Euskonews Gaztea

168 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Buenos Airesetik

Martha GONZÁLEZ ZALDUA
Itzulpena: Zuriñe Velez de Mendizabal

Buenos Aires hiria, Argentinan, Hegoamerikako –eta zergatik ez, munduko– lekurik interesgarrienetarikoa da.

Jatorrizko herri kolonialak kultura ezberdinen nahasketen hirirako garapena jasan zuen, nire herrialdea aberastu duten migrazio korronteen eraginez. Auzo ezberdinetan aurkituko ditugun arkitektura eta hiri–diseinuak aniztasun horren erakusgarri dira. Jarraian, horietatik garrantzitsuenen azaleko zertzelada ematen ahaleginduko gara.

San Telmo

Hiria hegoaldera hasi zen hedatzen XVII eta XVIII mendeetan zehar, eta kokalekuaren garaiera zela eta, Alto de San Pedro izeneko auzoa sortu zen. Portuko auzoa moduan ere ezaguna, 1600. urtean bertako biztanleak San Pedro Gonzalez Telmo gurtzen hasi ziren, hiriko patroi izendatu zuten orduan.

Argazkia  
La Boca.

Dorrego plazan antigoaleko objektuen feria ezaguna egiten da, baina jatorriz, portura garraiatzen zituzten fruta eta salgaientzako igarobidea zen. Gaur egun garrantzia turistiko handiko lekua da dituen harrizko kaleengatik, etxe zaharrengatik, eliza eta komentuengatik, eta bertako plaza eta pasealeku originalengatik.

La Boca

Buenos Aireseko portuaren jatorrizko kokalekua izan zen auzo hau eta bertan hiria sortu zela uste dute adituek.

Hasieran, batez ere Genovatik joandako etorkin italiarren bizitokia izan zen eta eraiki zituzten etxebizitzetan koloreek formek baino garrantzia handiago eduki zuten. Bertako kalerik ezagunena Caminito da, artisau eta kaleko artisten elkargunea.

Palermo

San Benito de Palermoren irudi bat gurtzen zuen otoiztegi batetik datorkio izena auzo honi. Bertako baso, lorategi, laku eta pasealekuek Buenos Aireseko birika berde handiena bilakatzen dute.

Gai astronomikoen zabalkunde eta erakusketen zentroa den Planetarioa ere auzo honetan dago kokatuta; baita Landa Elkartea –besteen artean, Liburu Azoka antolatzen dute–, Zoologikoa, Lorategi Botanikoa, eta erosketak zein jatea atsegin duenarentzako denda eta jatetxe piloa ere.

Argazkia  
Recoleta.

Recoleta

Fraile errekoletoak 1708an etxalde edo chacra zahar batetan Pilarreko Amaren eliza eraikitzen hasi ziren, jabeek helburu horretarako utzi baitzuten tokia dohaintzan. Eraikin eder koloniala da, eta zilarrez eginiko aldarea dauka barnealdean.

Chacra sakabanatuak zituen zonalde hau, jauregitxo eta luxuzko etxeen auzunea bihurtu da, eta etxadi gutxiren eremu barruan museo eta kultur gune ugari, plaza, feria, taberna eta lehen mailako jatetxeak daude. Batez ere daukan hilerriagatik da ezagun tokia, baina interes turistiko eta historiko ugari dituen lekua da.

Retiro

Diotenez, ermitau baten aterpea izan zen XVI. mendean; San Sebastianen omenez eraiki zuen ermita, eta hortik datorkio izena. Egia esateko, Bueno Aireseko auzo preziatuena da.

San Martin plaza, hotel ezagun eta komertzio etxeez inguratuta dagoen berdegune bat da. Cancilleria edota Circulo Militar moduko jauregiak ageri dira, ordu gorietan sortzen den zalapartarekin kontrastea egiten dutenak; hain zuzen ere, hiru tren geltoki eta autobus linea ugari baitaude bertan.

Belgrano

Oraindik ere antzinako etxetzar dotore garrantzitsuak ikus daitezke bertan. Haiekin batera, bulego eraikuntza modernoak eta komertzio etxeak.

Belgranon Buenos Aireseko tradizio eta historiaz jabetu gaitezke bertako monumentu, museo, liburutegi eta plazei esker.

  Argazkia
Puerto Madero.

Puerto Madero

Buenos Aireseko auzorik modernoena da. Eduardo Madero ingeniariaren proiektu bati jarraiki eraiki zen hiriko zonalde zaharrenetariko batetan. Asmoa, espazio hau berreskuratzea izan zen; 1990ean berreraikitze lanak hasi zituzten.

Unibertsitate katolikoa, etxebizitza modernoak eta hotel prestigiotsuak ditu auzoak. Hiria eta ibaia bateratzea da Puerto Maderoren helburua; lehoi koloredun ibaia, nire herrian bizimodu berri baten bila zebiltzan guztiei ongietorria egin zien ibaia.

Baina Buenos Aires, auzoak baino zerbait gehiago da. Bertako jendea, zarata eta isiltasuna, udako bero hezea eta neguko giro hotz lainotsua, etorbide handiak eta kale ezkutuak.

Ezagutzea, berriz bueltatu nahi izatea da.

‹‹Testua, jatorrizko hizkuntzan ikusi››
Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com