Vascos–, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinean, Eusko Folklore urtekarian, Diario de Navarran...

Bestalde, elkarte anitz ere ezagutu zituen barrutik Jose Mariak. Aurrez aipatutako Euskaltzaindiaz gain, Buenos Aireseko Euskal Ikerketen Institutu Amerikarra erakundeko kide urgazlea izan zen. Baita Armeniako Nazioarteko Akademia Linguistikoko ohorezko kidea; Vianako Printzea Erakundeko batzordekidea... Satrustegik maiz bidaiatu zuen atzerrira, dela Belgikara, Errusiara, Amerikako Estatu Batuetara, Japoniara, Armeniara...eta toki guztietan utzi zuen bere aztarnatxoa.

Hirurogeita bost urte zituenean hartu zuen erretiroa eta, buru–belarri hasi zen idazten eta gaztarotik bildutako material etnografikoa klasifikatzen, besten artean, gordeta zituen kutunak. Zenbait hitzaldi ere eman zituen, mitologiarekin lotutakoak, esaterako.

Batez ere Nafarroan euskararen alde horrenbeste lan egin zuen gizona Iruñean hil zen 2003ko martxoaren 23an